Adjektiboa

Atal luze honetan adjektiboak zer diren azalduko dugu. Ikus ditzagun ondoko adibide hauek:

  • Mirenek umea agurtu du
  • Umeak Miren agurtu du

NESKA EDERRA DA ANGELINA JOLIEBi adibide horietan baditugu bi sintagma, errepikatzen ditugunak: Miren eta umea. Biak izenak dira (izen sintagma osatzen dute), bat izen berezia, eta izen arrunta bestea. Baina funtzio sintaktiko desberdinak dituzte perpaus bauetan eta bestean: lehenbiziko adibidean, Miren izen sintagma subjektua da, eta bigarrenean, aldiz, osagarri zuzena. Beste izen sintagmarekin, umea alegia, alderantziz gertatzen da.

Adibide horiek jarri ditugu, beraz, bi kontzeptu desberdin bereizteko: gramatika kategoriak, eta sintaxi funtzioak. Esan daiteke granmatika kategoriak kutxen gisakoak direla, eta hitzen mota edo klasearen berri ematen digutela: hitz batzuk aditzak dira (ikusi, etorri, hartu, oroitu), beste batzuk izenak (Miren, ume, kutxa, oroimen), beste batzuk adjektiboak (handi, txiki, bilbotar, sendo), beste batzuk adberbioak (bihar, etzi, herenegun, eta abar. Kategoriei dagokienez, zenbaitetan hitzak kategoriaz aldatzen dira euskaraz aski erraz:

  • urrun bizi da
  • gizon dotorea da

Berehala konturatzen gara urrun adberbioa dela, eta dotore, aldiz, adjektiboa. Eta, segur aski ere, hola sailkatuko genituzke hiztegi batean. Baina begira orain zer gertatzen den ondoko adibide hauetan:

  • jendaki urruna dut hori
  • Patxi aski dotore etorri da

BRAHMS BIZARDUNA ZENHor alderantziz gertatzen da: urrun adjektiboa dugu, eta dotore adberbioa. Ez da hau holako aldaketak aztertzeko tokia, baina bai aipatzeko euskarak erakusten duen aldaketa horien berri emateko. Jo dezagun, dena den, hitzak taldeka sailkatzen ditugula, eta bakoitzari dagokion kategoria esleitzen diogula, alde batera utzirik oraingoz kategoria aldaketa hauen kontua.

Atal honetan adjektiboa izeneko kategorian sailkatzen ditugun hitzez ariko gara. Ikus ditzagun adibide hauek:

  • etxe politak garestiak izaten dira
  • etxe hori polita da
  • oso gizon lasaia da
  • txakur txiki-txiki bat hurbildu zitzaigun
  • erreka hau beste hura baino handiagoa da
  • bizardun jendea ez dut gogoko

BADIRA HERRI POLITAK EUSKAL HERRIAN. ARIZKUNAdibide batzuk jarri nahi izan ditugu erakusteko kategoria bakarrekoak izanik ere, adjektiboak aski testuinguru desberdinetan agertzen direla.

Batzuetan izenarekin batera ageri dira, bestelako “apaingarririk” gabe:

  • etxe polita
  • gizon lasaia
  • bizardun jendea

Beste batzuetan nolabaiteko mailakatzea onartzen dute:

  • txakur txiki-txikia
  • etxe handiagoa
  • ume potologoa
  • lana egintxe dago

Beste batzuetan predikatuak dira, aditz kopulatibo batekin lotuak aditzari:

  • etxe hura ederra da
  • ibai hau zabala da

Zenbaitetan adjektibo kalifikatzaileak dira:

  • liburu astuna
  • kale estua

Beste batzuetan ajektibo erlazionalak dira:

  • bilbotar jendea
  • kategoria gramatikala

Atal honetan, hortaz, puntu hauek guztiak aztertuko ditugu.

 
egilea: Pello Salaburu
Recent changes RSS feed Donate Powered by PHP Valid XHTML 1.0 Valid CSS Driven by DokuWiki