
Azken eguneratzea: 2009/09/21
Errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko dauden tresnen analisia egin du UPV/EHUko ikertzaile batek bere doktore-tesian. Testuinguru zabaleko erroreak detektatzeko -adibidez, komunztadura-erroreak- esaldiaren analisi-zuhaitza arakatzea beharrezkoa da. Horretarako tresna aproposik ez du aurkitu ikertzaileak, eta, horregatik, Saroi tresna sortu du. Saroik errore sintaktikoen tratamendua egiten du, eta, gainera, analisi-zuhaitzen egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko ere balio du.
Saroi tresna erabilerraza eta malgua da, eta maila desberdinetako hizkuntza-ezaugarrirekin lan egiteko gai da -morfologia, morfosintaxia, sintaxia, etab.-. Egilearen esanetan, hizkuntzalaritzarako lan-tresna egokia eta erabilgarria izan daiteke.
Tesiaren egilea eta Saroiren sortzailea Maite Oronoz Anchordoqui da, eta bere lana Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura izenburupean aurkeztu du. Ikertzailearen iritziz, euskararen egoera dela eta -estandarizazio-prozesuan dago, aberatsa da euskalkiei dagokionez, eta erdara indartsuek inguratzen dute- ohikoa da erabiltzaileek Euskaltzaindiaren arauetatik aldentzen diren hizkuntza-egiturak erabiltzea. Egitura zuzenetatik edo arauetatik desbideratzen diren egitura horiei errore deitu die tesiaren egileak.
Komunztadura-erroreak
Datetan, postposizio-lokuzioetan eta, batez ere, subjektu, objektu eta zehar-objektu funtzioa betetzen duten osagaien eta aditzaren arteko komunztaduran gertatzen diren erroreak detektatu ditu ikertzaileak ikerketa-lanean.
Errore horien bila corpus erroredunak zein zuzenak automatikoki analizatzeko, UPV/EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearen analisi sintaktikorako prozesua erabili du Maite Oronozek, eta informazio linguistikoa adierazteko, berriz, XML bidezko oharpen-sarea.
Erroreak detektatzeko eta zuzentzeko erabiltzen diren teknikei gainbegiratu zabala eman ondoren, hizkuntza-ezagutzan oinarritutako teknikak erabiltzea erabaki du Oronozek. Hala, testuinguru lokaletan -segidan dauden bospasei hitzeko eremuetan- gertatzen diren erroreak detektatzeko eta zuzentzeko, hizkuntzaren tratamendu automatikoko bi tresna ezagun erabili ditu: Xerox Finite State Tool (XFST), datetako erroreak lantzeko, eta Murriztapen Gramatika (MG), postposizio-lokuzioen erabilera okerrak tratatzeko.
Egileari buruz
Maite Oronoz Anchordoqui (Hondarribia, 1972) Informatikan lizentziatua da. IXA taldeko ikertzailea da 1996az geroztik, eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle laguna da 2001etik hona. Bere lana UPV/EHUko Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko Arantza Díaz de Illarraza eta Koldo Gojenola irakasleen zuzendaritzapean egin du.
Argazki-oina: Tesiaren egilea, Maite Oronoz Anchordoqui. (Argazkia: Maite Oronoz Anchordoqui)
UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOA
tel.: 688673679