Alboko-barra

morf:5:20:13:1

Modu perpausak zer diren

Perpaus nagusiak adierazitako ekintza nola gauzatzen den adierazten dute mendeko modu perpausek. Perpaus nagusiaren osagarri zirkunstantzialak dira, hau da, modua adierazten duten adberbio perpausak. Izan ere, honela/horrela/hala formen lekua har dezakete, hau da, perpaus bakunetan moduzko adberbio-sintagmek duten funtzioa dute perpaus konposatuetan.

  • Aitak hitz egiten duen bezala hitz egiten du semeak ere.
  • Eskuak astinduz agurtu gintuzten autotik.

Euskaraz moduzko perpaus jokatugabeak dira arruntenak, baina bietakoak jasoko dira hemen; adizki jokatudunak nahiz jokatugabedunak. Moduzko mendeko perpausak eratzeko, bost bide daude euskaraz:

Modu perpausak Osagai bereizgarriak Adibideak
-ela/-elarik atzizkidunak -ela, -elarik Begiak zabal-zabal dituela dago telebistari so
izena ardatz dutenak antz, arau, era, modu, molde Merezi zuen moduan ospatu zuen bere eguna Maddik
aditzondoa ardatz dutenak bezala, legez Amonak bezala hitz egiten du, korrika eta presaka
galdetzailea dutenak nola, nondik, zer… -en Hori ez da horren zaila. Nondik begiratzen zaion
sasimoduzkoak -enez Amari esan diotenez, laster ezkonduko da Tomas

Orri Tresnak