Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/08/30

UPV/EHU Shangaiko rankingean sartu da
Euskal unibertsitatea lehenengoz agertu da zerrenda horretan, ex aequo 301. eta 400. postuen artean, eta estatuko zazpi unibertsitate onenen artean finkatu da

Euskal Herriko Unibertsitatea lehenengoz sartu da Shangaiko ranking ezagunean. Azterketa horrek urtero izendatzen ditu munduko 500 unibertsitate onenak. Sailkapena Shangaiko Jiao Tong Unibertsitateak egiten du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere.

Euskal unibertsitatea Shangaiko rankingean agertzen den lehen aldia da, eta ex aequo kokatu da 301. eta 400. postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko lau multzo bereizten dira, eta horien barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira.

Sailkapen absolutuan, lehenengo 20 unibertsitateen artean, 18 iparramerikarrak dira. Lehen hiru postuetan Harvard Unibertsitatea, Stanford Unibertsitatea eta Massachusetts Institute of Technology ditugu, hurrenez hurren. Lehen 200 unibertsitateen artean, ez dago espainiar estatuko erakunde akademiko bakar bat ere. 201-300 bitarteko multzora jo behar dugu Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Bartzelonako Unibertsitatea eta Complutense Unibertsitatea topatzeko. Hurrengo multzoan, 301-400, UPV/EHUrekin batera, unibertsitate hauek ageri dira: Bartzelonako Autonomoa, Valentziako Politeknikoa eta Valentziakoa. Atzerago, azken multzoan, Pompeu Fabra, Gradanako, Vigoko eta Zaragozako unibertsitateak ageri dira. Hortaz, Euskal Herriko Unibertsitatea espainiar estatuaren zazpi unibertsitate onenen artean dugu, Shangaiko rankingaren arabera, eta laugarren eta zazpigarren posizioan kokatzen da, maila berean jartzen dituen multzoaren barruan.

UPV/EHUko agintariek hainbatetan adierazi dute erakunde akademikoa 500 unibertsitate onenak biltzen dituen ranking zorrotz horretan kokatzeko asmoa. Iñaki Goirizelaia errektoreak helburu hori adierazi zuen 2010eko maiatzean, UPV/EHUko ikerketa-mapa aurkezteko ekitaldian.

UPV/EHUk Shangaiko rankingean gaur egun duen posizioak gainditu egiten ditu aurreikuspen haiek. "2010-2014 Ikerketa Planaren aurkezpenean" adierazi du errektoreak "lau helburu argi finkatu genituen etorkizun hurbilerako: ikerketen arloan, estatuko unibertsitateen Top 10ean kokatzea; Europako lehenengo 200 unibertsitateen artean kokatzea; eta, munduko 500 unibertsitate onenen multzoan sartzea. Laugarren helburua lortzeko, urtero 400 doktore-tesi defendatu behar dira batez beste. Hortaz, Shangaiko sailkapenaren argitalpenak talde pribilegiatu horren barruan kokatzen gaitu estatuan, Europan eta nazioartean. Hori dela eta, erabat asebeteta egon gaitezke UPV/EHUko kide guztiak, pertsona askok ikerketan, irakaskuntzan eta kudeaketan eginiko ahaleginaren emaitza baita. Zorionak guztioi! Oso pozik gaude, aurreikusi baino lehen, garrantzi handiko helburua lortu dugulako, eta horrek pizgarria izan behar du datozen urteetan gure posizioa finkatzeari begira. Euskal gizarteak unibertsitate bikaina du, eta prestutasun osoa dugu, urtez urte, ikerketa eta kulturarekin dugun konpromisoa sendotzeko, emaitzen bidez".

Informazio gehiago: http://www.shanghairanking.com/ARWU2012.html

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa