Baldintza perpausak
Baldintzazko perpaus jokatuak eta jokatugabeak
Baldintza perpausak jokatuak nahiz jokatugabeak izan daitezke:
- Txapelketa irabazten baduzu, garaikur bat emango dizute
- Txapelketa irabaziz gero, garaikur bat emango dizute
Lehenbizikoa jokatua da, eta jokatugabea bigarrena. Ondoko artikuluetan baldintza jokatuak aztertuko dira lehenik, eta gero jokatugabeak. Hemen datozen ohar gehienak baldintza jokatuei dagozkie, erraz ikusten den gisan.
Kausa eta ondorioa gramatikan
Kausez eta ondorioez mintzatu ohi gara maiz gramatikazko zenbait azalpen emateko orduan. Kausa/ondorio erlazio hori mota askotako perpausetan ikusten dugu: kausazkoetan, ondoriozkoetan, helburuzkoetan… baita baldintzazko direnetan ere. Har dezagun honako perpaus hau:
- 1) Ardoa edan du eta mozkortu egin da.
Perpaus honetan ardoa edan izana da mozkortzearen kausa. Eta mozkortzea, jakina, ardoa edan izanaren ondorioa. Erlazio horren berri modu batean baino gehiagotan eman daiteke. Formularik neutroena, hain zuzen, (1)ekoa bera da, alegia, juntadura soila baliatuz ematen duguna. Baina mendeko perpausen bidez ere eman daiteke erlazio hori berori, bai perpaus kausal gisa, bai ondoriozko gisa, baita baldintzazko gisa ere. Denen azpian, nolabait, kausa/ondorio erlazio hori aurki daiteke:
- 2) a. [Ardoa edan duelako] mozkortu da txoferra. (kausa)
- b. Hainbeste ardo edan du [non mozkortu egin den]. (ondorioa)
Baldintza perpausak eta kausa-ondorio erlazioa
Erlazio berean oinarrituta sortzen dira baldintza egitura deitzen ditugunak ere. Hauetan, kausazkoetan bezala, benetako kausa litzatekeena bihurtzen dugu baldintza perpaus, mendeko alegia, eta ondorioak, berriz, nagusiaren funtzioa hartzen du. Alderantziz ere erakuts daitezke gauzak: ondorioa mendeko bihurtzen dugu (hots: baldintza perpaus) eta benetako kausa dena, ondorio:
- 3) a. [[Ardoa edaten baduzu]baldintza] mozkortuko zara. (cf. Ardoa edan duzulako mozkortu zara.)
- b. [[Mozkortuta bazaude]baldintza] ardo dezente edango zenuen. (cf. Edan egin duzu, mozkortuta zaude eta.)
Hortaz, badirudi baldintza deitzen diogun hori kausa mota bat dela, hipotesi gisa ezartzen dugun kausa bat. Baina baldintza egiturek nortasun berezi samarra dute, perpaus nagusiko adizkiaren eta baldintza perpausekoaren artean halako lotura berezi bat izaten baita, arruntean bestelako perpausetan gertatzen ez dena:
- 4) a. [Bihotz baten lekuan mila banitu], zuretzat izango lirateke.
- b. [Bihotz baten lekuan mila izango banitu], zuretzat izango lirateke.
- c. [Bihotz baten lekuan mila izan banitu], zuretzat izango ziren (edo izango ziratekeen).
- d. [Bihotz baten lekuan mila baditu], zuretzat izango dira.
Baldintza adierazteko modu desberdinak
Beraz, lau perpaus hauetan bai perpaus nagusia, bai mendekoa, modu ezberdinean emanak ditugu:
| Mendeko perpausa (baldintza) | Perpaus nagusia (ondorioa) | ||
|---|---|---|---|
| a. banitu | -burutua +alegiazkoa | izango lirateke | +gerokoa +alegiazkoa |
| b. izango banitu | -burutua +gerokoa +alegiazkoa | izango lirateke | +gerokoa +alegiazkoa |
| b. izan banitu | +burutua +alegiazkoa | izango ziren/izango ziratekeen | +gerokoa +iragana |
| c. baditu | +puntukaria +oraina | izango dira | +gerokoa -iragana |
(4d)ko perpausa eta aurreko beste hirurak ezberdinak dira. Azken horretan hiztunaren jarrera aurreko bietan ez bezalakoa da: zerbait egiazki gertatuko dela baieztatzen da (zuretzat izango dira), baldin eta beste zerbait gertatzen bada edo beste zerbait egia bada (bihotz baten lekuan mila izatea). Beste bietan alegiazko mundu batean jartzen da hiztuna, ez errealitatean (zuretzat izango lirateke, zuretzat izango ziren). Irrealak direla ere esan ohi dugu. Nolanahi ere, gertaeren aurrean hiztunak nolako jarrera hartzen duen, halakoa izango da perpaus nagusia eta halakoa baldintza perpausa ere.