Alboko-barra

morf:5:20:8:3:1

Baldintza perpaus jokatugabe motak

Menderagailuaren arabera, hainbeste baldintza perpaus jokatugabe eratzen ahal dira euskaraz, ondoko eskema honetan ikusten ahal gisan. Gehien batean, menderagailu horiek partizipioari itsasten zaizkio, beste batzuetan aditz izenari, eta kasuren batean bakarrik aditzoinari ere, baina azkeneko honen erabilera aise mugatuagoa da:

Menderagailuak
-TUZ GERO
-TU EZIK
-TU EZEAN
-TZEKOTAN
-TZEKOTZ
-TZEZ GERO
-TZERA(T)
-TUENEAN
ZER + aditzoina + ERE

-TUZ GERO

Menderagailu honekin baldintzazko perpausak eta denborazkoak osatu ohi dira. Partizipioari -z atzizki instrumentala eransten zaio eta ondoren gero postposizioa jarri. Iparraldean eta hegoaldean, ordea, forma hau ezberdin erabili da tradizio idatzian: Iparraldeko tradizioan -tuz gero nagusitu da; hegoaldean, berriz, -z atzizkia partizipiotik askatu eta gero postposizioari lotuta erabiltzen da, ezkero forma osatuta, alegia. E bokala beti agertzen da hasieran eta batzuetan gero adberbioa ez da bakarrik ageri eta atzizkiak eransten zaizkio, berehala ikusiko dugunez.

  • Kirol gehiago eginez gero, sasoian egonen zinateke.
  • Dirua eduki ezkero, aurki erosiko nuke etxe bat.

Iparraldeko -tuz gero forma denborazkoa da gehienetan; hegoaldeko ezkero, berriz, denborazko adierarekin zabaldu zen hasieran baina egun baldintzazkoa da ugariagoa. Hala ere, zenbaitetan denborazkoa eta baldintzazkoa oso hurbil egoten dira, eta zail gertatzen da hor bereizketak egitea:

  • Korrika eginez gero ura edan behar da.

Ura edan

Adibide horrek bi adiera izan ditzake: korrika egiten bada (baldintzazkoa) ura edatea komeni dela, edo korrika egin ondoren (denborazkoa) ura edatea komeni dela.

Hala ere, -tuz gero eta -tu ezkero aldaera guztiak –ikus berehala– kontuan hartzen badira, ugariagoa da denborazko adiera baldintzazkoa baino. Nolanahi ere, esan bezala, biekin erabiltzen ditugu.

Gero adberbioari atzizkiak erantsiz beste aldaera batzuk sortzen dira: -tuz geroz, -tuz geroztik… Bestetik, ezkero adberbioarekin ere sortzen dira halakoak: ezkeroz, ezkeroztik, ezketino, ezkeroan, ezkerok… Instrumentaleko atzizkiaren aurretik artikulua jarriz ere sortzen dira aldaerak, baina bide hau ez da horren erabilia: -tuaz gero forma duten adibideek denbora adiera dute eta azkero erabiliz baldintzazko adibide bakan batzuk baino ez daude.

  • Orrela dan azkero, goazen guztiok batera. ( Lazarraga)
  • Oneinbat gatx ire kausaz etorri dan azkero, zegaiti ezton lotsarik berba oriek esaten gure aurrean? (Lazarraga)
  • Doktrinea iakin askero esan dana legez.

Zernahi gisaz, -tuz gero eta bere aldaerek baldintza eta denbora adierazten dute batez ere, esan dugu hori (inoiz kausa ere bai). Denborazko adieran ezin da ezezko perpausik aurkitu. Baldintzazko perpausetan ere, -tuz gero menderagailua baiezko perpausetan erabili da euskalki eta garai guztietan. Euskarak beste menderagailu batzuk erabiltzen ditu aditz jokatugabeekin ezezko perpausetan baldintza adierazteko: -tu ezik, -tu ezean… Hala ere badira zenbait salbuespen:

  • Hautsak gehiago ez harrotu ezkero, laster konponduko genuen arazoa.

Dena den, esan bezala, -tuz gero baiezko perpausetan erabili da nagusiki eta hainbeste adibide aurki daitezke denbora balioarekin:

  • Julen espetxean sartu ezkero ez dugu elkar ikusi.
  • Entzundakoak entzun eta gero, ikasitakoak ikasiz gero, ez da horren zaila izango azterketa gainditzea.

Bigarren adibidean mendeko bi perpaus daude elkarren segidan eta biek dute denbora balioa. Perpaus nagusiak gertakari burutu bat adierazten duenean, mendeko perpauseko aditzak denbora-une bat seinalatzen duenean, mendeko perpausean behin eta antzeko adberbioak azaltzen direnean errazago adierazten da denbora adiera.

Hala ere, baldintza adierazten duten adibideak ere badira, azken bi mendeetako Hegoaldeko testuetan batez ere. Adibide hauetan, esaterako, -tu ezkero forma duen perpausa eta aditz jokatua duen baldintzazkoa elkarrekin doaz (Bi adibide hauetan baldintza bat baino gehiago ageri da: aditz jokatuarekin bat, eta -tu ezkero erabiliz bestea):

  • Ahal izan ezkero, aukerarik badago, hobe da egunean eguneko ogia jatea.
  • Behar balitz, agindutako lana gogorregia gertatu ezkero, nik neuk lagunduko dizut amaitzen.

Beste batzuetan, ordea, ez da erraza autoreak zer adiera eman nahi dion asmatzea, baldintzazko eta denborazko perpausek antzeko eginkizuna izaten dutelako perpaus nagusian: mintzagai izaten dira eta perpaus nagusia mintzagai horri buruzko iruzkina izaten da. Adiera ere oso hurbilekoa izan dezakete:

  • Nekatuta geratzen naizenean, laguntza eskatuko dizut. Nekatuta
  • Nekatuta geratuz gero (=geratzen banaiz), laguntza eskatuko dizut.

