Euskararen bereizgarri tipologikoak
Askotan saiatu izan dira gramatikariak eta hizkuntzalariak euskararen berezitasunen berri ematen. Hemen paratuko ditugu berezitasun nabarmenen ezaugarriak zein diren.
Sarrera
Hizkuntzek desberdintasun handiak dituzte elkarren artean. Batzuetan, egitura dela eta, lexikoa dela eta, fonologia dela, elkarren artean hurbilago edo urrunago egon daitezke, baina bistakoa da hizkuntzek erakusten dizkiguten ezaugarriek berezitasunak markatzen dituztela elkarren artean.
Euskara, jakina denez, bakarrik dago munduan. Hizkuntza bezala ez du seniderik, ez zaio ezagutzen ez amarik ez aitarik, ez beste haurriderik ere, eta ezagutzen ditugun hizkuntzekin erkatuz gero, ez dago munduko beste batekin erlazionatzeko modurik. Jendaki ezagunik gabeko hizkuntza da. Ikerketa serio guztiek hori erakutsi digute orain arte. Barrik egote horrek ez du esan nahi, jakina, ez duela inolako harremanik inguruko hizkuntzekin: hauek indoeuroparrak dira jatorriz, baina ez da holakorik gertatzen euskararekin. Hiztegi mailan, esate baterako, ehunka hitz hartu ditu euskarak latinetik (ikus ”Euskalkien berrikuntza komunak” izeneko atala), eta egunero hartzen ditu hitzak espainoletik, frantsesetik edo ingelesetik. Egun ere gertatzen da hori. Batzuetan egitura osoak hartzen ditu, eta hartu izan ditu historian zehar: “orain etorri da” esaten badugu, adibidez, latinaren eraginak sortutako egitura da hori. Etengabe gertatzen dira holakoak, eta ez gara konturatu ere egiten gertatzen den horretaz. Horrekin batera, esan behar da euskarak dituen ezaugarri naguisi batzuk beste hizkuntza batzuetan ere ikus daitezkeela: esaten denean, adibidez, egitura zenbait baduela euskarak hungarieraz edo japonieraz ere aurki daitezkeenak, ez gara gezurrik esaten ari. Baina ezaugarri horiek ez dute inolako familia loturarik erakusten. Azken batean hizkuntza natural guztiek baliabide jakin batzuk erabiltzen dituzte, hots batzuk, sistema sintaktiko batzuk, hizkuntza osatzen duten elementuen arteko lotura batzuk… eta hori hola izanik, ez da harritzekoa batere, ezaugarri horiek han-hemenka errepikatzea.
Ezaugarri nagusiak
Atal honetan euskararen berezko ezaugarri funtsezko batzuk hartu ditugu aztergai, uste baitugu horiek ongi ematen dutela gure hizkuntzak dituen berezitasun horren berri. Hauexek dira:
- Euskara hizkuntza ergatiboa da: “Jon etorri da” eta “Jonek Mikel ikusi du” perpausetan, subjektuak marka desberdinak erakusten ditu, ondoko hizkuntzetan gertatzen ez den bezala. Eta, gainera, batzuetan objektuaren morfologiak bat egiten du subjekturaekin ere: “Mikel etorri da”, “Mikel ikusi dut”. Munduan badira, jakina, beste hizkuntza ergatibo asko “nominatibo-akusatibo” motako hizkuntza ez-ergatiboak kopuruz errazago aurkitzen badira ere. Hizkuntza ergatiboak dira ”diyrbala” eta beste hizkuntza batzuk Australian. ”Pastunera” eta ”hindiera” ere, ergatiboak dira eta Kaukasoko hizkuntza gehienak ere. ”Navajoa” eta ”Maia” hizkuntzak ergatiboak dira eta Iparraldeko ”Inuit” hizkuntzaren dialektoak. Beraz, euskararen ezaugarri hau nabarmena izanik ere, ez da euskararena bakarrik eta beste toki horietan ere aurkitzen ahal da. Beraz, ergatibitateaz jardungo dugu, hori baita, esan bezala, euskararen ezaugarri nagusienetako bat.
