Glosario de diversidad sexual y de género

Sexu eta genero dibertsitateko terminoen glosarioa

Glosario honen bidez, sexu eta genero dibertsitatearen inguruko zenbait termino azaldu eta ezagutzera eman gura ditugu. Ez daukagu asmo zientifikorik.

  • ANDROGINIA: gizarteak maskulinotzat jotzen dituen ezaugarri fisikoak nahiz femeninotzat jotzen dituen ezaugarri fisikoak nahasian izatea. Halako itxura duen pertsonari androginoa esaten zaio.

  • EZ-BINARIO / GENERO EZ-BINARIO / IDENTITATE EZ-BINARIO: genero binarismotik kanpoko pertsona eta identitateak dira. Pertsona horiek ez dute beren burua ez guztiz maskulinotzat ez guztiz femeninotzat jotzen; gerta daiteke hirugarren genero batekin identifikatzea, inongo generorekin ez identifikatzea edo genero batzuen artean mugitzea. Identitate ez-binarioak identitate trans edo queer-en multzoan kokatu ohi dira (batzuetan "genderqueer" bezala identifikatzen dira), baina pertsona ez-binario batzuk ez dira inongo kategoriarekin identifikatzen. Identitate, adierazpen edo portaera ez-binarioak ere askotarikoak dira: ageneroak, bigeneroak, genero fluidoak, neutroak, likidoak, ez-normatiboak etab.

  • GENERO: ezaugarri kulturalen multzoa, jokabide eta identitate patroiei buruzkoa, zeinetan oinarritzen den gizonen eta emakumeen arteko bereizketa soziala. Generoa ez da ez finkoa ez berezkoa, eraikuntza soziokultural bat baizik, denboran zehar aldatuz joan dena eta aldatu egin daitekeena. Ez da sexuarekin nahastu behar, sexuak ezaugarri biologiko edo fisikoei egiten baitie erreferentzia. Gizartean genero maskulinoa sexu arrari lotzen bazaio ere, eta genero femeninoa, berriz, sexu emeari, kontzeptuok ez dira baliokideak.

  • GENERO ADIERAZPEN: nork bere generoa adierazteko modua, emakumeei eta gizonei tradizioan egotzi zaizkien rolak kontuan hartuta. Zerikusia du geure burua adierazteko erarekin, gure janzkerarekin eta gizarteak gugandik espero duen portaerarekin. Genero adierazpena izan daiteke femeninoa, maskulinoa edo, bi horien nahasketa bada, androginoa.

  • (GENERO) BINARISMO: eraikuntza sozial bat, pertsonen anatomia, zereginak, jokabideak eta emozioak banatzen dituena elkar baztertzen duten bi generotan: maskulinoa eta femeninoa.

  • GENERO IDENTITATE: pertsona bakoitzak bere buruaz duen pertzepzioa, hau da, bakoitza zein generorekin identifikatzen den. Normalean oso gaztetatik identifikatzen gara generoren batekin. Genero identitateak ez du zertan bat etorri pertsonaren sexu biologikoarekin, eta ez dauka zerikusirik orientazio afektibo eta sexualarekin. Identitate batzuk sistema binariotik harago doaz, eta, beraz, beste kategoria batzuk sortzen dira: bigeneroa, demigeneroa, ageneroa, genero fluidoa etab. Horiek guztiak ez-binarioak dira.

  • INTERSEXUAL: pertsona batzuek jaiotzez dituzten ezaugarri sexualak ez datoz bat gizonen eta emakumeen ugaltze edo sexu anatomiaren estandar tradizionalekin. Pertsona horiek intersexualak dira.

  • LGTB / LGTBI / LGTBI+: LGTB akronimoak kolektibo hauek biltzen ditu: lesbianak, gayak, transak eta bisexualak. Terminoa modu inklusiboan erabili ohi da, bestelako sexu/genero adierazpenak eta identitateak biltzeko. Askotan sigla gehiago eransten zaizkio, adibidez I (intersexualak), Q (queer-ak) edo A (asexualak). Maiz "+" ikurra (gehi edo plus) eransten zaio, "eta beste" adierazteko, sexu orientazio eta identitateen dibertsitate osoa islatuta gera dadin.

  • QUEER: termino konplexua da, adiera bat baino gehiago dituena, eta zaila da definitzen. Ingelesezkoa da, eta jatorriz "arraroa, bitxia, arauz kanpokoa edo okerra" esan gura zuen, eta jende homosexualari irain egiteko erabiltzen zen. Beste termino batzuekin gertatu denez, hala nola "maritxu" edo "bollera" hitzekin, ekintzaileek bereganatu egin dute terminoa, esanahi berria eman eta aldarrikapenerako tresna bihurtu dute.

  • SEXU IDENTITATE: sexualitateari lotutako ezaugarriek definitzen dute, eta norberaren identitatearen parte da. Batzuetan "genero identitatearen" sinonimo moduan erabiltzen da, baina sexu identitatea kontzeptu zabalagoa da, eta beste osagai batzuk ere hartzen ditu bere baitan: genero identitatea bera, sexu biologikoa, sexu orientazioa, sexu adierazpena eta portaera sexuala.

  • SEXU ORIENTAZIOA / ORIENTAZIO SEXUAL-AFEKTIBOA / ORIENTAZIO AFEKTIBO-SEXUALA: pertsona batek beste pertsona batzuenganako erakarpen afektibo, erotiko eta sexuala sentitzeko joera. Orientazioa sexu identitatearen osagaietako bat da. Orientazioa heterosexuala da baldin eta sexu/genero desberdinekoengana bada, homosexuala da sexu/genero berekoenganakoa bada eta bisexuala da bateko nahiz bestekoenganakoa bada. Eredu binariotik ateratzen diren beste kategoria batzuk ere badaude: pansexuala, omnisexuala, polisexuala, etab.

  • TRANS*: genero identitatearen kategorietako bat da. Pertsona transen genero identitatea ez dator bat jaio zirenean beren ezaugarri biologikoengatik esleitu zieten sexuarekin. Trans* komunitatearen barruan badira trantsizio hormonala egiten duten pertsonak, badira sexuaren berresleipen partziala edo osoa egiten dutenak eta badira genero adierazpena bakarrik aldatzen dutenak. Era berean, pertsona ez-binario batzuek beren burua trans bezala definitzen dute, zeren, genero jakin batekin identifikatzen ez direnez, beren generoa ez baitator bat jaiotzez esleitu zieten sexuarekin. Trans izateak ez dauka zerikusirik orientazio sexual eta afektiboarekin. Hau da, pertsona trans bat gaya, lesbiana, bisexuala, heterosexuala edo asexuala izan daiteke.

  • ZIS/ZISEXUAL/ZISGENERO: jaiotzean bere ezaugarri biologikoen arabera ezarri zioten generokoa sentitzen den pertsona. Bestela esanda, pertsona horien kasuan genero identitate eta adierazpena eta sexu biologikoa bat datoz. Kontrako kasua adierazten dute trans, transexual eta transgenero terminoek.