Lehenengoak denbora-une bat seinalatzen du; bigarrengoak, berriz, egoera bat. Dena den, eguneroko jardunean ohikoa da biak nahastea, denbora nahiz baldintza adieraz ditzakeen -TUZ GERO menderagailua erabili bada:

  • Nahi al duzu nik amaitzea lana?
  • Ez, nekatuta geratuz gero, laguntza eskatuko dizut.

Erantzun horrek denbora nahiz baldintza adieraz ditzake, eta gauza bera gertatzen da aldiberekotasun estua dagoenean ere. Hurbiltasun hori dela medio, zalantza izango dugu adiera bat edo bestea den erabakitzeko.

  • Hotz eginez gero, zuhaitzak lehortu egiten dira.

Denbora eta baldintza balioez gain, -tuz gero menderagailua daraman perpausak ere lokailua hartzen badu, kontzesio adiera izaten du:

  • Lasai, zuri ahaztuz gero ere, gogoratuko naiz ni.

-TUZ GERO duten perpausak ondore perpausaren aurretik nahiz atzetik joan daitezke. Mintzagai izateko joera dutenez, aurretik sarriago joaten dira.

  • Utzi ezkero, haurrak berehala jango lituzke goxoki guztiak.
  • Irakasleak ikasleak gelatik botatzeko eskumena du, horretarako beharra egon ezkero.

Hala ere, -TUZ GERO duten perpausak galdegai ere izan daitezke. Adibidez, bakarrik aditzondoa duenean ondoren:

  • Udal-zinegotzi guztien onirizpena lortuz gero bakarrik aterako dira aurrera bi mozioak.
  • * Udal-zinegotzi guztien onirizpena lortuz gero bakarrik, bi mozioak aurrera aterako dira.

Lehenengo adibidean, bakarrik aditzondoaren aurretik doan baldintza perpausa galdegaia da. Horregatik, bigarren adibidean beste osagai bat jarri dugunean galdegai gisa, adibidea ez da zuzena. Adierari dagokionez, baldintzadun perpausen p → q eskema hartzen badugu erreferentziatzat, horrelakoetan ez dugu esan nahi soilik p betetzea (onirizpena lortzea) nahikoa dela q gauzatzeko (bi mozioak aurrera ateratzea); esaten da p betetzea dela aukera bakarra q lortzeko: baldintza askikoa eta ezinbestekoa.

Baldintzazko perpausari dagokionez, aditza + -TUZ GERO multzoa mendekoaren amaieran agertu ohi da gehienetan, baina atzetik beste elementu batzuk ere eraman ditzake. Tradizioan aukera hori erabili izan da, batez ere, baldintzazko perpaus horren mendean beste perpaus batzuk daudenean, aditz horren mendeko osagarriak luzeak edo asko direnean baina baita atal laburragoekin ere.

  • Aitak lortuz gero semea arrastoan sartzea, ama pozarren egongo litzateke. Mendi-lasterketa
  • Maddik irabaziz gero lasterketa hori egindako entrenamenduen ordain ona izango litzateke.

Arestian esan dugunez, aditz jokatua duten baldintzazko perpausetan bi sail nagusi daude aditz laguntzailearen tenpusari edo aldiari dagokionez: baldintza erreala (-alegialdia) eta baldintza irreala (+alegialdia). Bereizketa formal horrek lotura zuzena du baldintzazko perpausak adierazten duen hipotesiaren gertakortasunarekin; eta horrez gain, aditz nagusiak hartzen duen aspektu-markaren arabera ere aldeak badira baldintzazkoen adieran, hizkera batetik besterako desberdintasunekin.

Aditz jokatugabea duten baldintzazko perpausetan, ordea, ez da agertzen informazio morfologiko hori: ez dago aditz laguntzailerik, eta -z gero marka beti partizipio burutuaren ondoren dator (etxea salduz gero…). Hala ere, baldintzazko jokatugabearen bidez baldintza erreala eta irreala biak adieraz daitezke, eta ondore perpausak laguntzen digu askotan interpretatzen:

  • Etxea salduz gero, diru asko izango duzu. (erreala)
  • Etxea salduz gero, diru asko izango zenuke. (irreala)
  • Etxea salduz gero, diru asko izango zenuen.

Hala ere, baldintza-ondore komunztadura ez da beti jarraitzen eta halakoetan testuingurura jo behar da. Izan ere, baliteke zenbait perpausa bi eratara ulertzea:

  • Nik pozik lagunduko nizun, zuk hala eskatuz gero.

Adibide horren adierak bi izan daitezke: zuk eskatu izan bazenit edo zuk eskatzen bazenit.

  • Zenbait liburu, nahi izanez gero, irakurrerrazak izan litezke, eta nahi izanez gero, irakurzailak.

Beste adibide horretan, baldintza-ondore komunztadura hertsiari jarraituz, lehenengo ondore perpauseko aditzak baldintza errealaren adiera izango luke; bigarrenekoak, berriz, baldintza irrealarena; baina ez dirudi gertagarritasunari dagokionez alderik dagoenik.

Beraz, aditz jokatugabeko baldintzazkoek adierazten duten hipotesiaren anbiguotasun hori kontuan hartuta, aspektu-balioari dagokionez -tuz gero perpausek nolako erabilera duten aztertuko dugu: baldintza errealaren eta irrealaren adieretan.

Baldintza errealaren adierarekin, -tuz gero perpausen bidez oraindik hasi gabe dauden egoerak, gertakariak edo gertakari-segidak aipatu ohi dira, baita ekintza errepikatuak eta balio generikoa edo gnomikoa izanik denborazko kokapen zehatzik ez dutenak ere.

