Ondorio perpausak

Eguneroko bizitzan ikusten dugu ekintza batek edo gertaera batek beste zerbait ekartzen duela ondoren, gauza batzuetatik ondorioak sortzen direla. Beste batzuetan, guk geuk “ateratzen” ditugu ondorio horiek, entzun dugunetik, adibidez, edo geure buruan darabilzkigun gogoeten kateatzetik. Bigarren kasu honetan, esaterako, gertaera bati buruzko adierazpen bat egin dezakegu eta gertaera honetatik edo gauzak diren bezala izatetik ondorio logiko bat deduzi dezakegu:

  1. Mikel euskalduna da. Beraz, euskaraz hitz egiteko gai da.

Baieztapen batetik (Mikel euskalduna da), euskalduna euskaraz hitz egiten duena dela kontuan izanik, “Mikel euskaraz egiteko gai da” ondorioztatzen dut. Era honetako ondorioak aditzera emateko, lokailuez baliatzen gara, erakusleen gainean eraikitako lokailuez, hain zuzen: beraz, hortaz, horrenbestez, halatan,

Baina ondorio guztiak ez dira era honetakoak. Badira, geure gogotik kanpo gertatzen diren kausa-ondorio erlazioak ere, mundu fisikoan esaterako. Adibidez, euria egitea eta kaleak bustitzea bi gertaera izan daitezke kausa-ondorio gisa erlazionatuak: euria egitea kausa izan liteke eta kaleak bustitzea kausa horrek eragindako ondorio bat. Hizkuntzaz ari garelarik, erlazio hau modu batean baino gehiagotan eman daiteke aditzera, dela baldintzazko perpaus bat erabiliz (2a), dela kausazko batez baliatuz (2b), dela ondorio perpaus batez baliatuz (2c).

    1. Euria egiten badu, kaleak bustiak egoten dira.
    2. Kaleak bustiak daude, euria egin baitu.
    3. Hainbeste euri bota du, non kaleak erreka bihurtu baitira.

Hauetan, euria egitea da kausa, eta ondorioa, berriz, kaleak bustiak edo erreka bilakatuak egotea.

Baina kausa-ondorio erlazio hori alderantziz emana ere egon daiteke, mundu errealean kausa dena ondorio logikotzat emanaz:

    1. Kaleak bustiak badaude, euria egin du.
    2. Euria egin du, kaleak bustiak baitaude.
    3. Kaleak bustiak daude; hortaz, euria egin du.

(3a)n, errealitatean ondorio dena (kaleak bustitzea) baldintza perpaus gisa eman dugu, eta egiazki kausa dena (euria egitea) perpaus nagusi bezala eman dugu, ondorio gisa, hiztunak 'atera' duen ondorio gisa. (3b)n ere beste horrenbeste: kausa dena hiztunaren ondorio gisa ematen da ('euria egin du') eta ondorio dena (kaleak bustiak egotea), aldiz, azalpenezko kausal gisa. Eta (3c)n ere bai: kausa behar lukeena (euria) ondorio logiko bihurtua daukagu, eta, alderantziz, kaleak bustiak egotea euriaren ondorio behar lukeena hartzen dugu geure ondorio logiko horren eragile. Hiztuna ez da ari mundu errealean gauzak nola gertatu diren kontatzen, baizik eta, errealitatean gertatu den zerbait (kaleak bustiak egotea) oinarri hartuta, bere gogoeta baten berri ematen. (2b eta c)n pentsatzekoa da, bai kausa bai ondorioa, biak egia direla, alegia euria egin du eta kaleak bustiak daude. (3)n, aldiz, egiatzat ematen den bakarra kaleak bustiak egotea da. Egia horretatik hiztunak atera duen ondorioa, ondorio logikoa izan liteke, kaleak bustiak daudenean, normalki euria egin duelako izaten baita. Baina gerta liteke hiztunaren ondorio hori okerra izatea. Aski da pentsatzea kalegarbitzaileek ureztatu dutela kale hori edo norbait lan horixe egiten ari dela bere balkoiko landareekin. Kausazko perpausetan bereizketa hau egin beharrekoa da.

Eta ondorio perpausetan zer? Bada, gauza bera:

  1. Kaleak bustiak daude. Beraz, euria egin du.

Hain zuzen, lehenbizi, egiazta daitekeen zerbait ematen da aditzera, eta ondoren, hiztunak hemendik ateratako ondorioa. Baina, jakina, hiztunak bere kolkotik atera duen ondorio hau, egiazki, ondorio ez, kausa izan behar luke. Zeren euria ez da kaleak bustiak egotearen ondorio, kausa baizik.

Hortaz, ondorio perpausen kasuan ere alderantziz eman litezke bi perpausak, baina beti ere zerbait beste zerbaiten ondorio dela adieraziz:

  1. Euria egin zuen. Beraz, kaleak bustiak zeuden.

Bai (4)ko adibidean, bai (5)ekoan, bada egiatzat ematen den zerbait, kaleak bustiak egotea batean, eta euria egin duela, bestean. Eta kasu bakoitzean, ondorio dena, gogoeta baten emaitza gisa aurkezten da.

Baina ondoriotzat ematen den hori zenbatzaile batekin edo maila-hitz batekin (hain, horren, hainbeste, halako moldez…) erlazionaturik ere eman ohi da:

    1. Hainbeste euri egin zuen, non kaleak erreka bihurtu baitziren.
    2. Kaleak erreka bihurtu ziren, hainbeste euri egin zuen.

Oraingoan kaleak erreka bihurtzea ondorio bat da, euria egin izanaren ondorio. Eta ez bakarrik euria egin izanaren ondorio, euri asko egin izanaren ondorio ere bai. Azken batean, holakoetan, euri jasa kaleak erreka bihurtzerainokoa izan zela esaten da.

Hortaz, ondorio perpausez mintzo garenean ere, bi perpaus ematen ditugu, bata bestearen ondorio dela edo hiztunak halakotzat dituela esanaz. Ondorioa, gainera, bigarren perpaus bateko kuantifikatzaile batekin erlazionatua egon daiteke. Zenbatzaile edo maila-hitz horren edukia zein den adieraziko luke ondorio perpausak. Maila hitz horren aurrekaria izango litzateke beste perpausa:

  1. Kaleak erreka bihurtu ziren, hainbeste euri egin zuen.

Hainbeste anafora dela esaten da eta anafora guztiek ohi dutenez, aurrekari batetik jasotzen du bere edukia. Alegia, 'hainbeste euri egin zuen' esaten denean, batek galde dezake: 'zenbat euri egin zuen, bada?' Erantzuna aurreko perpausean dago, perpaus nagusian: 'kaleak erreka bihurtzeko adina'.Alde honetatik, ondorio perpausak eta konparaziozkoak, egiturari dagokionez, oso hurbilekoak dira.

Zenbatzailedun perpaus hauek izan ohi dira gramatiketan “ondorio perpaus” gisa aurkezten direnak, menderakuntzaren esparruan jausten baitira askotan. Mendeko izango dira konplementatzailea edo menderagailua dutenak (-(e)n edo bait-). Halakorik gabekoak ez dira izango mendeko, elkarren albokoak baizik:

    1. Ez daki zer egin diruarekin. Hainbeste dauka (alborakuntza)
    2. Hainbeste diru dauka, non ez baitdaki zer egin diru horrekin (menderakuntza)

(1), (3c), (4) edo (5) bezalakoak, aldiz, perpaus alboratuak izan ohi dira, tartean lokailua dutenak. Atal honetan zenbatzailearekin erlazionaturik ematen diren perpausez arituko gara, (2c) eta (6a eta b) perpausen antzekoez. Besteak lokailuen sailean aztertuko dira.

Ondorio perpausen egitura

Perpaus hauen egitura orokorra, funtsean, honako hau izan ohi da: (1)

Alegia, perpaus batean zenbatasuna edo maila jasotzen da (HAIN, HAINBESTE, HALA…) eta bestean zenbatasun horren edukia edo zenbatasun hori norainokoa den zehazten digun perpausa. Perpaus honen buruan lokailu bat ager daiteke (NON, EZEN ) edo ez, eta aditzak menderagailua (BAIT-, -(E)N) izan dezake edo gabe agertu. Adibidez (6)-an, zenbat euri egin zuen esaten ari gara: hainbeste euri. Baina zenbat da “hainbeste” hori? Kaleak erreka bihurtzerinokoa. Hau da, funtsean, ondorio perpaus hauetan gauzatzen dena:

  • (2) Kaleak erreka bihurtu ziren, HAINBESTE euri egin zuen.

