Adizki jokatuak
Adizki jokatuak: pertsona eta numeroa
Euskararen adizki jokatuek pertsonarekin eta numeroarekin komunztadura egiten dute eta marka horiek adizkietan islatzen dira (ikus hemen ”Pertsona aniztasuna adizki jokatuan” izeneko atala). Adizki hauek trinkoak (sintetikoak) nahiz perifrastikoak izan daitezke, eta pertsona / numero markak bai adizki trinkoetan zein adizki perifrastikoen laguntzaileetan agertzen dira. Bestalde, pertsona eta numero marka hauek kasu absolutiboarekin (ABS), ergatiboarekin (ERG), edo/eta datiboarekin (DAT) egon daitezke komunztaduran. Pentsa daitekeenez, komunztadura marka hauek erlazio zuzena dute argumentu egitura nagusiekin:
i) Argumentu bakarreko aditzak (NOR)
ii) Argumentu biko aditzak (NOR-NORI)
iii) Argumentu biko aditzak (NORK-NOR)
iv) Hiru argumentuko aditzak (NORK-NORI-NOR)
Egia esan, euskarak baditu beste argumentu egitura posible batzuk (ikus hemen ”Aditzaren argumentu egitura” eta ”Aditzaren argumentuak” atalak); hain zuzen ere:
v) Argumentu bateko aditz inergatiboak (NORK)
vi) Zeharkako objektudun (argumentu biko) aditz inergatibo-antzekoak (NORK-NORI)
Alabaina, ABS-ko hirugarren pertsona (singularra)ri dagokion komunztadura marka Ø denez (ez daukanez gauzatze formalik), ezin dira morfologikoki bereizi 3.p.sg. ABS-ko komunztadura duten argumentu biko adizki iragankorrak, batetik, eta (ERG-rekin bai baina) ABS-rekin komunztadurarik ez daukaten argumentu bateko adizki inergatiboak (v), bestetik. Gauza bera gertatzen da 3.p.sg. ABS-ko komunztadura duten hiru argumentuko adizki iragankorren, eta (DAT-rekin bai baina) ABS-rekin komunztadurarik ez daukaten argumentu biko adizkien artean (vi). Beraz, morfologikoki, euskal adizki jokatuek izan ditzaketen pertsona/numero komunztadura motak ondoko eran sailka daitezke:
a) ABS-rekin soilik: NOR
b) ABS-rekin eta DAT-rekin: NOR-NORI
c) ERG-rekin eta ABS-rekin: NORK-NOR (baita NORK soilik ere)
d) ERG-rekin, DAT-rekin, eta (numeroan soilik) ABS-rekin: NORK-NORI-(NOR)
Aipatutako azken komunztadura mota (d) defektibotzat jo daiteke. Izan ere, (euskara modernoan, behintzat) ez dago 1. edo 2. pertsona ABS-ko komunztadurarik erakusten duen NORK-NORI-NOR adizkirik. Gogoratu, gainera, 3. pertsona singular ABS-ko komunztadura marka Ø dela. Beraz, ABS pluraleko formez gain, ez dago ABS-ko marka ageririk daukan NORK-NORI-NOR adizkirik.
Gauzak sinplifikatzeko asmoz, goian aurkeztutako a), b), c) eta d) adizki motak baizik, bi tipo nagusi bereiz daitezke euskal adizki jokatuen barruan. Tradizionalki, bi tipo hauek “adizki iragangaitzak” (intrantsitiboak) eta “adizki iragankorrak” (trantsitiboak) deitu izan dira. Lehenak goiko a) eta b) motak besarkatuko lituzke; eta bigarrenak, aldiz, goiko c) eta d). Beharbada, iragankortasuna definitzea arazotsua izan litekeenez, komenigarria izan daiteke aurreneko adizki taldeari “NORK-gabea” deitzea, eta bigarrenari “NORK-duna”.