  • Joan den astean adina entrenatuz gero, asteon ere hobetuko dituzu denborak. (gertakari-segida)
  • Egunero entrenatuz gero, gorputza osasuntsu izatea lortzen da. (ekintza errepikatua)
  • Elurra eginez gero, mendiak zuritzen dira. (denboran kokapen zehatzik gabekoa) Aizkorri elurtuta

Tradizioan adibide asko daude, eta ondore perpauseko aditza ere era askotakoa izan daiteke. Orainaldiko adierarekin -ten eta -go aspektu-markak ageri dira ondore perpausean; baita -tu ohi ere. Beste batzuetan aditzaren forma trinkoa hartzen dute edo (+ahal) ezaugarria:

  • Zuri berdin izango zaizu jatetxe hartan jan edo hemen jan, sabela ondo betez gero. (-go)
  • Mendian, inor gose edo egarri bada, edukiz gero, beti ematen diogu jana edo edaria. (-ten)
  • Maite duzun norbaiti min eginez gero, haserretu egin ohi da. (-tu ohi)
  • Elurte txarrenak uzta hondatzen badu ere, landatutakoaren arrastorik gelditzen bada, berriz ere uzta dator. (trinkoa)
  • Gaixotasuna garaiz antzemanez gero, berehala senda lezake sendagileak gaixoa. (+ahal)

Lehenaldiko adierarekin ere berdin:

  • Maddik esan zidan, nik baino azkarrago amaituz gero, lagunduko zidala idazlana amaitzen. (-go)
  • Ane kezkatuta zegoen, piper egin eta irakasleak eskolan ikusiz gero, ikasgaia gaindituko ez zuen uste osoan. (-go)
  • Realak gol bat sartuz gero, Anoetan poz oihuak besterik ez ziren entzuten. (-ten)
  • Ur nahasietan murgilduz gero, piragua irauli egiten zela esan zien begiraleak ikasleei. (-ten)
  • Garai batean, neskak mutil bati dantzarako ezetz esanez gero, beste mutil batengana zegoela uste zen. (trinkoa)
  • Guk uste genuen edateari utziz gero, sendatuta geundela. (trinkoa)
  • Amona beldurrez zihoan oinez, euria ari zuen eta lurrera eroriz gero min har zezakeen. (+ahal)

Beraz, -TUZ GERO erako baldintza-perpaus gehienek geroari buruzko baldintzak adierazten dituzte edo balio generikoa dute eta ez dute denbora zehatzik adierazten edo aldiberekotasun errepikatua dute. Hori horrela, eta aspektu-balio ezberdinez ari garela, -TUZ GERO motako baldintza-perpausek ezin dute ekintza/egoera buruturik adierazi, ezta unean bertan gertatzen ari denik ere.

Euria

  • Euria eginez gero, ez gara mendira joango. (#Euria egin badu…)
  • Zu garaiz etorriz gero, kafea hartzera joango gara. (#Zu garaiz etorri bazara…)

Bi adibide horietan ezin dugu parentesi artekoa adierazi, perpausaren interpretazioa ezin da burua izan. -TUZ GERO duten baldintza-perpausekin ezin dugu ekintza buruturik adierazi. Bi baldintza-perpaus horiek modu jokatuan emateko, aspektu-marka burutugabea erabili beharko genuke eta etorkizuneko adiera izango lukete.

  • Euria eginez gero, ez gara mendira joango. (=Euria egiten badu…)
  • Zu garaiz etorriz gero, kafea hartzera joango gara. (=Zu garaiz etortzen bazara…)

Ildo beretik, adiera burutua lortzeko aldaketak egiten hasten garenean (bart adberbioa erantsiz, esaterako), perpaus okerrak sortzen dira:

  • * Bart euria eginez gero, ez gara mendira joango.

Aditz jokatuarekin, ordea, ez dago arazorik adiera burutuak emateko:

  • Bart euria egin badu, ez gara mendira joango.
  • Zu garaiz etorri bazara, kafea hartzera joango gara.

Hizketan ari garen unean hasita dauden egoera eta gertakarien inguruko aspektu-balioa da zuzena ez dena. Hauek, esaterako, ezin dira -TUZ GERO erabiliz eman:

  • Une honetan amaitu baduzu azterketa, burua bero-bero izango duzu. (#Une honetan amaituz gero azterketa…)
  • Egun lo asko egiten badu, gerora ez du gutxiago egingo. (#…eginez gero…)

Hala ere, bi interpretazio horiek (egoera/gertakari burutuak eta hizketan ari garen unean hasitak) zuzenak ez badira ere, baldintza-perpaus jokatuek ez dirudi benetako hipotesirik agertzen dutenik: edo aurretik proposizio horien egiazkotasuna ezaguna dugu eta horregatik inferentzia modukoak adierazteko erabiltzen dira; edo baldintza ez da protasiak adierazten duena, protasiak dioena egia izatea baizik, eta egia bada, adierazi nahi da ondore perpausa badagokiola protasi horri. “Bart euria egin duela egia gertatzen bada” edo “azterketa amaitu duzula egia gertatzen bada”, era horretan, mendeko proposizioak dioena burutua edo hasia izan arren, hipotesia bera geroan jartzen dugu aditz jokatuekin ere.

