giep_proyectos

Proiektuak

EBALUAZIO PSIKOLOGIKORAKO TRESNAK EUSKARARA EGOKITZEA ETA HORIEN ESTANDARIZAZIOA

Ikasleen mailaz mailako euskalduntze-prozesua zalantzarik gabe politika-, gizarte- eta hezkuntza-lorpena izan da. Horri esker, euskara hizkuntza-normalizaziorako hizkuntza gisa erabiltzen da haur eta gazteen artean. Ebaluazio psikologikoari dagokionez, esfortzu horri ez zaio modu berean erantzun, hainbat arrazoiengatik: 1) profesionalek testen itzulpenaren gainean ados jartzeko dituzten zailtasunak; 2) ebaluazio-tresnen estandarizazioak eta horien etengabeko azterketak eragiten duen kostu ekonomikoa; eta 3) egokitzapenak eta estandarizazioak sortzen dituzten kostuak eta mozkinak errentagarri egiteko tresnen aukeraketa egokia.

Lehenengo ikerketa-ildoa ebaluazio psikologikoko tresnak euskarara egokitzea, estandarizatzea eta horien analisi psikometrikoa egitea da, nortasun sozio-emozionaleko 2 aldagai garrantzitsu neurtzeko: "giza gatazkak konpontzeko gaitasuna" eta "enpatiarako gaitasuna". Lanaren helburua haurtzaroan eta nerabezaroan aldagai horiek neurtzeko bi tresnak euskal herritarrentzako moldatzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeentzako baremo egokiak lantzeko.

Lehenengo ikerketa-ildoaren tipifikazio eredua 1.000 parte-hartzailek osatuko dute; adin-talde bakoitzeko 100 parte-hartzaile (6-7, 7-8, 8-9, 9-10, 10-11, 11-12, 12-13, 13-14, 14-15, 15-16). Probak 6 eta 16 urte bitartekoei egingo zaizkie, hau da, lehen hezkuntzako 6 mailetako ikasleei eta bigarren hezkuntzako 4 mailetako ikasleei.

Aukeratutako 4 tresnak honako hauek dira:

  • EAC. Escala de actitudes acerca del conflicto. The Student Attitudes About Conflict Scale (Jenkins eta Smith, 1987). Haurtzaroan gatazka positiboak konpontzeko gaitasuna ebaluatzen du. Jenkins, J., eta Smith, M. (1987). Mediation in the schools: Program evaluation report 1986-87. Albuquerque, NM: Center for Dispute Resolution.
  • CONFLICTALK. Cuestionario de estilos de mensaje en el manejo del conflicto (Kimsey eta Fuller, 2003). Nerabeek gatazkei aurre egiteko duten estiloa esploratzen du: arazoarekiko, besteekiko eta norberarekiko aurre egiteko estiloa. Kimsey, W.D., eta Fuller, R.M. (2003). Conflictalk: An instrument for measuring youth and adolescent conflict management message styles. Conflict Resolution Quarterly, 21(1), 69-78.
  • CEE. Cuestionario de evaluación de la empatía (Mehrabian eta Epstein, 1972). Haurrek beste gizaki batzuen egoera emozionalen aurrean enpatiarako duten gaitasuna ebaluatzen du. Mehrabian, A., eta Epstein, N. (1972). A measure of emocional empathy. Journal of Personality, 40(4), 525-543.
  • EE. Escala de activación empática para adolescentes (Bryant, 1982). Enpatiarako gaitasuna ebaluatzen du. Bryant, B. (1982). An Index of Empathy for Children and Adolescents. Child Development, 53, 413-425.

