Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/07/30

1.200 ibilgailurentzako tokia izango duen aparkaleku berriaren lanak hasi dira Leioa-Erandio eremuan
Leioa-Unbe errepidearen desbideratzearen ondorioz, Campuserako sarreretako bat behin-behinean itxiko da abuztuaren erdialdetik urtearen bukaerara arte

Astelehenean, uztailak 30, UPV/EHUren Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio eremuko aparkaleku berriaren obrak hasi dira Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen aurrean. 2013ko irailerako bukatuta egongo den aparkaleku berri honetan 1.200 ibilgailurentzako tokia egongo da, eta baita autobusentzako 20 nasa eta autobusei itxaroteko eremu estali bat ere, horrek garraio publikoarentzat ekarriko duen hobekuntzarekin.

Lan hauen ondorioz, toki horretan zegoen behin-behineko aparkalekua desagertu egingo da eta atletismo pista egokituko da aldi baterako aparkaleku bezala. Behin obrak bukatuta, esleipena jaso duen enpresa bera arduratuko da atletismo pista bere onera ekartzeaz, kontratuaren klausuletan batzen den bezala.

Carmelo Garitaonandiak, UPV/EHU Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, adierazi duenez, "badakit hau sakrifizio handia eskatzea dela, batez ere kirolarientzat eta atletismo pistaren erabiltzaileentzat, baina espero dut denok konturatzea zelan hobetuko den campusaren irisgarritasuna behin obrak amaitutakoan".

Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzatik dei bat egin zaie Leioako Campusera etorri behar diren guztiei ahal den neurrian garraio publikoa erabili edo kotxe partikularra partekatzeko ohitura har dezaten.

Leioa-Unbe errepidearen desbideratzea eta Campuserako sarbide baten itxiera

Beste alde batetik, Parke Zientifikoan burutzen ari diren urbanizazio lanak direla-eta, abuztuaren erdialdera Leioa-Unbe errepidea desbideratu egingo da eta, ondorioz, Campuserako sarreretako bat behin-behinean itxiko da. Horrela, abuztuaren erdialdetik urtearen bukaerara arte bi sarrera izango ditu Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuak: bata, gaur egungo sarrera nagusia (Medikuntza Fakultatearen ondoan) eta, bestea, Irakasleen Eskolaren eta Arte Ederren Fakultatearen bitartean dagoen albotiko sarrera.

"Ez daukat zalantzarik lan hauek eragozpenak eragingo dituela unibertsitate-erkidegoan, baina ahalegin osagarri bat egin behar dugu guztiok, Parke Zientifikoaren urbanizazioan eta bere saihesbidearen eraikuntzan beharrezko aurrerapausoa delako honakoa", adierazi du Garitaonandiak.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa