Eduki publikatzailea

Elika*/Aliment*

Lehenengo argitaratze data: 2014/10/13

Bizkaiko Campuseko Bibliotekak, Leioan, elikadurari buruzko liburu-erakusketa erakutsiko du urrian zehar.

Urriko azken astelehena azoka egun handia da Gernikan. Eta egun horren inguruan, besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpena, tokiko merkataritza, oparotasuna, tradizioa, folklorea eta bizitzeko moduak barne hartzen dituen egitura eraiki da.  Horrez gain, urriaren 16an Elikaduraren Mundu Eguna ospatzen da, "Mundua elikatu, planeta zaindu" lelopean; hala, mundu mailako arretak familia nekazaritzari begiratuko dio, betebehar garrantzitsua baitu gosea eta pobrezia desagerrarazteko, elikadura segurtasuna eta nutrizioa hobetzea lortzeko, bizi baliabideak hobetzeko, baliabide naturalak ordenatzeko, ingurumena babesteko eta garapen iraunkorra lortzeko, bereziki landa eremuetan.


Alde batetik, bizi garen mundu honetan, zenbait aurrerapen teknologikori esker, duela hamarkada batzuk pentsaezina zen oparotasuna lortu da elikagaien ekoizpenean.  Aurrerapenak kualitatiboak ere izan dira, ikerkuntza bioteknologikoaren ondorioz; horren haritik, elikagai funtzionalak sortu dira, esaterako. Irauteko elikaduratik gastronomiaren gaineko interesera igaro gara. Ordainetan, "mundu aberatsekoak" diren zenbait gaixotasun eta trastorno ugaritzen ari direla ikusten dugu, eta horrek, halaber, hainbat gairen gaineko interesa piztea eragin du, tartean, dietetika, nutrizioa, segurtasuna elikagaiak ekoitzi eta prozesatzeko prozesuan, elikagai ekologikoak, jaten ditugun produktuen trazabilitatea, etab.


Bestetik, populazioaren zati handi bat pobretuta eta gosetuta dago, nekazaritzako elikagaien industria monopolistaren eta elikadura produktuekin espekulatzen duen merkatu globalaren mende dagoena gero eta gehiago; horien kontrako ahotsak ere gailendu dira, elikadura burujabetza eta bidezko merkataritza aldarrikatuz.


Beste gai askorekin gertatzen den bezala, elikadurari ere ikuspuntu askotatik begiratu diezaiokegu: kultura, gastronomia, osasuna, teknologia, merkataritza, politika. Eta ikuspuntu horietatik azterketa eta eztabaida zentratu. Helburu horrekin eskaintzen dizue Bizkaiko Campuseko Liburutegiak, Leioan, "Elika*/Aliment*" liburu-erakusketa berri hau.

On egin!