
Azken eguneratzea: 2012/08/07
Arratia eta Nerbioaldea (Bizkaia) hartzen dituen Berritzegunean egiten du lan Jasone Aldekoak, eta bertan Ulibarri programarekin izandako esperientziaz hausnartu du, UPV/EHUn defendatu duen tesian. Gaur egun EAEko 400 bat ikastetxek hartzen dute parte hezkuntza-komunitatean euskara normalizatzea helburu duen egitasmo honetan. Ondorio positiboak atera ditu ikertzaileak, baina azpimarratu du epe ertain edo luzera begira finkatu behar direla helburuak, eta horiek ondo ateratzeko, zintzo jokatzea dela gakoa: "Gurasoak konturatzen direnean irakasleok jarduna zintzotasunez egiten dugula eta euren seme-alaben mesedetan jokatzen dugula, ikastetxearekin bat egiten dute". Tesiaren izenburua hau da: Euskararen normalizazioa hezkuntzan (2000-2010): Ulibarri programa. Euskarri teorikoa, metodologia eta faktore azalgarriak.
Ulibarri programa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bideratzen du, eta 1996-97 ikasturtean hasi zuten. "Ikastetxeetan euskararen erabilera suspertzea da helburua", dio Aldekoak. Ikastetxe bakoitzak bere Hizkuntza Normalkuntza Proiektua (HNP) du, zentro horretako ekosistemaren arabera eraikia, eta Ulibarrik bildu egiten ditu HNP horiek, hezkuntza-sistemaren testuingurupean. Hezkuntza-sistemak eskolari begira prestatu duen hizkuntza-plangintza da Ulibarri: euskararen erabilera bultzatzen du, hezkuntza-sisteman dagoen ezagutzaren bidez, eta HNP ibilgailu gisa hartuta.
Ikerketa egiteko, Branka informatika-tresnak emandako emaitzak baliatu ditu, batez ere, Aldekoak. Ulibarri programaren barruan, ikastetxeek hizkuntzaren egoeraren diagnosia egiteko eta HNP zer neurritan betetzen ari diren jakiteko daukaten erremintetako bat da Branka. "Diagnosirako prozedura honek askotariko informazioa biltzen du, eta hezkuntza-komunitate osoa hartzen du barruan. Gakoa da ikastetxe bakoitzak egiten duen prozesuan", azaldu du tesi-egileak.
Denboraren perspektiba
Aldekoak ondorioztatu duenez, jorratu duen eremuan, eta aztertu duen hamarkadan, aplikatutako prozedurak (Ulibarri programak eta ikastetxe bakoitzeko HNPk) lagundu egiten du euskararen normalizazioaren helburua betetzen. Hau da, teorian azaldutakoa bete egiten da ikastetxeetan aplikatzen denean. Hobetzeko xehetasun batzuk ikusi ditu; erregistro jasoa euskaraz lantzeko eta estatistikan eta soziolinguistikan janzteko beharra, kasu. Baina emaitzak, bere neurrian hartuta, positiboak dira. "Hemen aztertu dudan hau hamar urteko islatxo bat da soilik, ubide txiki bat, eta ondorioek ubide txikitxo horren balioa dute. Dena dela, ondorioak onak izan dira, oso onak kasu batzuetan, baina zuhurtziaz interpretatu behar dira", zehaztu du ikertzaileak.
Bost edo hamar urteko epea hartuta, eragin positibo esanguratsuak detektatu ditu Aldekoak, euskararen ahozko erabileran zein idatzizkoan. Epe ertain edo luzera pentsatze hori, "denboraren perspektiba", funtsezkotzat jo du emaitzei neurria hartzeko orduan. Eta emaitzok positiboak dira zintzo jokatu delako: gurasoek irakasleen borondatea eta asmo ona sumatu dute, eta ondorioz, haiek ere inplikatu dira. "Epe ertain eta luzeko emaitzek eutsi egiten diote denboraren aldagaiari, eta kasu horretan, epe laburreko ikusgarritasuna baino gehiago, zintzotasuna da garrantzitsua. Bezeroak zintzotasun hori, fideltasun hori, baloratzen duelakoan nago. Horren erakusgarri, gurasoek jarraitzen dute haurrak euskarazko ereduan matrikulatzen, euskaraz dakiten guztia erabiltzen dute ikastetxearekin dituzten harremanetan…", gaineratu du tesi-egileak.
Hain zuzen ere, hizkuntza-indarberritze prozesuak epe laburrekoak ez direlako eta etengabeko belaunaldi-erreleboekin lan egin behar delako, egiteko honetan talde-lana oso garrantzitsua dela azpimarratu du Aldekoak. Aztergai den kasu zehatz honetan, Arratia eta Nerbioaldeko teknikarien eta ikastetxeen artekoa izan da elkarlana. Alde horretatik, hiru ekarpen nagusi islatu ditu ikertzaileak, bere tesian: "Batetik, denon artean egin dugun ibilbide teorikoa. Bestetik, hamar urtean, bakoitzak bere komunitatean zein denon artean, egin dugun azterketa enpirikoa. Eta azkenik, lan honek denontzat balio du, era berean, norberak bere hezkuntza-komunitatean emaitza horien inguruan hausnartzeko eta etorkizunerako lan-ildoak finkatzeko".
Egileari buruz
Jasone Aldekoa Arana (Bilbo, 1964) Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomatua da, Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, irakasle graduondoko unibertsitate-diplomatua, eta ikasketa aurreratuen diplomatua Psikodidaktikan. Jose Maria Madariaga Orbea eta Xabier Isasi Balantzategiren zuzendaritzapean idatzi du tesia; UPV/EHUko Leioako Irakasle Eskolako Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko kidea da Madariaga, eta Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailekoa, Isasi. Tesia egiteko, elkarlanean aritu da Arratia eta Nerbioaldeko 19 herritako ikastetxe, udal eta kultura-eragileekin. Gainera, kontraste-lanak egin ditu beste Berritzeguneekin eta Gales, Irlanda, Frisia, Eskozia eta Norvegiako zenbait hezkuntza-erakunderekin. Gaur egun, Aldekoak Basauri-Galdakaoko Berritzegunean (B06) egiten du lan, hizkuntza-normalkuntza aholkulari gisa.