HAIN, HAINBESTE, HAINBAT, HALA … denak erakusleak dira (HAIN <HAREN). Hortaz, anaforikoak dira nolabait. Esan nahi baita, berez ez dute erreferentziarik, ez dute edukirik, beste osagairen batek eman diezaiokeena ez bada. Hain zuzen, anaforiko horren “aurrekaria”, nolabait, ondoko perpausean aurkitzen dugu. Alde horretatik, konparazio perpausen tankera bertsukoak direla esan genezake. Eman dezagun honako perpaus hau:

  • (3) Lolita ez da hain maltzurra.

Perpaus hau dioena nahiz entzuten duena, lasai asko gera liteke, baldin eta testuingurutik hain horren edukia asmatzeko gai badira. Adibdez, horrek zentzua izango luke, esaterako, aurretik beste norbaiten maltzurkeria aipatu bada edo Lolitaz ustezko maltzurkeriaren bat aipatu bada. Horrela, goiko perpausa era honetara uler liteke:

  • (4) Lolita ez da X bezain maltzurra / Lolita ez da diozun bezain maltzurra

Alegia, zerbaitekin konparatu behar dugu, hain hori edukiz bete behar dugu. Hori ezean, solaskideak honako honen antzeko zerbait galdetzeko eskubide osoa izango luke:

  • (5) Zenbaterainokoa da, bada, Lolitaren maltzurkeria?

Hortaz, ondorio perpaus deitzen ditugun hauek, konparatiboek bezala, zenbatzaile anaforiko horren aurrekaria ezartzea dute helburu. (3) perpausa, baiezka emana, (6)ko adibidea bezain argi geldi liteke ondorio perpausa osatuz:

  • (6)Lolita hain maltzurra zen, non inguruko guztiak engainatzen baitzituen.

Hemen mendeko perpaus gisa eman dugunak zehazten digu zein den hain anaforikoaren edukia. Perpaus horretako aditzak (engainatzen baitzituen) BAIT- menderagailua dauka agerian. Horrenbestez, perpaus hau mendekoa dugu:

  • (6') Lolita hain maltzurra zen [non inguruko guztiak engainatzen baitzituen]

(6) bezalakoetan argi ikusten da konparatiboekiko lotura. Hauetan bezala, hain zuzen, korrelazio bat ezartzen da bi perpausen artean:

  • [… HAIN … / NON …]. Beste batzuetan, ordea, bestelako lokailuak izango ditugu, edo lokailurik gabe ere eman ahalko ditugu perpausok:
  • a. Lolita hain da maltzurra, ezen inguruko guztiak engainatzen {baititu/dituen}.
  • b. Lolita hain da maltzurra, inguruko guztiak engainatzen ditu.
  • c. Lolitak inguruko guztiak engainatzen ditu, hain da maltzurra.

Horrenbestez, bi era nagusi izango ditugu ondorio perpaus hauek eraikitzeko, bata alborakuntza bidezkoa, bestea menderakuntzazkoa.

Alborakuntza bidez eman daitezke perpaus hauek

Ondorioa adierazteko modu sinpleena alborakuntza dugu, alegia bi perpausak elkarren ondoan ezarriz lortzen duguna, inolako lokailurik ez menderagailurik gabe:

  • a. Loak hartu ninduen, hain zen monotonoa hizlaria.
  • b. Hain urruti bota zuen pilota, ezin izan genuen aurkitu.

Adibide pare honek ongi erakusten duenez, HAIN duen perpausa eman daiteke lehenbizi eta gero ondorioa (hori da a adibideak erakusten duena), edo alderantziz (b). Hala ere, alborakuntzaz baliatzen garenean, ohikoena lehenbizikoa da. Bestalde, zenbatzaileak bere ohiko lekuan, izenaren ondo-ondoan, joan behar du:

  • Sareak lehertu zitzaizkien, hainbeste arrain harrapatu zuten.
  • HAINBESTE arrain arrapatu zuten, sareak lehertu zitzaizkien.
  • *Sareak lehertu zitzaizkien, hainbeste harrapatu zuten arrain.

