Kalkoen eragina euskara akademikoaren garapen lexikoan: Lan Zuzenbideko terminologia
Atarikoa
Euskal ikasketetan maizenik kalko okerrak aipatu eta aztertu izan dira eta hortik dator, beharbada, kalkatzeari egotzi ohi zaion konnotazio peioratiboa. Kalkatzea, ordea, neologismogintzan eta terminogintzan erabili izan den —eta erabili behar den— baliabide edota mekanismo guztiz emankorra da edozein hizkuntzatan; eta, are gehiago, euskaraz eta euskara bezalako hizkuntzetan: alde batetik, kalko lexikoaren izaera deskriptiboa ezin hobeto doakio espezialitate-hizkerek duten izendatu beharrari; kalkatzea, bestetik, gehiegizko mailegutza (azalekoa, behintzat) saihesteko modu bat da.
Horiek horrela, komunikazio honen bidez zera jarri nahi dugu agerian: kalkoek ikaragarrizko eragin eta garrantzia dute neologia-baliabideen artean lexikoaren berrikuntzan eta, beraz, hizkuntza akademikoaren garapen lexikoan. Hain zuzen ere, gure hipotesia honako hau da: kalkoak —bereziki, semantikoak, lexikoak eta lexiko-fraseologikoak— ezinbestekoak dira hizkuntza akademikoen hiztegia garatzeko.
Hain zuzen ere, kalkoen egungo emankortasuna azpimarratzera dator nire azterlana: gure artean, sarritan aipatu eta aztertu izan dira kalko okerrak; gutxitan, ordea, kalko “onargarriak” . Azterlan honetan, lehenik (2. atala) saiatuko naiz azaltzen kalkoaren mekanismoa zertan den eta antzeko kontzeptuetatik (mailegutza, interferentzia, erdarakada) zertan bereizten den. Gero, kalkoen sailkapen bat eskainiko dugu. Hurrengo atalean, kalkoaren mekanismoaren eta lexiko-sorkuntzarako baliabideen arteko erlazioaz jardungo dugu. Bosgarren atalean, kalkoaren mekanismoak gaur egungo terminologian, eta, zehazki, Lan Zuzenbidean, zer-nolako eragina duen eta zein emankorra den erakusten ahaleginduko naiz. Azkenik, ondorioen atalean, azterlan honen ekarpen nagusiak laburbilduko ditut.
Metodologiari dagokionez, Lan Zuzenbidearen arloa aukeratu dut neure hipotesia egiaztatzeko edo gezurtatzeko. Zehazki, Lan Zuzenbidearen ikasgaiak ikasliburuko hiztegia arakatuko dut, neologia-baliabideen artean kalkoak zer eragin duen agerian jartzeko.
Hizkuntzen laburdurak
| al. | alemana |
| errum. | errumaniera |
| eslav. | eslaviera |
| eusk. | euskara |
| gazt. | gaztelania |
| gr. | grekoa |
| ingl. | ingelesa |
| it. | italiera |
| lat. | latina |
| port. | portugesa |
Oharra: Lan hau Ugarteburu terminologia jardunaldietan (2010) aurkeztu zuen Alberdik lehen aldiz, eta Euskara Institutuaren webgunean argitaratu da.
— Egilea: Xabier Alberdi