
Azken eguneratzea: 2012/08/02
Ekialdeko Kantauriko uraren tenperaturak 0,24ºCko goraldia jasan du hamarkadako laurogeietatik hona. Udan igoera 0,33 gradukoa izan da. Alegia, azken 30 urteotan uraren udako batezbesteko tenperatura ia 1º igo da. Horri klima-aldaketaren eraginez eratorritako beste faktore batzuk lotu zaizkio, eta, ondorioz, itsas landaredian aldaketa nabariak gauzatzen ari dira. Horrela adierazi du UPV/EHUko Itsas Bentos ikerketa taldeak burututako "Seaweed assemblage changes in Eastern Cantabrian Sea and their potential relationship to climate change" lanean. Ikerketa Estuarine, Coastal and Shelf Science izeneko aldizkari internazional eta multidisziplinarioan argitaratu da. Aldizkari horrek kostalde, estuario eta plataforma kontinentaleko itsas ingurumeneko espezieen antolaketa eta prozesu kimiko eta fisikoen ikerketak kaleratzen ditu.
"Lurrean aldaketa hutsala dirudi, egun berean tenperatura hamar gradu gora edo behera joan daitekeelako. Itsasoan, aldiz, tenperatura aldaketak geldiagoak dira. Beraz, azken hiru hamarkadotan itsasoan tenperatura gradu bat igotzea oso aldaketa adierazgarria da eta, dudarik gabe, landaredian ondorioak izan ditu", azpimarratu du José María Gorostiagak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasleak eta Itsas Bentos taldeko zuzendariak.
Ikerketak agerian utzi du, azken 30 urteotan, udaberrian eta udan euriak asko murriztu direla. "Alde batetik, udan euriak murriztu dira eta, bestetik, itsasoko ura gehiago estratifikatu da. Ondorioz, ura gardenagoa da, itsas hondoan eguzkiaren eragina handiagotu da, eta elikagaiak murriztu dira. Horiek guztiek eragin negatiboa izan du alga espezie batzuen biziraupenean", azaldu du Isabel Díezek. Díez Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea eta ikerketaren egilekidea da.
Ikerketa taldeak floran emandako aldaketak zehaztu eta neurtu ahal izan ditu, taldearen zuzendariak 1991n egindako ikerketa aitzindari baten datuak eta, metodologia eta kokaleku berdinak erabiliz, 2008 eta 2009 artean jasotakoak konparatu dituelako. "Hauteman genuen, adibidez, kopadun algak -lurreko zuhaitzen baliokide diren espezieak eta euskal kostaldean zehar itsas belardiak osatzen dituztenak-, "basogabetze" prozesua jasaten ari zirela", adierazi du Gorostiagak.
Ikerketak datu adierazgarriak bildu ditu, eta emandako aldaketak fenomeno global baten parte direla utzi du agerian. "Aldaketarik handienak datoz kopadun geruza osatzen duten algen gutxitzetik, alga horiek itsas hondoaren gunea eta habitata antolatzen baitute. Alga laminariak, ur hotzetan bizi eta eta San Juan Gaztelugatxekoan eta Bakion ugariak zirenak, guztiz desagertu dira. Kanpoko espezieek, berriz, gora egin dute", azaldu du Isabel Díezek. Alga sinple eta tamaina txikikoak, urtarokoak eta euskal kostaldeko floraren kide iraunkorrak ez direnak, anitzagoak eta oparoagoak direla frogatu dute.
UPV/EHUko Itsas Bentos taldeak ondorioztatu du algak aldaketa klimatikoarekiko oso izaki sentiberak direla, eta horren adierazle gisa erabil daitezkeela. "Zenbait faktorek aldi berean elkarri eragitetik datoz aldaketak. Beraz, oso zaila da aurreikustea nola garatuko diren fenomeno hauek. Xehetasun gehiago jakingo ditugu landa lanetan zein laborategian aurrera eramaten ari garen proiektuei esker", erantsi du Isabel Díezek.
José María Gorostiaga eta Isabel Díezekin batera, Nahiara Muguerzak, Alberto Santolariak eta Unai Ganzedok parte hartu dute ikerketan. Denak UPV/EHUko Landareen Biologia ta Ekologia Sailekoak dira.
Ikerketari buruzko bideoa ikusi
Argazki oina: Gelidium corneum alga gorriak osatutako ur azpiko zelaiak gainbehera izan dute euskal kostaldeko leku askotan. Udan estres sintomak adierazten dute (argazkian ikusten den kolore horixka). Estres horrek ingurumeneko estresa islatzen du eta azken hiru hamarkadetako baldintza klimatiko berrietatik dator.