Alboko-barra

morf:5:20

Mendeko perpausak

Perpausak, "maila" desberdinean

Gramatika errekurtsiboa da: elementu bera, nolabait ere esateko, bere barnean errepikatu daiteke, matriuska bat bezala. Horrela, Determinatzaile Sintagma (DS) baten barnean beste determinatzaile sintagma bat aurki daiteke: “etxearen kolorea” diogunean, holako zerbait dugu:

  • [[[etxea]DS-ren] kolorea]DS

Hori sintagma guztiekin gertatzen da. Perpausekin ere. Perpausak elkarren artean josten ahal ditugu, baina joskera hori ez da beti berdina izaten:

  • Jone mendira joan da, eta Mikel hondartzara

Hori esaten dugunean perpaus bat dugu, bi perpausez osatua:

  • [P[P1Jone mendira joan da] eta [P2Mikel hondartzara (joan da)]]

Bi perpaus horiek parean daude, juntadura bidez emanak ditugu. Ikus dezagun orain beste adibide hau:

  • Mikelek esan du Jone mendira joan dela

Hor ere badira bi perpaus, baina perpaus horiek ez dira parean, menderakuntzaren bidez emanak baitaude: bat bestearen barnean dago:

  • [PMikelek esan du [PJone mendira joan dela]]

Horiei esaten diegu mendeko perpausak. Mendeko perpausek badute beti ezaugarri bat: menderagailua ageri dela mendeko perpaus horren aditz laguntzailean (kasu honetan -(e)la da menderagailu hori. Batzuetan zalantzak sortzen dira, noski. Menderagailua -(e)n ere izan daiteke, eta iraganean anbiguotasuna sor daiteke zen (menderagailu gabe), eta zen (menderagailuarekin): noiz etorri zen? vs noiz etorri zen ez dakigu. Jakina, laguntzailerik ez dugunean perpausak jokatugabeak ditugu. Horregatik dira, hain zuzen ere, mendekoak.

Mendekoek hartzen duten tokian bestelako elementuak ere agertzen ahal dira:

  • [etxea pintatu duen gizon hori] gaixorik jarri da
  • [esan dutenez], aurten ez omen da tomaterik bildu batere
  • [etxetik atera zelarik] elurra hasi zuen

Horiek guztiak mendeko perpausak dira, menpekotasun erlazio batean daude perapausean. Baina, esan bezala, toki horretan berean bestelako osagarriak agertzen ahal zaizkigu inolako arazorik gabe:

  • [gaur] gaixorik jarri da
  • [zoritxarrez], aurten ez omen da tomaterik bildu batere
  • [orduan] elurra hasi zuen

Osagarri horiek adberbioak dira, eta adberbioek badituzte zenbait ezaugarri. Hemen, azaldu nahi dugun honetarako egokiak direnez, bi aipatuko ditugu: mepekotasun zuzeneko erlazioan egon daitezke, aditzaren osagarri gisa (gaur etorriko dira) edo menpekotasun zeharkakoa izan dezakete, aditzaren indarretik kanpo egongo balira bezala (gaur, ez dakit nik ogia ekarriko duten. Perpausak elkarren artean josten ditugunean ere gauza bera gertatzen da: perpaus batzuk menpekotasun zuzena erakusten dute,baina beste batzukl badirudi urrunago bezala daudela. Gramatikariek diote batzuk osagarriaren tokian daudela (menpekotasun zuzena dutenak) eta beste batzuk, aldiz, albo batean bezala (adjunktuen tokian). Hona hemen bi adibide:

  • [ez dela etorriko] esan du
  • [esan zigunez] ez omen zuen inolako asmorik holako zerbait erosteko

Testu mailako loturak, juntadura, menderakuntza

Testu batean perpaus bat baino ageri denean perpaus horien arteko harreman eta erlazio sintaktikoak aztertzen ditu gramatikak. Erlazio horietako batzuk diskurtso mailakoak dira, testu zabal baten mailakoak. Horrela, batzuetan perpaus batek aurrean beste nonbait dagoen beste perpaus bati egiten dio erreferentzia. Hori lokailuen bidez egiten da:

  • Egunero joaten zen Miren hondartza ondoan dagoen taberna batera eta han wifi seinalea harturik txateatzen ibiltzen zen Errusia aldean bizi omen zen gazte batekin. Alabaina, ez zen konturatu, aski berandu egin zitzaion arte, errusiar delako hura bere aldamenean eseritzen zen gizon bizardun bat zela. Hura ere egunero joaten zen taberna berera.

Testu horretan dauden lehen eta bigarren perpausen arteko lotura alabaina lokailuak egiten du. Hor ez dago bestelako harreman sintaktikorik, nahiz lokailu horrek ematen dien esanahia bi perpausen arteko erlazio semantikoari.