Bestalde, horrelako interpretazioek eragiten duten inferentzia moduko erabilera dela eta, -TUZ GERO markaren bidez ezin dira eman zenbait erabilera:

  • Zu bertsolaria bazara, ni futbolari. (#Zu bertsolaria izanez gero, ni futbolari)

Inferentzia horiek baieztapenak adierazten dituzte baina -tuz gero formaren bidez balio hipotetikoagoa ematen denez, ez da adiera berbera azaltzen. Azkenik, geroaldiko baldintza-perpausetan, aditz jokatuekin BA- aditz-aurrizkia izan arren, geroaldiko aspektu-marka zutenak ez ditugu baldintzazkoen artean aztertu, helburuzkoen artean baizik, balio horretatik gertuago daudelako. -TUZ GERO formarekin, ordea, ezin da halakorik adierazi:

  • Gaindituko badugu, gogor ikasi behar. (#Gaindituz gero, gogor ikasi behar)

Horrelakoak era jokatugabean emateko, aditz-izena oinarri hartzen duten marketara jo behar da: jatekotan, jatekotz, jatez gero…

Baldintza irrealaz ari garenean, baldintza-perpaus jokatuetan alegialdiko aditza daramaten adibideak biltzen dira. Horrelakoetan hiztunak adierazten du ez dagoela aukera handirik baldintza-perpausean esaten dena gertatzeko, edo iraganeko baldintza bada ez dela gauzatu (kontrafaktuala):

  • Azterketa orduz kanpo amaituko banu, ez lidakete ontzat emango.
  • Azterketa orduz kanpo amaitu banu, ez zidaten ontzat emango. (kontrafaktuala)

-TUZ GERO marka baldintza erreala adierazteko erabiltzen da gehienetan baina baldintza irreala adierazten duten adibideak ere badaude. Halakoen bidez, hizketan gauden unean hastekoak diren egoerak adierazten dira gehienetan, baina baita hasita egon arren burutuak ez diren egoerak eta gertakari segidak ere:

  • Bihar lanetik goiz irtenez gero, zinemara joan ahal izango ginateke. (hasteko dagoen egoera)   Zinema
  • Indar handiagoa izanez gero, oraintxe bertan egingo nuke lasterketa hori. (egoera burutugabea)
  • Asteburuetan jai izanez gero, lagunekin egoteko aukera izango nuke. (gertakari segida)

Geroari begira, gertagarritasun gutxiko hipotesia adierazten dute adibideok:

  • Asmatzen hasiz gero, nik ere asmatuko nituzke ipuin batzuk.
  • Gustuko jantzia izanez gero, ez nioke prezioari begiratu ere egingo.

Burututa dauden gertakariei buruzko baldintza adierazten duten adibideak ere badaude, kontrafaktualak, alegia. Bete ezin diren baldintzak:

  • Nik ere gurasoei kaso egin eta gazterik hasiz gero lanean, daukadana baino diru gehiago izango nuen orain.
  • Hark esandakoa entzunez gero, zuk ere sinetsiko zenuen gaixoa sendatuko zuela.

-TU EZIK

Partizipioari EZIK erantsita, ezezko mendeko perpausak osatzen dira mendebaldeko hizkeretan, eta gehienetan baldintza balioa izaten dute:

Armintza, Lemoiz

  • Atariko probetan saiatu ezik, ez dugu gaindituko azken azterketa.
  • Haserraldietan hitzak ondo neurtu ezik, nahigabe ere min eman daiteke.
  • Eguraldia hobetu ezik, ezingo gara hondartzara joan.

Adibide horiek honela emango genituzke aditz jokatua erabiliz: saiatzen ez bagara, neurtzen ez baditugu, hobetzen ez bada…

Adierari dagokionez, -TU EZIK duten perpausetan baldintza erreala, irreala eta salbuespena adieraz litezke:

  • Zigortu ezik, ikasleek ez dute zuzen jokatzen ikasiko. (erreala, zigortzen ez badira)
  • Bertso-saioa irabazi ezik, oso zail izango genuke finalera pasatzea. (irreala, irabaziko ez bagenu)
  • Egunero joaten naiz lanera, larunbatetan izan ezik. (salbuespena, larunbatetan ez beste egun guztietan)

-TU EZIK moldearekin baldintza erreala adierazten dugunean, aspektu-balioei dagokienez -TUZ GERO moldearekin bezala, gehienetan hasi gabe dauden gertakariak aipatzen ditugu, edo balio generikoa dutenak, hau da, denbora zehatzik gabeak:

  • Gehiago ikasi ezik, ez duzu azterketa gaindituko. (hasi gabeko gertakaria)
  • Eguzkia irten ezik, zuhaitzak ez dira loratzen. (generikoa)

-TU EZIK ezin da erabili gertakari burutuak adierazteko, hasitako gertakariak baldintza modura emateko edo geroaldiko aspektu-marka duten baldintzazkoen ordain gisa:

Orkidea

  • Elurrak bidea zuritu ez badu, oinez joango gara aterpetxeraino. (#Elurrak bidea zuritu ezik, oinez joango gara aterpetxeraino) (gertakari burutua)
  • Orain nekatuta ez bazaude, goazen korrika egitera. (#Orain nekatuta egon ezik, goazen korrika egitera) (hasitako gertakaria)
  • Landarea hilko ez bazaizu, ur gehiago bota beharko diozu. (#Landarea hil ezik, ur gehiago bota beharko diozu) (geroaldiko baldintza)

-TU EZIK moldeak baldintza irrealaren adiera duenean, ohiko aukera guztiak aurkituko ditugu ondore perpauseko aditzean:

  • Oso eguraldi ona egin ezik, ez gara joango hondartzara asteburuan.
  • Herri hartan, gauza guztiak alkateak agindu bezala egin ezik, iskanbila sortzen zen udal bileretan.

-TUZ GERO moldearekin bezala, -TU EZIK moldearekin ere aspektu-balio hauek adieraz litezke:

  • Asko ikasi ezik, ez nuen azterketa gaindituko. (ekintza burutua)
  • Liburua idazten garaiz hasi ezik, ez duzu urte honetan amaituko. (ekintza hasi gabea)
  • Astegunetan goiz oheratu ezik, goizetan asko kostatzen da jaikitzea. (ekintza errepikatua)
  • Urik edan ezik, hil egingo ginateke. (generikoa)

EZIK partikula izan aditzaren ondoren agertzen da askotan, aurretik sintagma bakar bat duela, eta perpaus nagusian esandakoaren salbuespena adierazteko. Zenbaitetan IZAN isilean uzten da baina gehienetan IZAN EZIK osorik ageri da eta horixe aukeratu da euskara baturako ere. Halakoetan, perpaus nagusia ezezkoa izaten da askotan, eta kuantifikazioa adierazten duen elementuren bat egoten da (inor, ezer, guzti, beste, oro, dena…):

  • Mendian gora gindoazela ez zen ezer entzuten, ardien txintxarri hotsa izan ezik.
  • Egun jakin batzuetan izan ezik, Pello ez zen ia inoiz elizara joaten.
  • Maddi izan ezik, gainerako haurrak ez ziren konturatu Errege magoak herriko zenbait gizon zirela.