- Bigarren ezaugarria adizkietan aurkitu behar dugu. Batez ere laguntzailareakin erabiltzen ditugun adizkietan. Gauza jakina da euskal aditzak pertsona aniztasuna islatzen duela. Jakina, ez da hau hizkuntza honek bakarrik duen ezaugarria, hizkuntza askok erakusten baitituzte aditz sistema aberats eta konplexuak: errumanierak, adibidez, hainbeste aditz joko desberdin ditu (autore batzuen ustez 4, beste batzuen ustez 8, nolako irizpideak erabiltzen diren). Euskarak, kontu jakida da hau, aditz laguntzailean pertsona markak erakusten ditu, aditzaren argumentu nagusien pertsona markak. Hizkuntza anitzetan pertsona markak subjektuarekin bakarrik izaten dute zerikusia: subjektuaren pertsona aldaduz gero, adizkia ere aldatzen da. Ingelesez, esaterako, lehenbiziko biak eta hirugarrena bakarrik bereizten dira: “I go” (ni noa), “You go” (zu zoaz), “he goes” (bera doa). Lehenbiziko bi adibideetan, pertsona aldaturik ere, adizkia ez da aldatzen. Espainolez aldatzen da, ordea: “yo voy”, “tu vas”. Alde horretatik, gaztelaniaren aditz morfologia ingelesarena baino aberatsagoa da. Baina, denok dakigunez, euskararena are aberatsagoa: “yo te he visto”, “yo os he visto”, baina “ikusi zaitut”, “ikusi zaituztet”. Euskararen laguntzaileak aditzaren hiru argumentu nagusiak erakutsian uzten ditu: subjektua, objektua eta datiboa. Gauza bera gertatzen da adizki trinkoekin ere. Eta horrek ingelesak edo gaztelaniak baino askoz ere adizki gehiago sortzen ditu, ezinbestean. Horregatik ikusten dute batzuek euskal aditzaren sisteman munduko mirari bat, eta beste batzuek, aldi berean, munduko konplexutasun aspergarriena. Ez bata ez bestea: hori da hizkuntza natural honek duen funtsezko ezaugarria, ez da deus ere gehiago. Informazio gehiago Inflexioa edo Aditz komunztadura izeneko ataletan ikus daiteke.
- Euskara hizkuntza postpositiboa da. Honekin esan nahi dugu euskarak, inguruko hizkuntzek ez bezala, postposizioen bidez osatzen dituela sintagma batzuk, eta ez preposizioen bidez. Postposizio horietako batzuk postposizio itsatsiak dira, eta “deklinabidea” osatzen dutela izan ohi da, nahiz ez den egia hori, euskaraz ez baita deklinabiderik. Egia da batzuetan hitz laburrak behar direla zerbaiti izena emateko, baina “deklinabide” hitza ez da batere egokia, hala ageri baldin bada ere gramatika guztietan. Zer desberdintasun dago “etxean” eta “etxe ondoan” sintagmen artean. Badira batzuk, baina puntu honi dagokionez hau esan daiteke: “etxean” horretan postposizio itsatsi bat ikusten dugula (”-n”), artikuluaren ondotik. Postposizio hori ez da beregaina, ezin dugu bakarrik erabili, eta zerbaiti lotua ageriko da, baina aurreko izenak beti bere osotasunean mantentzen da, aldatu gabe (deklinabidea duten hizkuntzetan izen horrek forma desberdinak hartzen ditu kasuen arabera). Bigarren sintagman, “etxe ondoan” sintagman alegia, beste postposizio bat ageri da, “ondo-an”, baina hori postposizio askea da, eta ez itsatsia. Postposizio horrek badu berak ere bere postposizio itsatsia (“etxe ondotik” edo “etxe ondora” esan daiteke, besteak beste), eta marka gabeko izena gobernatzen du (kontuan hartu ez dela hori postposizio guztiekin berdin gertatzen (“etxetik hurbil”, ez “*etxe hurbil”, adibidez). Beraz, horixe da esan nahi dena: postposizioak ikusten ditugu euskaraz, postposizio itsatsiak eta postposizio askeak, guztiz paraleloak. Eta ez dago deklinabiderik, kontualk erreztearren “kasuez” mintzatuko bagara ere.
Hizkuntza postpositiboa dela diogu, eta hori erakusteko adibide batzuk eman ditugu izenarekin lotuak. Hala ere, postposizioaren kontu hori ez da hor amaitzen, eta sintaxian ere ikus daiteke, perpausaren hitzen ordenean, esate baterako: oinarrizko hurrenkeran, aditzarekin bukatzen dugu perpausa, jakina denez. Hori ikusten da ondoko ezaugarrian.
- Euskararen oinarrizko ordena SOV da: Subjektua - Objektua - Aditza. Horrek ez du esan nahi euskal perpaus guztiak, hitz egitean, ordena horretan ematen ditugula. Inondik ere ez. Baina esan daiteke badirela argumentu batzuk (argumentu sintaktikoak, hizkuntzaren prozesamenduak ematen dizkigunak, eta abar) hori onartzera makurtzen gaituztenak. Horretan ere bereizten da, argi eta garbi, inguruko hizkuntzetatik (gaztelania, frantsesa, ingelesa… SVO baitira orohar. Honek badu eragina hizkuntzaren prozesamendu kontuetan. Informazioa honetaz ”Hitz ordenaren kanonikotasuna eta buru parametroa” izeneko atalean ikus daiteke.
–
Noski, euskarak baditu beste ezaugarri asko, bere-bereak direnak. Baina hemen lau horiek aukeratu ditugu, uste baitugu horiek ematen dutela hizkuntzaren oinarrizko argazki bat eta horiek nahiko baitira guretzat erreferentzia zuzeneko diren beste hizkuntzetatik ongi bereizteko.