Adizki jokatuak: sailkapen baterantz
Pertsona markak izateaz gainera, euskararen adizki jokatuek bestelako flexio markak ere izaten dituzte. Beste flexio marka hauek denborazko, aspektuzko eta moduzko kategoriak adierazten dituztela kontsidera daiteke, oro har. (Beste ikuspuntu batetik ikusita, kategoriez eta oposaketez hitz egin beharrean, hitz egin daiteke aditz forma ezberdinez; hots, aditz forma bakoitza berez kontsidera daiteke, oposaketa baten barruan nahitaez kontsideratu gabe).
Euskarari dagokionez (hau da, hizkuntza partikularra bezala), kategoria hauek zenbat eta zeintzuk diren zehatz-mehatz asmatzea ez da batere lan erraza. Hasteko, ez da erraza jakitea zeintzuk diren kontuan hartu beharreko aditz formak, eta, aldiz, zein forma utzi behar diren sailkapenetik kanpo. Atal honetan, forma nahikoa gramatikalizatuak kontsideratuko dira bakarrik. Ez dira orain kontuan hartuko, beraz, bi perpaus osatzen omen dituzten konstrukzioak; hala nola ikasten ari naiz edo ikusita daukat bezalako perifrasiak.
Sailkapen baterako zein adizki aukeratu behar diren jakitea erraza ez bada ere, are zailago da aukeratutako aditz formak antolatzea edo sailkatzea. Sailkapenen funtsezko euskarria hiztunen pertzepzioan oinarritu beharko litzateke; hots, proposatutako sailkapenak ahalik eta nabarienak eta naturalenak izan beharko lirateke hiztunentzat. Zoritxarrez, ebidentzia hori lortzea zaila da oraindik, eta halabeharrez intuizioan oinarritu behar gara askotan. Edozein kasutan, lan honetan ondoko sailkapenak hartuko dira kontuan:
- Indikatiboko (modu neutroko) adizkiak vs. modu markatuetako adizkiak: Baldintzazkoak, Subjuntibokoak, Ahalerakoak, Aginterazkoak.
Eta aurreko sail bakoitzaren barruan:
- Adizki trinkoak vs. adizki perifrastikoak
Adizki jokatuak: ikuspegi orokorra
Proposatutako irizpideari jarraituz, eta ikuspegi orokor bat eskaintzeko asmoarekin, ondoren aurkezten dira atal honetan aztertuko diren euskara estandarraren adizkiak. [Nazioarteko praktika bat aintzat hartuz (cf. Comrie 1975: 10), euskararen beraren aditz formak izendatzeko, hasierako letra larria erabiliko da: esate baterako, Oraina, Iragana, Alegiazkoa, edo Oraineko Burutua, Iraganeko Burutugabea, eta abarreko izenek euskarari berari egiten diote erreferentzia. Kategoria nozionalak (semantikoak) izendatzeko, ordea, letra xehea erabiliko da: ad. orainaldia, lehenaldia, geroaldia, eta abar. Ezaguna denez, euskararen kategoria partikular batek (ad. Orainak) ez du zertan kategoria nozional berbera (ad. orainaldia) beti eta nahitaez adierazi (cf. EGLU-II : 125-126).]