Hainbeste zenbatzaileak ez du beste erremediorik: arrain izenaren ezkerrean kokatua behar du, izenaren ondo-ondoan.

Aldiz, HAIN maila-hitza da eta, horrenbestez, joan daiteke bere ohiko lekuan, adjektiboaren ondo-ondoan:

  • a. HAIN ilun jarri zen zerua, etxeko bidea hartu genuen.

Baina, baita, aditzaren aurre-aurrean ere:

  • b. Hain jarri zen ilun zerua, etxeko bidea hartu genuen.

Itzuli hauek oso arruntak dira ahozko hizkeran. Intonazioa ere berezia izan ohi dute, batez ere ondorioa hasieran ematen badugu:

  • Ez zen izan denentzat lekurik, hainbeste jende etorri zen.

Perpaus honek azkenean halako goranzko intonazioa hartzen du, ezin dena idatziz behar bezala aditzera eman. Pnetsa liteke holakoen aurrean hiztunak errezeloa duela zerbait falta lukeen perpaus bat dela eta deseroso bezala sentitzen da maiz ondorio perpaus hauetan. Bestalde, gure alboko bi hizkuntzetan gertatzen denak ere eragiten dio euskarari menderakuntza bidea hartzeko. Hemen perpausen hurrenkera finkoa da: lehenbizi perpaus nagusia, eta ondoren, mendeko gisa, ondorioa.

Alborakuntza lokailuz lagunduta

Alborakuntza bidez osatutako perpaus hauetan ager daiteke bi perpausen artean nola halako lotura bideratzen duen lokailua (NON, EZEN). Hots, perpaus hauen taxua honako hau izango da:

  • [{HAIN/HAINBESTE/…}… {NON/EZEN} … ∅]
  • a. Hin zintzo eta hain leial bete zuen kargua ezen, ikastolak beti agertu izan dio bere esker ona.
  • b. Hain dago ikaragarria ezen, guztiak dabiltza beragandik ihesi.
  • c. Suteoa deitzen zaio, baina hain da bakana non oso gutxik izan ohi dute.
  • d. Gelditzen jatzun ordu atan ain zinez, gogoz, egiaz ta bizkor lastertu ta abiatuten zara non, ordu biko bidea, baten egiten dozu (Añibarro, Gero, 127)

Dena dela, ez da hau biderik ohikoena. Badirudi behin lokailua hautatuz gero, menderakuntzako bidea hartzen duela perpausak eta, horrela, menderagailua ere eskatzen duela. Ohar gaitezen, bestalde, sarri ondorio perpausa iraganean ageri dela. Horrenbestez, bait- agertu ez arren, -(e)n agertzen den ala ez, ezin jakin.

Ondorio perpaus menderatuak

Hortaz, ondorio perpausak menderatu gisa ematea erabakitzen badugu, lehenbizi zenbtasuna edo maila jasotzen duen perpausa emango da eta, ondoren, ondorioa bera. Ondorio honen buruan, goiko (7) eskemak erakusten duen bezala, lokailu bat izango dugu (NON, EZEN) edo ezer ez (Ø), eta aditzak, ohiko legez, BAIT- aurrizkia edo –(E)N atzizkia izango du:

(19) Badira zenbait zar gai onetan eskolamaisu andiak, Demonioak bere ordeko lurrean ipiñiak: oek gazteen aurrean kontatzen ditue ipui itsusiak, alako gatz, eta piperrarekin, non gazteak egon oi diran aua zabaldurik zar madarikatuaren erakutsaldiak entzuten (AA II, 144) b. Gobernamenduak ezagutu du hain on handia dakarkeela drainatzapenak, non lege berri bat eman baitu haren fagoretan (Duvoisin, Laborantza, 116) c. Ordea gero handik denbora gutiren barrenean, hain soldadutu zen eta harmetan usatu, trebatu, eta anzatsutu, ezen egun batez harmarik gabe, Saulen ihesi zihoala, hartu baitzuen Goliat handi haren ezpata, erraiten zuela, ezen etzela munduan harentzat halakorik eta ez hark nahiago zuenik (Axular, Gero, 61) Ondoko adibide hauek erakusten digute zergatik erabiltzen den holakoetan NON lokailua, berez galde hitza dena. Hain zuzen, perpaus nagusian HARTARAINO postposizio sintagma agertzeko dugun arrazoi bera dago NON agertzeko ondorio perpausean. Korrelazio hau (HARTARAINO/HAINBATETARAINO … NON) perpaus erlatiboetan ikusi dugun berbera da. Eta, egia esan behar bada, erlatibotzat ere har liteke perpaus hau. Dena dela, erlatiboek, konparatiboek eta ondoriozkoek badute elkarren artean kidetasunik: (20) a. Zure Graziaz borthitz nazazu hartaraiño, non ez baitzaitut gehiago behiñere ofensatuko (Haraneder, Gudu Izpirituala, 158) b. Ainbesteraño itsutu ziran, (…) non Jesukristo (…) gurutze batean illik ikusi artean aspertu ez ziran. (Gerriko, Saiakera II, 70) • Lokailurik gabe ere eman daitezke holakoak, nahiz eta ez den bide hau ohikoa: (21) Giza-semeak (…) ain eder ziran, aiengana Maitagarriak maiteberotu baitziren. (Orixe, Mireio, 71)