IZAN EZIK formaren ezkerrean doan sintagmak dagokion atzizkia hartu ohi du. Salbuespena ergatiboarekin egiten da batzuetan, IZAN EZIK formaren aurreko sintagma absolutiboan egoten baita, ondokoa ergatiboan joan arren.

  • Ekitaldian denek egin zuten oihu pozez, zu izan ezik.

Bestalde, Euskaltzaindiak Izen Sintagma + IZAN EZIK forma osoa onartu du euskara baturako, eta beraz ez du ontzat ematen EZIK forma soilik. Ikus Euskaltzaindiaren 16. araua.

  • *Zuk ezik gainerako denek erosi dituzte gaur gaztainak.
  • Zuk izan ezik gainerako denek erosi dituzte gaur gaztainak.

-TU EZEAN

Partizipioari EZEAN erantsita ere ezezko baldintza-perpausak osatzen dira, baina egitura honek aurrekoek biano tradizio laburragoa du:

  • Garaiz esnatu ezean, zaila da goiza ondo aprobetxatzea.
  • Sokatiran, denok batera tira egin ezean, zaila da arerioei irabaztea.

Adibide horiek aditz jokatua erabiliz eman litezke:

  • Garaiz esnatzen ez bagara, zaila da goiza ondo aprobetxatzea.
  • Sokatiran, denok batera tira egiten ez badugu, zaila da arerioei irabaztea.

Adierari dagokionez, -TU EZEAN forma duten perpausek baldintza irreala eta erreala biak adieraz ditzakete, eta ondore perpauseko aditzerako ohiko aukerak dituzte: Praileaitz

  • Praileaitzeko aztarnak geologoek ikertu eta zaindu ezean, desagertu egingo ziren. (irreala)
  • Koadrilako bazkarietan ondo pasa genezake guztiok elkarrekin, neurriz edan eta gehiegi aztoratu ezean. (erreala)
  • Geure buruarekin bakeak egin ezean, ez gara inoiz zoriontsu izango. (erreala)

Adiera erreala duten adibideetan hasi gabe dauden gertakariak edo generikoak, denboran kokapen zehatzik ez dutenak, aipatzen dira gehienetan:

  • Lotsa kendu ezean, ez zara antzezle ona izango. (hasi gabe)
  • Ureztatu ezean, landareak hil egiten dira. (generikoa)

-TU EZEAN, ordea, ezin da erabili gertakari burutuak dituzten baldintza-perpausak adierazteko, ezta hasita dauden gertakariak baldintza modura edo geroaldiko aspektu-marken ordain modura ere:

  • Autobideak elurtuta ez badaude, autoz eta autobidez joango gara. (#Autobideak elurtuta egon ezean, autoz autoz eta autobidez joango gara).
  • Une honetan zereginik ez badaukazu, zatoz etxera eta hemen afalduko dugu. (#Une honetan zereginik eduki ezean, zatoz etxera eta hemen afalduko dugu).
  • Egongelako lurra hondatuko ez bada, itoginak konpondu beharko ditugu. (#Egongelako lurra hondatu ezean, itoginak konpondu beharko ditugu).

-TU EZIK menderagailuarekin bezala, -TU EZEAN duten perpausekin ere salbuespena adierazten da, izan aditzari erantsita. Aizkorri

  • Margarita txiki horiek izan ezean, nik ez det beste lorerik ezagutzen.
  • Arazoei aurre egiten ez badiezu, ez duzu ezer lortuko, tristezia eta zoritxarra izan ezean.

Partitiboan doan osagai bakar batekin ere sarri joaten da, eta halakoetan izan aditzik gabe ere ager daiteke. Gabezia bat adierazteko erabiltzen da askotan, baldintzazko edo moduzko modura:

  • Besterik ezean, platano hau jango dut.
  • Nik Alpeetara joan nahi nuke oporretan, baina hoberik ezean, Aizkorrira igota konformatuko naiz.
  • Lagunek beste planik egiteko deitu ezean, gaur gauean zinemara joango naiz.

-TZEKOTAN

Aditz-izenarekin osatutako -TZEKO formari inesiboko marka eransten zaio (mugagabeko -TA morfemarekin), isilean izen bat balego bezala, eta zirkunstantziaren bat adierazten da. Balio batean baino gehiagotan ager daitezke: helburuzkoak, baldintzazkoak, moduzkoak…

Baldintzazko balioa duten adibideak:

  • Inora joatekotan, oporretan mendira joango gara.
  • Norbait goraipatzekotan, gure irakasleak egindako lana goraipatuko nuke denen gainetik.
  • Liburua utziko dizut, baina laster itzultzekotan.
  • Pozik ez bizitzekotan, hobe da harremana uztea.

Adibide horiek ezin dira -TUZ GERO markarekin eman, ezta ezezkoak -TU EZIK edo -TU EZEAN markaren bidez ere. -TZEKOTAN daramaten perpausen balioa ez dator guztiz bat horienarekin. Hipotesi kutsua du nolabait eta beraz, ezin dira burututako egoerak azaldu, ezta unean gertatzen ari direnak, errepikapena adierazten dutenak edo generikoak (nagusiaren eta mendekoaren arteko aldiberekotasuna adierazten dutenak) ere.

