Perpaus erlatiboak
Perpaus erlatiboak euskal sintaxiaren ardatzetako bat dira. Izan ere, beste hainbat mendeko perpaus (denborazkoak, moduzkoak, etab.) osatzeko, euskarak perpaus erlatiboak baliatzen ditu.
Atal honetan, lehenengo eta behin, perpaus erlatiboak zertan dautzan azalduko dugu, saltsa handitan sartu gabe. Bigarrenik, perpaus erlatibo motak banan-banan aztertuko ditugu: -N menderagailuaren bidez sorturikoak (Pintto izena duen txakur bat dut); ZEIN izenordainaren bidez sorturikoak (badut txakur bat, zeinak Pintto izena duen), izenordainik gabe eta BAIT- atzizkia aditzari atxikirik sorturikoak (badut txakur bat, Pintto izena baitu); korrelazioz moldatutakoak (non fida, han gal); aurrekaririk gabeko galde-izenordaina dutenak (ez daukat nora joan(ik)); eta, azkenik, aditza jokatu gabe osatzen diren erlatiboak (erositako lanpernak gero jango ditugu).
Perpaus erlatibo mota horien guztien artean, dudarik gabe, -N menderagailuaren bidez osatzen dena da erabiliena, hainbesteraino, non “perpaus erlatibo arrunt” deitu ohi zaion. Mota horrek baditu, besteak beste, bi berezitasun nagusi. Lehenengoa: geroago aztertuko ditugun arrazoiengatik, kasu guztiek ez dutela erlatibagarritasun maila bera (batzuk, hala nola aditzean markatuak direnak –NOR, NORI, NORK– beste batzuk baino aiseago eta maizago erlatibatzen dira). Bigarrena: normalean, -N erlatibo mota ezkerrean (hots, dagokion izenaren ezkerrean) ageri dela, gure inguruko hizkuntza indoeuroparretan gertatzen ez den bezala, horrek, esaterako, itzulpengintzan eta interpretazioan dakartzan ondorio guztiekin.
— Egilea: Karlos Cid Abasolo