
Azken eguneratzea: 2012/08/01
UPV/EHUk liburu batean (31 Mb, pdf) argitaratu ditu Leioako Zientzia Parkean graduondoko ikertzaileak eta ikasleak hartzeko asmoz eraikiko den egoitzaren diseinua dela eta unibertsitateak deitutako ideia-lehiaketara hainbat arkitektura-estudio eta -enpresak aurkeztu zituzten 26 proiektuak. Aurkeztutako proposamen guztien argibide tekniko eta zirriborroak batzen dituen liburu honek 170 orrialde ditu DIN A3 formatuan eta koloretan.
Egoitza Zientzia Parkearen hegoaldean kokatuko da, Campusean egun dauden eraikinen ondoan. Eraikinak 1.890 metro koadroko azalera eta bost solairu (sotoa eta beheko solairua barne) izango ditu, eta sestraren gainean eraikitako azalera osoa 7.224 metro koadrokoa izango da. 19 metroko altuera maximoa izango du. Ideia-lehiaketa hau UPV/EHU Euskampus proiektuari esker Nazioarteko Bikaintasun Campus aitortua izan ondoren jasotako funtsekin finantzatu da.
Lehiaketako lehen saria, 21.000 eurokoa, Bartzelonako Aq4 Arquitectura estudioak aurkeztutako METROcúbico proiektuak irabazi zuen, eta proposatutako azalera gehiena aprobetxatzen du eta 207 gela eta egoiliarrentzako 270 plaza lortuko ditu. Bigarren saria, 9.000 eurokoa, Javier Gómez Mateosek aurkeztutako Magic Box proiektuarentzat izan zen.
Carmelo Garitaonandia UPV/EHU Bizkaiko Campuseko errektoreordeak adierazi duenez, "gurea bezalako bikaintasun unibertsitate bat ez da ikertzen duen, kalitateko doktoretza-programak dituen, doktore-tesiak defendatzen dituen, ISI zientzia-artikuluak idazten dituen, patenteen lizentziak ematen dituen, edo deialdi lehiakorretan bere ikerketa-proiektuetarako finantzaketa lortzen duen unibertsitatea soilik. Master, graduondoko eta doktorego ikasleei, ikertzaile junior eta seniorrei, erakarri dezakeen giza adimen horri guztiari ostatu erakargarria, erosoa eta ikerketa-guneetatik hurbil dagoena eskaintzeko gai den unibertsitatea ere bada". "Ezinbestekoa da -jarraitzen du Garitaonandiak- ostatu funtzionala eta modernoa eskaintzea ere, askatasuna eta autonomia zerbitzu komunekin, bizikidetzarekin, lasaitasunarekin eta ingurune naturalarekin konbinatzen dituena".
Euskal Herriko Unibertsitateak, gaur egun, hiru egoitza ditu (Blas de Otero, Bilbon; Manuel Agud Querol, Donostian; eta Tomás Alfaro Fournier, Gasteizen) eta ikasle-egoitza nagusi bat (Miguel de Unamuno ikasle-egoitza nagusia, Bilbon). UPV/EHUren Leioako Zientzia Parkearekin beste egoitza berri bat eskainiko zaie ikertzaileei eta graduondoko ikasleei, beraien jarduera lasaitasunez egin ahal izan dezaten erraztuko diena.