Uholdeak

  • Ibaiak gainezka egin badu, ez gara etxetik aterako. (#Ibaiak gainezka egitekotan, ez gara etxetik aterako.)
  • Egiten ari garen ariketa hau ondo ikasten baduzu, gero zuk zeuk bakarrik egin ahal izango duzu etxean. (#Egiten ari garen ariketa hau ondo ikastekotan, gero zuk zeuk bakarrik egin ahal izango duzu etxean.)
  • Korrika egunero entrenatzen bada, azkenean nahi duen marka egitea lortuko du. (#Korrika egunero entrenatzekotan, azkenean nahi duen marka lortuko du.)
  • Bero asko egiten duenean, loreak zimeldu egiten dira (#Bero asko egitekotan, loreak zimeldu egiten dira.)

Baldintzazkoa bera etorkizunera begira dagoenean ere gertatzen da -TZEKOTAN ezin erabiltzea:

  • Bihar zure alderdikoek gure proposamena onartuko balute, guztion artean batasun handiagoa lortuko genuke herrian. (#Bihar zure alderdikoek gure proposamena onartzekotan, guztion artean batasun handiagoa lortuko genuke herrian.)

-TZEKOTAN daraman perpausean aipatzen dena ez da ondore perpausa baino lehenago gertatzen edo ez da ondore perpausa zuzenean eragiten duen kausa. Horregatik, honelako perpausak ez dira zuzenak:

  • *Etxean zerbait apurtzekotan, jabeari esatea komeni da.

Adibidea pixka bat aldatuta, ordea, perpaus zuzenak osa litezke:

  • Etxean zerbait egitekotan, jabeari esatea komeni da.

Azken adibide horretan, baldintzazko perpausean borondatea adierazten da eta helburu kutsua ere badu: etxean lanen bat egin aurretik, etxean lanen bat egin ahal izateko, aurretik zer egitea komeni den azaltzen da. Horrenbestez, -TZEKOTAN perpausek -TUZ GERO perpausek baino erabilera-esparru murritzagoa dute. Hauek dira -TZEKOTAN perpausek izan ohi dituzten balioak: helburuzkoa, etorkizuneko baldintza, etorkizuneko zirkunstantzia, errepikapena, hizpidea emateko, IZATEKOTAN, -TZEKOTAN ERE, eta -TUZ GERO-ren baliokidea.

Helburuzkoen mugan

-TZEKOTAN duten perpausek helburu balioa izaten dute batzuetan.

  • Zapatila berriak erostekotan naiz.
  • Azukre askodun jakiek kalte egiten diote erditzekotan dagoen emakumeari.

Horrelakoak helburuzkoen atalean jaso ditugu, baina ondorengo hauek gertuago daude baldintzazko perpausetatik:

  • Ama izatekotan, segurtasun osoa izan behar duzu izan nahi duzula.
  • Bakerik izatekotan, alderdi guztiek ados jarri behar dute.

Bi adibide horiek BA-rekin ere eman litezke: ama izango bazara, bakerik izango baduzu… Hala ere, perpaus jokatuen atalean helburuzkoen artean jaso ditugu halakoak, eta sarri ondore perpausean behar, nahi, nahitaez… agertzen dela aipatu dugu. Izan ere, baldintza perpausetan, mendeko perpausak kausa bat adierazten du askotan, eta horrek ondorio bat eragiten du, ondore perpausean agertzen dena: p→q. Goiko adibideetan, ordea, egoera edo gertakari bat hipotesi gisa aurkezten da (p) eta gertakari hori bete ahal izateko, nahitaezkoa da perpaus nagusian aipatzen dena betetzea (q): p gertatzeko nahitaezkoa da q gertatzea. Horrenbestez, ama izateko, erabat seguru egon behar dugula esaten da lehen adibidean. Bigarrengoan berriz, bakea lortzeko, alderdi guztiek ados jarri behar dutela nahitaez.

Txakurra jaten

Beraz, helburuzkoen artean bereizi egiten dira bi adibide-multzo horiek: -TZEKOTAN daramaten perpausetan, mendeko azaltzen den helburua lortzeko, perpaus nagusian jartzen dena egiten da, eta askotan borondatea ere adierazten du; bigarren multzoko perpausetan, ordea, helburua lortzeko ezinbestekoa da perpaus nagusian adierazten dena egitea, erlazioa estuagoa da.

Perpaus nagusiaren eta mendekoaren arteko erlazio hori dela eta, bigarren multzoko adibideak baldintzazko eta helburuzko perpausen mugan daude. -TZEKOTAN marka duten asko izaten dira halakoak, eta ezin dira -TUZ GERO markaren bidez eman:

  • Txakurra gosez ez hiltzekotan, bi egunetik behin eman behar diozu gutxienez jatekoa.
  • Politikariek gizartearen beharrei erantzun nahi izatekotan, lehenik eta behin herritarren eskaerei entzun behar diete.

Horietan esan nahi da -TZEKOTAN perpausean adierazten dena betetzeko ezinbestekoa dela perpaus nagusian agertzen dena betetzea.

Baldintza urruna, etorkizunekoa

Beste perpaus batzuetan, hipotesia edo baldintza urrundu egiten da, etorkizunean jarriz. Aurreko atalekoen antza dute baina nahitaezkotasunak ez du horrenbeste indar: X gauzatu/gertatu behar bada… edo -tzeko asmo/behar/nahi/baldintza adierazten dela dirudi, eta hauek ere ezin dira -TUZ GERO formaren bidez eman: Alex Txikon

  • Gaztetxea gazteen esku gelditzekotan, onena udal ordezkariekin hitz egitea izango dugu.
  • Base-jauziaz euskaraz hitz egitekotan, ez zegoen Alex Txikon baino hoberik gure inguruan.

Gaztetxea gazteen esku gelditzekoa bada, onena norekin hitz egitea den azaltzen da lehenengo adibidean; bigarrengoan, berriz, ez zegoela Txikon baino hoberik inguruan base-jauziaz euskaraz hitz egiteko.