Ikus dezagun orain beste adibide hau:

  • Miren egunero joaten zen hondartza ondoko tabernara, eta gizon bizarduna ere taberna alboko mahaian eseritzen zitzaion

Perpaus osoaren barnean beste bi perpaus bereizten dira, biak elkarren arteko menpekotasunik gabe, biak parekoak baitira. Aurrekoan ez bezala, hemen ez dago punturik perpausen artean, eta biak eta horrek lotzen ditu: komunztaduran daudela seinale. Perpaus juntatuak dira horiek. Ez da nahitaezkoa loturarik agertzea:

  • Miren tabernan sartu zen, gizon bizarduna mahaian eseri zen

Hor ez dago eta bezalako juntagailurik, baina bada bi perpausen artean nolabaiteko lotura bat: alborakuntzan daudela diogu. Juntadura, hortaz, juntagailuen bidez edo alborakuntzaz egin daiteke. Eta hori edozein kategoriatako sintagmekin gertatzen da. Hemen perpausez ari garenez gero, horren eskema hau litzateke:

  • […]P1 eta […]P2
  • […]P1, […]P2

Ikusi orain ondoko hau:

  • Gizon bizardunak lasterka hartu zuen mahaia, Miren tabernan sartzen zela ikusi zuen bezain laster

Hor ere bi perpaus ditugu, baina bi perpaus horien artean ierarkia bat dago erlazioan: perpaus nagusia “Gizon bizardunak lasterka hartu zuen mahaia” da, eta bestea horren “inguruko” zerbait da, zirkunstantzia baten berri ematen du (“arratsalde hartan” esango bagenu bezala), eta ez da nahitaezkoa, hautazkoa da. Beste adibide honetan argiago ikusten da asimetria hori:

  • Tabernariak esan zion Mireni gizon bizardunak hartu zuela mahaia

Bistan da hor “gizon bizardunak hartu zuela mahaia” diogunean, hori aditzaren mendeko zerbait dela, eta menpekotasun zuzenean dagoela. Ez da hautazkoa, “esan” aditzak holako perpausa eskatzen baitu. Azken bi adibideetako bezalako holako guztiei mendeko perpaus deitzen diegu.

Nola bereizi mendeko perpausak?

Azkeneko adibide horien egitura, perpaus mailako egitura, ez da juntadurakoa bezalakoa, P bat beste P baten barnean sartua baitago:

  • [P0…[P1…]]

Holakoak dira, adibidez:

  • [esan ziguten [ez zela etorriko]]
  • [abisua eman du [zuek jakin dezazuen]]
  • [istripua gertatu da [autoa handik sartu denean]]

Gramatikaren errekurtsibitateari esker, badakigu P bat beste baten barnean egon daitekeela, eta bigarren P hau beste baten barnean:

  • [P0[P1[P3menditik etorri den]P2 batek egin duela]P1 entzun dugu]P0

Perpaus baten barnean perpaus bat baino gehiago biltzen direnean, eta perpaus hauen arteko erlazioa juntadura mailakoa den edo menpekotasun mailakoa jakin nahi badugu, irizpide argi batzuk baditugu mendeko perpausak zein diren bereizteko:

  1. Adizki alokutiboek ez dute tokirik mendeko perpausetan. Egia dagaur egun hiztun askok ez dutela hori errespetatzen, baina tradizioa eta beste hiztun askoren ohitura oso garbia da kontu honetan:
    1. [Nik egin dudala] esan duk oraintxe berean
    2. *[Nik egin diadala] esan duk oraintxe berean
  2. Aditzak flexio marka berezi batzuk hartzen ditu (dela subjuntibo markak, dela menderagailu deitzen ditugun marka batzuk):
    1. [zuek ikus dezazuen] ekarri dugu
    2. [hara joango bazina] mesede egingo zeniguke
    3. [ikusi duzuen] gazte hori Paristik sartu berria da
    4. [ohartu ez delako] esan du astakeria hori
    5. [giputza dela] erantzun du
  3. Mendeko perpauseko aditzak askotan ez du laguntzailerik, perpaus jokatugabeak dira hortaz:
    1. [etxetik berehala ateratzeko] esan dute suhiltzaileek bozgoragailu batekin
    2. [etxetik ateratzean] dena jendez betea ikusi zuten
    3. [aurkitu duzunez gero] orain lasai geratuko zara
  4. Gauza jakina da euskaraz askatasun handia dutela sintagmek perpaus barruan: “aitak amari gona gorria erosi dio” bezalako perpausa osatzen duten sintagmek hurrenkera posible guztiak onartzen dituzte, eta perpausa beti gramatikala izango da. Perpaus bat menpekotasun erlazioan baldin bada beste perpaus batekin (azkeneko edozein adibide aukera daiteke), perpaus hori ere sintagma bat da, eta sintagma den neurrian, hurrenkerari dagokionez, gainerako sintagmek duten askatasun berbera du, perpaus osoaren esanahia aldatu gabe):
    1. [etxetik berehala ateratzeko] esan dute suhiltzaileek bozgoragailu batekin
    2. suhiltzaileek [etxetik berehala ateratzeko] esan dute bozgoragailu batekin
    3. bozgoragailu batekin esan dute [etxetik berehala ateratzeko] suhiltzaileek
    4. eta abar
  5. Juntadurako perpausekin ez da hori gertatzen, hurrenkera aldatzean, esanahia ere guztiz aldatzen baita. Erkatu hurrengo bi hauek:
    1. Sua ikusi dut eta leihoa ireki dut
    2. Leihoa ireki dut eta sua ikusi dut

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Mendeko perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3