Ezeztapena eta aditzaren modua

Perpaus nagusia ezezka emana denean, eta ez da hau ohikoa, perpaus menderatuaren aditzak izan behar duen formak buruhausteren bat sor dezake. Zer gertatzen da taxu honetako perpaus bat osorik ezeztapenaren mende jartzen badugu? Alegia (a) esan beharrean (a)ko adierazpena ezeztatu nahi bada, zein da jokabidea?

(1)

  • (a) Liburu hau hain da aspergarria, non eskuetatik erortzen zaizun
  • (b) ??Liburu hau ez da hain aspergarria, non eskuetatik erortzen zaizun

Idazle zaharrek holakoetan subjunktibora jotzen zuten:

(2)

  • Ez ta Iainkoa halako moldez miserikordios, non iustiziari bide gaberik egin diazon. (Axular, Gero, 186)

Honako honetan ere behar ez den subjkunktibotzat har genezake, -(E)N atzizkiari esker:

(3)

  • a. Nehor ez ain saindurik non barkhamendu behar ezten (Leizarraga, Othoitza eklesiastikoen forma, 76)
  • b. Xuberoan errepikatzen dute oraino Aita Odilon xaharraren erran hau: “Ezta herri hain aingerurik nun ezten han debrurik, ez-eta herri hain debrurik nun ezten han aingerurik”. (1940-1968 Lapurtera-Nafarrera Saio-artikuluak Iratz 0062)

Gaztelaniaz ere, esaterako, holakoak subjunktiboan ematen dira.

Kontua da gaurko euskaraz holakoekin zer egin behar den jakitea. Batetik, badirudi aposiziora jotzeko aukera badela esaldia ‘ez da inor hain…’ modukoa denean, perpaus existentziala denean, alegia:

(4)

  • Inor ez da hain santurik, barkamen behar ez duenik.

(3b) modukoek ere erlatibozko itzuli bera onar lezakete, baina arazoa da sintagma erlatibatua inesiboa litzatekeela eta, horrela, zail gertatzen da erlatibatzea.

Gaur ez dirudi subjunktibora jotzea ohikoa denik. Bestelako esapideetara jotzen bide da. Adibidez, honako perpaus hau baiezka emateko arazorik ez da:

  • (5) Gizon hura hain zen ergela, non harri kozkorrak perlatzat hartzen zituen.

Arazoak, ezezka eman nahi dugunean sor daitezke:

  • (5') *Gizon hura ez zen hain ergela, non harri kozkorrak perlatzat hartzen zituen.

Honen ordez, alborakuntzaz baliatuz beti ere, honako hau eman dezakegu:

  • (5'') Gizon hark ez zituen harri kozkorrak perlatzat hartzen. Ez zen hain ergela.

Bi perpausak lokabeak dira eta ezezka eman ditugu. Izan ere, horixe da ezezkako perpaus hauek interpretatzeko modua.

Jakina, bestelako itzuliak ere eskura ditugu, helburuzko perpaus bat erabiliz:

(6)

  • a. Gizon hura ez zen harri kozkorrak perlatzat hartzeraino ergela.
  • b. Gizon haren ergelkeria ez zen iristen harri kozkorrak perlatzat hartzeraino.

