Determinatzaileen inguruko zalantza batzuk
nahiko lan / nahikoa lana / nahikoa lan
| Galdera |
|---|
| Nola esan behar da, nahiko ala nahikoa: nahiko lan ala nahikoa lan? |
Erantzuna:
Biak erabil daitezke, nahiko eta nahikoa. Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuan esaten den bezala (1993, 139 or.), nahikotasuna adierazteko, besteak beste, bi hauek erabil daitezke, “biak aski berriak, orain dela ehun eta hogei bat urtetik honakoak. Orobat nahiko gehixeago erabiltzen da, antza denez, eta nahikoa sortaldekoa da batez ere”.
Auzi horri buruzko argibide gehiago Orotariko Euskal Hiztegian edo Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian aurkitu daiteke.
hau mutilau
| Galdera |
|---|
| Bizkaierazko molde hau onartzen al da euskara batuan? hau mutilau; honek mutilak esan du; hauek mutil guztiak; honek gizon guztiok |
Erantzuna:
Gai honen inguruan dagoen araudi bakarra Euskaltzaindiaren 4. arauan jasotzen da, hau guz(t)ia-ri dagokion arauan. Besteak beste, han esaten da hau guz(t)iau eta hori guz(t)iori oso bidezkoak direla, baina ez ordea *gizonau modukoak.
Gatozen kasuak banan bana aztertzera:
- hau mutilau…: Ez dago erabakita horrela idatz daitekeen.
- honek mutilak esan du…: Ez dago ezer erabakita, baina goikoaren egitura berari buruz ari bagara, izatekotan honek mutilonek behar luke.
- hauek mutil guztiak…: Mutil hauek guztiak erabili behar dela esaten da 4. arauan.
- honek gizon guztiok…: Gizon hauek guztiak egitura dago onartuta. Honek forma ez dago onartua euskara batuan pluraleko erabileretarako; lehen graduko erakuslearen ergatibo singularrari bakarrik dagokio euskara batuko erabileran.