Etorkizuneko zirkunstantzia

Adibide hauetan ere etorkizuneko baldintza adierazten da:

  • Inori ez esatekotan, kontatuko dizut zer gertatu zen bart gaueko parrandan.
  • Etxea utziko dizut, baina garbi eta bihar itzultzekotan.

Ekintza nagusia betetzeko, geroan bete beharreko baldintza bat jartzen da, baina ez dago baldintzaren eta perpaus nagusiaren arteko lotura logikorik. Lotura ez da bi perpausen esanahiaren bidez egiten, hiztuna da baldintza ezartzen duena. Are gehiago, baldintzazko perpausean ez da kausa adierazten, zirkunstantzia murriztaile bat baizik. Zirkunstantzia hori betetzen bada, perpaus nagusian adierazitakoa beteko da. Ordenari dagokionez ere, baldintzazkoa perpaus nagusiaren ondoren joaten da askotan (baina juntagailua ere jar liteke tartean), hiztunaren eranskin modura, mintzagai-izaera argirik gabe:

  • Utziko dizut zerbait esaten hitzaldi amaieran, baina emanaldia den bitartean isilik egotekotan.
  • Ikasleak irakasleari esan zion garaiz amaituko zuela lana, gero ikasgaia gainditzekotan.

Errepikapena, korrelaxio lexikoa

Zenbaitetan aditza errepikatu egiten da perpaus nagusian eta mendekoan: baldintza nagusi bat azaltzen da mendeko -TZEKOTAN perpausean, ondore perpauseko galdegaia bideratzeko (kuantifikazioa ere sarri jasotzen da). Ondoren, perpaus nagusian, ondore perpausean, baldintza hori betetzeko esparrua murrizten eta zehazten da. Zehaztasunak edo zuzenketak egiteko ere erabiltzen dira.

  • Inori kontatzekotan, arazo bat badut nahiago dut zuri kontatzea.
  • Euskaraz galdetu eta gaztelaniaz erantzuten badizu dendari batek, ez erantzun, eta erantzutekotan euskaraz egizu.

Gertakari burutuei buruz ere aritu gaitezke, baina egiaztatu gabeko baldintza bezala agertzen dira:

  • Atzo korrika egitekotan, ez zuen asko egingo, herenegun lasterketa izan zuen eta.

Hizpidea emateko, proposizioa bideratzeko

Anboto

-TZEKOTAN perpausetan hizpidea emateko erabiltzen diren perpausak ere badaude: halakoetan aipatzen den baldintza ez dago proposizioaren edukiari lotuta, proposizio hori enuntziatzeko arrazoi gisa ematen da, enuntziatzeari bide ematen dion baldintza da:

  • Euskal Herriko mendi ezagunenen zerrenda bat egitekotan, ezin ahaztu Anboto.
  • Egia aitortzekotan, hobe istripu hartan hasiera-hasieratik zer gertatu den kontatzea.

IZATEKOTAN

-TZEKOTAN izan aditzari lotuta, esapide adberbial modura, izatekotan perpaus osoa modalizatzeko ere erabiltzen da:

  • Izatekotan, amak esango zion gauzak horrela egiteko, ez beste inork.
  • Izatekotan, zigarro txikia erreko zuela esan zigun, ez pururik.

-TZEKOTAN ERE

Baldintza perpausen sarrerak esan dugu ERE lokailua eranstean kontzesio balioa hartzen dutela perpausek. -TZEKOTAN atzizkiarekin, ordea, baldintza adiera da ohikoena:

  • Triatloian hasi nahi baduzu, hastekotan ere, has zaitez triatloi labur batekin, eta gerora joango zara distantzia luzeagoak probatzen.
  • Kazetarien lana da, izatekotan ere, gertakariak objektibotasunez eta gertatu diren bezala kontatzea.

-TUZ GERO moldearen baliokidea

Orain arte jaso ditugun adibideak ezin dira baldintzazko -TUZ GERO menderagailuaren bidez eman. Baina batzuetan, -TZEKOTAN perpausek -TUZ GERO menderagailutik gertuago dauden erabilerak izaten dituzte:

  • Udaltzainak jarritako isunari buruz azalpen gehiago nahi izatekotan, Udaltzaingora deitu.
  • Gaur ostirala da eta ez da inor etorriko aterpetxera, eta etortzekotan, arratsaldean etorriko litzateke, ez goizean.

Bi perpaus horiek eman litezke -TUZ GERO erabiliz: nahi izanez gero, etorriz gero… Halakoetan askotan erabiltzen dira nahi izan eta behar izan bezalakoak eta ez da egoten loturarik denbora deiktikoarekin. Oro har, -TZEKOTAN erabiltzen denean, hipotesia urrundu egiten da.

-TZEKOTZ

-TZEKOTAN Hegoaldean erabiltzen da batez ere; -TZEKOTZ (-TZEKOZ), berriz, Iparraldean. Baldintzazko adibide ugari daude:

Zuberoako dantzak

  • Igandeko lasterketaren ibilbidean aldaketarik egitekotz, partaide guztiei aurrez eman behar zaie abisu.
  • Zuberoako dantzak behar bezala dantzatzekotz, edalontzia bete ardo jarri beharko duzue lurrean.

Perpaus horiek mendeko perpaus jokatuarekin emango bagenitu, honela joango lirateke: aldaketaren bat egingo bazenu, dantzak behar bezala dantzatu nahi badituzue…

Erabilerari dagokionez, -TZEKOTAN formarekin bezala, -TZEKOTZ formarekin etorkizunari begira dauden baldintzak adierazten dira gehienetan. Baldintza urrunduz bezala, modalizazio kutsuarekin:

  • Orain arte bezala jarraitzekotz, utzi egingo dut eskalada-taldea.
  • Orain ikasitakoak gero ahaztekotz, ez du merezi asko saiatzea.

