Juntadura

Sarrera

Juntaduraren bidez mota bereko elementuak elkartzen ditugu. JONEK TELEFONOZ DEITU DIT

  • Jonek telefonoz deitu dit eta Miren etxera etorri zait.
  • Mikelek eta Liernik asko irakatsi didate bizitzaz.
  • Jon eta Miren antzerkira joan dira.
  • Triste eta serio aurkitu dut Aitor.
  • Guztia ikusi eta entzun ondoren, nire iritzia garbia da.
  • Neska garai eta indartsu guztiak hautatu ditugu talderako.

Elkartzen diren elementuak gehienetan kategoria berekoak izan ohi dira, edo gutxienez, egitura sintaktikoan maila berean daudenak. Adibidez, 2-ko lehen juntagaia denbora adierazten duen adberbioa da, eta bigarrena adizlaguna, baina bien artean Jon lanera zer egoeratan edo nola joan zen azaldu nahi dute:

  • Berandu eta aurpegi txarrarekin azaldu zen Jon lanera.

Horrelakoak oso ohikoak dira aditzondoekin: kategoria eta adierazten duten nozio semantikoa (denbora, tokia, modua…) berdinak izan ez arren, aditzarekiko erlazio bera dute eta maila sintaktiko berean daude, eta orduan juntaturik ager daitezke.

Horrez gain, badira beste kasu batzuk ere juntagaiak maila bereko izatea hain garbi ez dagoena:

  • Nork eta nondik ekarri behar duen esplikatu beharko didazue.
  • Mirenekin eta autoz joango naiz hondartzara
  • Gutako inork uste baino janari garestiagoa eta izugarri jatetxe garestietan jaten du Jonek

Juntatzen diren elementuek maila berekoak izan behar dute. Baina horrez gain, semantikoki pragmatikoki ere elkarrekin joateko modukoak izan behar dute.

Juntagailuak

Juntadura juntagailuen bidez gauzatzen da. Alderdi horretatik, beharrezkoa da juntagailuak zein diren argi izatea. Izan ere, euskaraz badira zenbait elementu, juntadura egituretan oso sarri azaldu arren, juntagailuak ez direnak: berbaldian aurretik datozen perpausekin lotura egiten dute, askotan juntaduraren tankerako adibideak emanez, baina egiatan lokailu izaera dute. Ikus ditzagun adibideak:

  • Ni mendira joan naiz, eta Ane, aldiz, hondartzara.
  • Ni mendira joan naiz, baina Ane, ordea, hondartzara.
  • Ni mendira joan naiz; Ane, berriz, hondartzara.

aldiz, berriz eta ordea elementuek lokailuen zeregina betetzen dute: goiko adibideetan juntadura juntagailuen bidez (eta, baina) edo alborakuntzaren bidez garatzen da, eta lokailuak bi perpausen arteko lotura semantikoa egiten laguntzen dute, nolabaiteko ñabarduraren bat ematen. Ikus ditzagun bi sailen arteko desberdintasun batzuk:

  • a) Bi juntagailu ezin dira elkarrekin joan. Aldiz, lokailuak gehienetan aditzondo edo adberbio izaera dute, eta juntagailuekin batera joan daitezke:
  • Anek kirola du gustuko, eta Josuk, ordea, museoetan ibiltzea.
  • Anek kirola du gustuko, baina Josuk, ordea, museoetan ibiltzea.
  • *Anek kirola du gustuko, eta Josuk, baina museoetan ibiltzea.
  • b) Lokailuek perpausen arteko erlazioak adierazten dituzte, eta juntagailuen bidez (bereziki emendiozko juntagailuekin eta hautakariekin) txikiagoko elementuak ere elkartzen dira.
  • c) Juntagailuak juntagaien artean kokatzen dira (baizik juntagailuak kokagune berezia du), eta lokailuek askatasun handiago dute: bigarren perpausean izan ohi dira, baina perpaus horren barnean toki batean baino gehiagotan ager daitezke.MIREN MENDIRA JOAN DA (Matterhorn, Suitza)...
  • Miren mendira joan da eta Jon irakurtzen gelditu da.
  • Miren mendira joan da; aldiz, Jon irakurtzen gelditu da.
  • Miren mendira joan da; Jon, aldiz, irakurtzen gelditu da.
  • Miren mendira joan da; Jon irakurtzen gelditu da, aldiz.

 ...ETA JON IRAKURTZEN GELDITU DAZenbait gramatikatan berriz, ordea, aldiz… bezalako elementuak juntagailutzat hartu izan dira (bereziki alborakuntzaren bidez elkartutako perpausetan), baina hemen alde batera utziko ditugu.

Bestalde, batzuetan perpaus juntaduran eta menderakuntzan antzerako erlazio semantikoak adieraz daitezke:

  • Euria egin du eta kaleak busti egin dira.
  • Euria egin duenean kaleak busti egin dira.
  • Euria egin duelako kaleak busti egin dira.

Baina juntatutako perpausean uler dezakegun denborazko edo kausazko erlazioa ez digu juntagailuak ematen, baizik eta hiztunok eraikitzen dugu, munduaren ezagutzatik abiatuta. Juntatzen diren perpausek gertakariak adierazten dituztenean, askotan errealitatean azaltzen zaizkigun ordena berean ematen dira, eta orduan denborazko irakurketa errazten diogu juntadurari; edo gerta daiteke gertakari batek era batera edo bestera bigarrena eragin ahal izatea, eta orduan kausazko adiera ematen diogu; hori da 99 adibidean daukaguna. Ildo beretik, juntatutako predikatuetako batek ekintza ez, baizik eta egoera bat adierazten duenean, kontzesiozko irakurketak egin daitezke; edo lehenengo juntagaia agindua denean baldintzazko irakurketa:

  • Dirurik gabe zegoen eta auto berria erosi zuen.
  • Jarraitu horrela eta laster zara dirurik gabe.

Baina hala ere, juntagailuak azaltzen zaizkigunean juntaduraren aurrean gaude. Juntadurak eta menderakuntzak zenbait puntutan desberdin jokatzen dute. Adibidez, lehenengo 99 adibidean bi perpausen ordena aldatuko bagenu, denborazko edo kausazko interpretazioa zaildu egingo litzateke; beste bietan, ordea, denbora edo kausa erlazioa menderagailuak ematen du, eta ordena aldatuta ere berdin lortzen da. Ildo beretik, menderakuntza dagoenean mendeko perpausak beste sintagma batzuek beteko luketen papera betetzen du perpaus nagusian, eta perpausean zehar mugikortasun handiagoa dute oro har. Bestalde, desberdintasun formalei begiratuz, menderakuntza dagoenean, mendeko perpauseko adizkiari bere flexioan atzizkiak (-en, -ela, -elako…) edo aurrizkiak (ba-, bait-…) erantsi ohi zaizkio, eta juntadura dagoenean ez da horrelakorik izaten.

 
egilea: Pello Salaburu
Recent changes RSS feed Donate Powered by PHP Valid XHTML 1.0 Valid CSS Driven by DokuWiki