Arazo bera aurkezten digute perpaus nagusia galderazkoa denean edo agindu perpausa denean ere. Holakoak ez dira eguneroko hizkeran erabiltzen baina EGLU V-ek jasotzen du adibide pare bat:

  • (7) Signo bisible batek hanbat bothere ahal duke, non salbamenduko gauzan gure konzientziak zertifika eta segura al ditzan? (J. Leizarraga, Othoitza, 81)

Honen ordain gisa ematen da aipatu gramatikan honako hau: (28) Salbamenduko gazuan gure konzientziak zertifikatu eta seguratu ahal izateko {adinako/hainbesterainoko, beste, lain} botere ahal duke signo bisible batek. (EGLU V, 459) Eta aginterazkoa: (29) Egizu hanbat zeure othoitz onez eta arartekotasunez, non hekin batean ardiets dezadan orain Jainkoaren garazia (E. Materre, Doctrina Christiana, 291) Bitxi samarrak behintzat gertatzen dira horrelakoak. Arazoa da holakoak esateko ordezko biderik aurkitzea ez dela erraz. Adibidez, honako hau, neuk asmatua, nola esango litzateke euskara arruntean?: (30) Ez ezazu hitz egin halako moldez non jendeak susmo txarra har dezan. Holakoak erdaraz aski arruntak direla esango nuke. Euskaraz ez hainbeste. Seguru asko, jendeak beste itzulinguru bat erabiliko luke horretarako, kausaletara joaz, esaterako: (30’) a. Ez dezazula horrela hitz egin, jendeak susmo txarra hartuko du eta.

b. Ez duzu horrela hitz egin behar, jendeak susmo txarra hartuko du eta.

EZEZKAKOEKIN ERE ARAZOAK IZAN DAITEZKE: *Duvoisinek, berriz, othe jarri zuen ahalen lekuan, ez -a atzizkia edo hutsa: Bakharra othe zare *Jerusalemen hunenbat arrotz, non ez baitituzu jakin ere hor egun haukietan iragan direnak

Ondorio perpausak nagusiago baten osagai izan ote daitezke?

Eta ondorio perpaus hauek ematen dizkiguten beste buruko minetako bat da beste perpaus baten osagai gisa eman nahi ditugunean, ESAN, PENTSATU … aditzen mende, esaterako. Eman dezagun goiko (24) perpausa modu horretan eman nahi dugula: (31) ?Pentsatzen dut gizon hura hain zela ergela, non harri kozkorrak perlatzat hartzen baitzituen. Hau ere bitxia. Zuzena den ere ez dakit. Horrenbesteko arazorik ez da, antza, alborakuntzazko ondorio perpausekin. Ezezkakoetan behintzat: (32) Esan nion gizon hark ez zituela harri kozkorrak perlatzat hartzen, ez zela hain ergela. Eta baiezkoetan? (33) Gizon hark harri kozkorrak perlatzat hartzen zituen, hain zen ergela. (34) ?Gizon hark harri kozkorrak perlatzat hartzen zituela esan zidan, hain baitzen ergela. Jakina, eguneroko euskaraz, seguru asko ondorio itxuraz ahantzi eta juntadura soilaz baliatuko ginatekeela esango nuke: (35) Esan zidan gizon hura ergela zela eta harri kozkorrak perlatzat hartzen zituela. Edo bestela: (36) Esan zidan gizon hura ergela zela. Hainbesteraino, non harri kozkorrak perlatzat hartzen baitzituen. Hortaz, ondorio perpaus hauek bide zaila jartzen digute euskaraz. Eta hori horrela gertatzen da, behar bada, alborakuntzaren eta menderakuntzaren arteko muga oso argi ez delako. Ahozko hizkeran, izan ere, alborakuntza nagusitzen dela esango nuke, eta, horrenbestez, berez arazotsua den egitura menderakuntzazkoa (hain … non … bait.), are arazotsuago gertatzen da egitura hori beste baten barruan txertatzen dugunean.

AGIRRRE ASTEASUKOAREN ADIBIDE HAU: Ekusiko dezu ain andia dala beraren izate ederra, non ez duan, ta ezin izan-ere dezakean neurririk (AA IIIm 318).

 
egilea: Ainhoa Lendinez
Recent changes RSS feed Donate Powered by PHP Valid XHTML 1.0 Valid CSS Driven by DokuWiki