Orain arte bezala jarraitu behar badugu, orain ikastikoak gero ahaztuko baditugu… Adibide guztietan mendeko perpauseko baldintza etorkizunean jartzen da, edo asmoa/nahia/beharra/kasua ulertu behar da.

Bestalde, adibide askotan aditzaren nolabaiteko errepikapena edo korrelazioa ere agertzen da:

  • Inon partidarik jokatzekotz, etxean jokatuko nuke gusturen.

Adibide horretan jokatu aditza bitan agertzen da: mendeko perpausean eta perpaus nagusian. Eta mendeko perpausean azaldutako baldintza orokorra betetzeko esparrua ondore perpausean zehazten da.

-TZEKOTAN formarekin bezala, izan aditzari lotuta, beste elementurik gabe, IZATEKOTZ forma perpaus osoa modalizatzeko erabil daiteke:

  • Ezerk ez zuen Markel haserretzen; izatekotz, bere lagun min bati min egiteak amorratzen zuen.

ERE lokailua erantsita, baldintzazko adiera hartzen du -TZEKOZ formak:

  • Zuk sartu duzu hanka esan duzuna esanez, beraz, haserrekotz ere, zeure buruarekin haserretu behar duzu.

-TZEKOTZ eta -TZEKOTAN moldeek antzeko erabilera dute. Hala ere, Lafittek ezberdintasun bat aipatu zuen: -TZEKOTZ formarekin ez da etorkizuneko zirkunstantziarik ematen, eta Iparraldeko autoreek -TZEKOTAN erabiltzen dutela adiera horretarako ere:

  • Zuk pagatzekotan hartuko dut baso bat ardo.

-TZEZ GERO

Tradizioan ez daude adibide asko forma honekin. Aditz-izenaren gainean eraikia denez, -TZEKOTAN/-TZEKOTZ menderagailua dutenen pareko erabilera dute:

  • Argi zegoen inork lasterketa irabaztea lortzez gero, Iñigok lortuko zuela.
  • Bihar goizean elurretara joatez gero, gaur gauean dena prest utzi behar dugu.

Formari dagokionez, -TZE EZKERO eta -TZE EZKEROZ dira erabilienak. Hala ere, -TZE EZKEROTAN eta -TZERA EZKERO ere erabiltzen dira:

  • Ezkontzarako ideia gehiago nahi izate ezkero, sartu modan dauden blogetan.
  • Izen euskaldunagoak nahi izate ezkero, begiratu Euskaltzaindiaren Ponte izendegia.

-TZERA(T)

Aditz-izenari adlatiboko marka erantsiz perpaus osagarriak eratzen dira normalean, baina baldintzazko perpausak ere osa daitezke. Forma honek bi aldaera ditu: -TZERA hegoaldean eta -TZERAT iparraldean. Baldintzazko adiera dutenean, tartean pausa bat izaten dute:

  • Amak bizilagunaren etxera bidali zintuen laguntzarik behar zuen jakitera.
  • Amak bizilagunaren etxera bidaliko zintuen, laguntza behar zuela jakitera.

Lehenengo adibidean letra etzanez dagoena perpaus osagarria da; bigarrengoan, aldiz, baldintza balioa du: laguntza behar zuela jakin izan balu. Hala ere, bide hau ez da asko erabiltzen baldintzazkoak sortzeko. Egoera-aditz batzuekin azaltzen da bereziki: izan, jakin, egon…

  • Diru gehiago izatera, auto hobea erosiko nuke.
  • Lasterketa irabazi zuela jakitera, posterra sinatzeko eskatuko nion.

Kutsadura

Aditz jokatuarekin honela emango genituzke horiek: diru gehiago izango banu, lasterketa irabazi zuela jakin izan banu… Beste hauekin ere antzera:

  • Berak ez nahi izaterat, neuk egingo dut hitzaldiaren aurkezpena.
  • Haren lekuan egoterat, oso urduri jarriko nintzen, horrenbeste jende niri begira edukita.
  • Horrenbeste kutsatzen zuela jakin izatera, ez zuen produktu hori sekula erabiliko.

Adibide gehienek aspektu burutuaren balioa dute, eta iraganera begira daude. Gertatu ez zen baldintza bat ematen da -TZERA(T) perpausen bidez. Batzuetan, burututasuna nabarmentzeko, jakin aditzaren ondoren izan eransten da, goiko hirugarren adibidean bezala: jakin izatera. Hala ere, badira etorkizunera begira dauden adibideak ere:

  • Saldu nahi izatera, prezio onean jarri beharko duzu autoa. (saldu nahi baduzu)
  • Zer egingo duzu azkenean lasterketan zu zeu bakarrik izatera? (zu bakarrik baldin bazara)

-TUENEAN

Partizipio burutuari -ENEAN erantsiz baldintzazko perpausak lor daitezke. Hala ere, ez da oso ohikoa. izan aditzarekin agetzen da gehienetan, izatekotan esapidearen balioarekin:

  • Inor izanenean, harri-jasotzaile hori izango zen herri kiroletako apustu gehienen jomuga.

Baldintza indartzeko, ERE lokailua ere eransten zaio batzuetan:

  • Etxera inor etorrienean ere, komeni da oinarrizko zenbait jaki izatea.
  • Euria eginenean ere, hartu aterkia.

Adiera hau dute horiek: etxera inor etortzen bada, euria egiten badu, badaezpada ere…

ZER + aditzoina + ERE

Orain arteko moldeak aditz-partizipioaren eta aditz-izenaren gainean eraikitakoak ziren. Beste honek, ordea, aditzoina du oinarri:

  • Soldaduek lubakian babestu zituzten haurrak, gauean zernahi gerta ere.
  • Zer hel ere, han dauka bere poltsa, txukun-txukun prestatuta.

Esapide egina da, gertakizun-aditzekin erabiltzen da eta orobatasunaz gain, badaezpadakotasuna ere adierazten du:

  • Zer gerta ere, prest egon behar dugu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza perpaus jokatugabe motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3