Alboko-barra

fon:1

Euskararen hots sistema. Ezaugarri fonetiko eta fonologiko nagusiak

Elkar ulertzeko gaitasuna

Hizkuntzaren fonetika eta fonologia hizkuntzaren ahoskerari dagozkion alderdiak dira. Gizakiok hizketa ekoiztearekin eta hautematearekin du zerikusia. Hitz egitea eta batak besteari entzutea eguneroko bizitzako eginkizun arruntak dira. Eguneroko esaldi arrunt batean (demagun, elkarri agurtzea) hiztunak eta entzuleak elkar ulertzen dute. Elkarrekin komunikatzeko duten gaitasuna beraien gorputzen funtzionatzeko moduaren menpe dago (garuna, birikak, laringea, ahoa, belarriak, eta abar), batak bestearen ahoskera ezagutzearen menpe eta airean zehar barreiatzen diren hots uhinen interpretazioaren menpe. Beraz, fonologiak, jakintza gisa, hizkuntzaren hotsei dagokien alderdia aztertzen du, hau da, hizkuntzak ahoskatu eta hautemana izateari zor dion alderdia (Donegan / Stampe 1979, 168, apud Oñederra 2004, 89).

Fonetika eta fonologia, iker eremu beregainak?

Zenbaitetan fonetika eta fonologia erabat bereizita dauden iker eremutzat hartu dira, baina aurreko ahapaldian esan bezala fonologiak hizkuntzan ahoskatu eta hautemana izateari zor diona ikertu behar badu, hau da, hizketak hotsezko, akustiko izateari zor diona, orduan fonetika eta fonologiaren arteko banaketa eremua ez da hain garbia. Zenbaitetan banaketa erabatekoa dela defendatu izan da (adibide garbia da Trubetzkoy-ren Grundzüge der Phonologie liburua, besteren artean). Fonetikak eta fonologiak azter eremu desberdinak dituzten arren, bien arteko banaketa zehatz eta zorrotza egitea ez da lan erraza.

Oinarrizko segmentuak

TRUBETZKOYHizketa hotsa erlatiboki jarraitua den aire-etorria bada ere, ikertzean hotsetan, eta zehatzago izateko, hots bilkuretan pentsatu ohi da. Kontzeptualki, artikulazioen mugimendu jarraitua segmentuka identifikatzen dugu, nahiz eta ikertzerakoan fisikoki gauzatutakoa beti ere segmentuekin identifikatzea ez den hain erraza izaten (laborategiko seinalea analizatzerakoan adibidez, sarri gertatzen da hots-seinalean agertzen ez diren hotsak entzuleak hautematea).

Hizkuntzako hotsei buruz aritzean hizkuntzak dituen fonemak adierazi nahi dira. Fonemak hizkuntza bateko hiztunek eta entzuleek hizketa ekoiztean eta hautematean dituzten hots ideiak dira. Beste era batera esanda, hizkuntza bateko hiztunek fonemak berez, nahita ahoska ditzaketen eta entzuleek berez hauteman ditzaketen hotsak dira. Azken finean, fonemak hitzak osatzeko eta hitzak bereizteko, hiztunak eta entzuleak memorian gordetzen dituzten hots unitateak dira.

Hiztunek eta entzuleek dituzten hots unitate taldeak hizkuntzaren hots sistema osatzen du, hau da, hizkuntza bat hitz egiterakoan erabiltzen diren hots-multzoa. Bestela esan, hizkuntza batean erabiltzen diren kontsonante eta bokalak.

— Egilea: Oroitz Jauregi

lanaren aipamena nola egin...

Oroitz Jauregi, "Euskararen hots sistema. Ezaugarri fonetiko eta fonologiko nagusiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.es/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3