BAKE-HEZKUNTZARAKO ESKU-HARTZE SOZIOEMOZIONALEKO BI PROGRAMEN EFEKTUEN EBALUAZIOA

Indarkeriaren inguruan egituratutako mundu batean, bakearen balioa gizateriaren ardura nagusietako bat bilakatzen da. Bake-hezkuntza erabakigarria da pentsamenduaren, balioen eta (ondorioz) munduaren transformaziorako. Garatutako azterketek indarkeria gutxiagotzeko garrantzia nabarmentzeaz gain, bake "positibo" bat sustatzen dute. Horrek bakearen esanahiari buruzko kontzientzia handiagoa edukitzea eta gatazkak konpontzeko estrategia egokiak erabiltzea eskatzen du. "Bake positiboa" zera da, justizia eta berdintasuna elkarbizitzaren oinarritzat hartuta norberak eta gizarteak harmonia-egoera egokia edukitzea. Nahiak, askatasunak eta giza eskubideak urratu edo arriskuan jar ditzaketen indarkeria guztiak deuseztatzean datza.

Bigarren ikerketa-ildoa esku-hartze sozioemozionaleko bi programen efektuak ebaluatzean datza. Programa horiek elkarbizitzarako hezkuntza, giza eskubideekiko errespetua eta bakea sustatzen dituzte. Hain zuzen ere, bi programen inpaktua aztertzen da, nola garapen sozialari dagokionez, hala garapen afektibo-emozionalari dagokionez. Programetako bat Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago (7-11 urte), eta beste programa, berriz, 4. DBHn dauden nerabeei zuzenduta dago (15-16 urte), hau da, Bigarren Hezkuntzako azkeneko mailakoei zuzenduta.

Bi programak garapen sozioemozionalerako, bake-hezkuntzarako eta indarkeriazko portaerei aurrea hartzeko proposamen batean sartzen dira. Hipotesi orokor gisa, zera planteatzen da, bi esku-hartze programek positiboki eragingo diotela bertan parte hartzen duten haurren eta nerabeen nortasunaren garapenari; era berean, horiengan garapen sozioemozionalarekin lotutako faktoreen hazkunde bat sustatuko da, autokontzeptua/autoestimua hobetuko da, enpatiarako gaitasuna handituko da, arazoak era konstruktiboan konpontzeko gaitasuna areagotuko da eta gizarte-portaera negatiboak murriztuko dira.

Lehen Hezkuntzako haurrentzako programaren ebaluazioan, lagina Lehen Hezkuntzako bigarren mailako eta hirugarren mailako 92 parte-hartzailek osatzen dute; 6 taldetan banatuta edo Gipuzkoan aleatorioki hautatutako 2 ikastetxeri dagozkien ikasgeletan banatuta. Hain zuzen ere: bigarren mailako 44 parte-hartzaile (3 ikasgela) eta hirugarreneko 48 (3 ikasgela). Horietatik 46 gizonezkoak dira eta beste 46 emakumezkoak. Lagin osotik 62 aleatorioki izendatzen dira esperimenturako eta programan parte hartzeko (bigarren mailako 2 talde eta hirugarreneko beste 2 talde), eta beste 30ek kontrol izaera dute (bigarren mailako talde 1 eta hirugarren mailako talde 1).

Nerabeei zuzendutako programaren ebaluazioan, lagina Bigarren Hezkuntzako 4. mailako 285 nerabek osatzen dute, 6 ikastetxetako 16 taldetan banatuta. 163 ikaslek esperimentu izaera izango dute (9 talde) eta 122 ikaslek, berriz, kontrol izaera (7 talde). Lagina Euskal Autonomia Erkidegoan modu erakusgarrian aukeratutako 6 ikastetxek osatzen dute: Bizkaiko 3k, Gipuzkoako 2k eta Arabako 1ek. Lagina osatzen duten 285 parte-hartzailetatik 153 gizonezkoak dira (%53,7) eta 132 emakumezkoak (%46,3).

Programetako ebaluazio-azterketek ikerketa esperimentaleko metodologia bat erabiltzen dute, hain zuzen, kontrol-taldeekin aurre-testean eta test-ondokoan errepikatzen diren neurien diseinu bat. Bi programen ebaluazioak informatzaile anitzekoak (haurrak, irakasleak, gurasoak) eta teknika anitzekoak (galdeketak, eskalak, teknika proiektatzaileak, teknika subjektiboak...) dira.