Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/07/26

UPV/EHUko ikertzaileek HIESaren aurkako txertoaren garapenean parte hartuko dute

Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradun José Luis Nieva buru duen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa talde batek HIESaren (GIB) birusagatiko infekzioak saihesten lagunduko duen antiMPER txertoaren garapenean parte hartuko du Ipar Amerikako hiru unibertsitatetako taldeekin batera. UPV/EHUz gain, Kanadako Simon Fraser Unibertsitateak eta AEBko Kaliforniako eta Massachusettseko unibertsitateek parte hartuko dute programa honetan. Ikerketa proiektu honetara hiru milioi dolar bideratu dira; AEBko Osasun Institutu Nazionalek NIH) finantzatu dute, eta Osasun arloko Ikerketarako Kanadako Institutuaren (CIHR) ekarpen bat ere izan du.

Ikerketa honen garapenari esker, azken urteotan UPV/EHUn garatu diren antiMPER txerto prototipoen eraginkortasuna neurtu eta optimizatu ahal izango da. Berez, Nieva doktoreak zuzendutako taldea aitzindaria izan da GIBaren MPER alderdia (membrane proximal external region) deskribatzen. Talde honek Biofisika Unitatean garatzen du bere ikerketa jarduera (UPV/EHUren eta CSICen zentro mistoa), neurri batean Biofisika Bizkaia Fundazioak finantzatuta. GIBaren MPER alderdia izan daiteke, hain zuzen, HIESaren birusaren ahulguneetako bat eta etorkizuneko txertoaren oinarria.

Etorkizuneko antiMPER txertoaren garapena antiVIH txerto bat lortzeko estrategia berritzaile baten baitan kokatzen da. Antigorputz neutralizatzaileek ezagut ditzaketen birusaren hainbat elementu biltzen dituen puzzle moduko bat osatzean datza. Nievak azaldu duenez, "egingo dugun ikerketa paradigma berri batean oinarritzen da, izan ere, MPER alderdia mintzetan txertatzen den GIB zati bat da. Antigorputz batzuk mintzean gordetako MPER epitopoak identifikatzeko eta birusa neutralizatzeko gai dira. Eta hau berria da. Orain, gure lana mintzen barruan MPER imitatzen duten pieza sintetikoak immunogeno gisa, hau da, txerto gisa erabiltzean datza".

Duela hamabost bat urte José Luis Nievaren ikerketa taldeak GIBaren MPER alderdiaren propietateak deskribatu zituenetik, munduko ikertzaile talde askok jardun dute osagai hau aztertzen. "Guk abantaila bat dugu: baditugu erantzun immuneak pizten dituzten prototipoak, eta orain, proiektuan parte hartzen duten beste taldeekin lankidetzan, prototipo horiek optimizatu eta txertatze estrategia eraginkor baten testuinguruan jarri behar ditugu", hala adierazi du Nievak.

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa