
Azken eguneratzea: 2012/07/30
Lander Valle eta Rubén Otero UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Makina-Erreminta gelako ikasleak izan dira Euspen Challenge 2012ko irabazleak, Europako Prezisio Ingeniaritza adarrean. Norgehiagokoaren finala uztailaren 17tik 19ra izan zen Herbeheretako Eindhoven hirian eta nazionalitate ezberdinetako hiru ikaslez osatutako zortzi taldek parte hartu zuten.
Belgikar ikasle batekin eta beste poloniar batekin osatu zuelarik taldea, Lander Vallek "Proiektu Orokorrik Onena" saria irabazi zuen, eta Ruben Oterok, ikasle ingeles baten eta beste alemaniar baten laguntzarekin, "Erakustaldirik Onena" saria eskuratu zuen. Biak, Lander zein Ruben, Euspen Challenge 2012 atal espainiarrean sarituak izan ziren Roberto Polvorosa Bilboko Ingeniaritza Eskolako kidearekin batera, Europako Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak (Euspen) eta sektoreko enpresa nagusiek antolatuta, arlo honetan Europan dauden talenturik onenak identifikatu asmoz.
Europako zortzi herrialdetako taldez osatutako europar finalak, guztiak harritu zituen. Epaimahaiak, mugimendua murriztuta duten pertsona desgaituen arazoak konpontzeko irtenbide praktikoen erakustaldiari lehentasuna emanez, erronka bat proposatu zieten zortzi talde partehartzaileei finalaren bezperan: zango bakarreko pertsonentzako laguntza elementu bat diseinatzea ondoko elementuetatik abiatuz: makanozko piezez betetako kutxa bat, kartoizko hiru xafla, kablerik gabeko zulagailu bat eta laban bat. Ingeniaritza arazoak gainditu behar izateaz gain, talde bakoitzak, sektoreko enpresa ospetsuetako kidez osatutako epaimahaiari, merkatuan izan dezakeen ustiapen plan baten proposamena ere garatu behar izan zuen. Eta guztia, sei orduko epe murriztuan.
Ruben Oteroren taldeak, tamaina naturaleko urre-koloreko gurpil eta balaztadun makulu bat diseinatu zuen, Ruben bera izanik, epaimahaiaren aurrean bere ezugarrien erakustaldia egin zuena. Lander Vallek eta bere taldekideek bestetik, maketa eskalako urre-koloreko aulki baten hautua egin zuten, aurreko hiru gurpilekin edozein oztopo gainditzeko gai izanik eta atzekoarekin, bira egiteko gai izanik.
Euspen Challenge 2012 sariak, Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritzako Euspen Europar Elkarteak sustatzen ditu, Tekniker zentro teknologikoa izanik elkartekide bat eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Ingeniaritza Mekanikoa Sailarekin batera, estatu mailako atala antolatu zuena. Lehiaketa honen helburua, Europan dauden ikaslerik onenak identifikatzea da, Prezisio Ingeniaritza sektorean, etorkizuneko lider europarrak bilatzeko helburuarekin.
Europako Prezisio eta Nanoteknologia Ingeniaritza Elkarteak mundu osotik barreiatutako 30 herrialdetako enpresariak, ikerlariak eta erakundeak artikulatu eta kontaktuan jartzen dituen nazioarteko sare eraginkor bat da. 1999an Britainia Handian kokaturik, bere helburua enpresa eta ikerketa institutoen artean kolaborazioa sustatzea da, garapen teknologiko ezberdinak bultzatzeko prezisio ingeniaritza eta nanoteknologia alorrean.
Gogora ekarri, 2010eko edizioan, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko hiru ikaslek, espainiar atala irabazi izana eta hauetako batek, Unai Alonso Pinillos, orduan Makina-erreminta Gelako ikaslea eta orain UPV/EHUko irakaslea izan zela, europako irabazleen arteko bat.