Indikatiboko adizkiak
Trinkoak
| Trinkoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| Orain Trinkoa | nator, dator | dakart, dakar |
| Iragan Trinkoa | nentorren, zetorren | nekarren, zekarren |
Perifrastikoak
| Perifrastikoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| Oraineko Burutua | etorri naiz, etorri da | ekarri dut, ekarri du |
| Iraganeko Burutua | etorri nintzen, etorri zen | ekarri nuen, ekarri zuen |
| Oraineko Burutugabea | etortzen naiz, etortzen da | ekartzen dut, ekartzen du |
| Iraganeko Burutugabea | etortzen nintzen, etortzen zen | ekartzen nuen, ekartzen zuen |
| Oraineko Geroa | etorriko naiz, etorriko da | ekarriko dut, ekarriko du |
| Iraganeko Geroa | etorriko nintzen, etorriko zen | ekarriko nuen, ekarriko zuen |
Subjuntiboko adizkiak
Trinkoak
Trinkoak zaharkiturik daude: (Indikatiboko adizki trinkoak + -(e)n)
Perifrastikoak
| Perifrastikoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| Oraineko Subjuntiboa | etor nadin, etor dadin | ekar dezadan, ekar dezan |
| Alegiazko Subjuntiboa | etor nendin, etor ledin | ekar nezan, ekar lezan |
| Iraganeko Subjuntiboa | etor nendin, etor zedin | ekar nezan, ekar zezan |
Ahalerako adizkiak
Trinkoak
Trinkoak (zaharkiturik): (Indikatiboko adizki trinkoak + -ke)
Perifrastikoak
| Perifrastikoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| Oraineko Ahalera | etor naiteke, etor daiteke | ekar dezaket, ekar dezake |
| Alegiazko Ahalera | etor ninteke, etor liteke | ekar nezake, ekar lezake |
| Iraganeko Ahalera | etor nintekeen, etor zitekeen | ekar nezakeen, ekar zezakeen |
Baldintzazko adizkiak
Trinkoak
| Trinkoak: | ||
|---|---|---|
| Oraineko Baldintza (gertagarria) | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
| Baldintzetan | banator, badator | badakart, badakar |
| Alegiazko Baldintza (hipotetikoa) | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| Baldintzetan | banentor, baletor | banekar, balekar |
| Ondorioetan | nentorke, letorke | nekarke, lekarke |
Perifrastikoak
| Perifrastikoak: | ||
|---|---|---|
| Oraineko Baldintza (gertagarria) | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
| Baldintzetan | etortzen banaiz, etortzen bada | ekartzen badut, ekartzen badu |
| (zaharkituak) | etor banadi, etor badadi | ekar badezat, ekar badeza |
| Ondorioetan | etorriko naiz, etorriko da | ekarriko dut, ekarriko du |
| (zaharkituak) | etor naiteke, etor daiteke | ekar dezaket, ekar dezake |
| Alegiazko Baldintza (hipotetikoa) | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| Baldintzetan | etorriko banintz, etorriko balitz | ekarriko banu, ekarriko balu |
| (zaharkituak) | etor banendi, etor baledi | ekar baneza, ekar baleza |
| Ondorioetan | etorriko nintzateke, etorriko litzateke | ekarriko nuke, ekarriko luke |
| (zaharkituak) | etor ninteke, etor liteke | ekar nezake, ekar lezake |
| Iraganeko Baldintza (ezinezkoa) | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| Baldintzetan | etorri (izan) banintz, etorri (izan) balitz | ekarri (izan) banu, ekarri (izan) balu |
| Ondorioetan | etorriko nintzatekeen, etorriko zatekeen | ekarriko nukeen, ekarriko zukeen |
| (kolokialago) | etorriko nintzen, etorriko zen | ekarriko nuen, ekarriko zuen |
Aginterazko adizkiak
2. pertsonari dagozkionak (inperatiboa)
Trinkoak / Perifrastikoak
| Trinkoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| 2. p. Trinkoa | hator, zatoz | |
| Perifrastikoak | Etorri: NORK-gabea | Ekarri: NORK-duna |
| 2. p. Perifrastikoa | etor hadi, etor zaitez | ekar ezak / ezan; ekar ezazu |
1. pertsona pluralari dagozkionak (kohortatiboa)
Trinkoak / Perifrastikoak
| Trinkoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| 1.p.pl. Trinkoa | gatozen | |
| Perifrastikoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
| 1.p.pl. Perifrastikoa | etor gaitezen | ekar dezagun |
3. pertsonari dagozkionak (iusiboa)
Trinkoak / Perifrastikoak
| Trinkoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
|---|---|---|
| 3. p. Trinkoa | betor, betoz | bekar, bekarte |
| Perifrastikoak | Etorri : NORK-gabea | Ekarri : NORK-duna |
| 3. p. Perifrastikoa | etor bedi, etor bitez | ekar beza, ekar bezate |
— Egilea: Gontzal Aldai