
Azken eguneratzea: 2012/07/20
uztailaren 16tik, uztailaren 19ra arte UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen ikastaroen aurtengo edizioari ekin zioten. Duela 30 urte baino gehiago abiatu ziren ikastaro hauek lehen aldiz, Gasteizen; aurtengo edizioan, Gasteiz bera Europako Hiriburu Berde izendatu dutela baliatuta, ingurumen zuzenbideak gaur egun bizi duen egoerari erreparatuko diote batik bat.
Aurtengo edizioa inauguratzeko ikastaroa Juanjo Álvarezek (Zumaia, 1964) eskaini du; Álvarez UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen ikastaroen koordinatzailea eta katedraduna da, eta "Lecciones Jurídicas del Prestige" izenburua izan duen hitzaldian ingurumen hondamendien prebentzioan ingurumen zuzenbideak duen garrantzia nabarmentzen saiatu zen.
Eskaini duzun ikastaroaren izenburua "Lecciones Jurídicas del Prestige" izan da; zure ustez, marko juridiko zehatz bat ez egoteak are gehiago larriagotu zituen hondamendiak ingurumenean sorrarazi zituen kalteak?
Bai, argi dago. Ontziaren egitura kaltetu zuten hasierako arrazoiak alde batera utzita, nabarmendu behar da une hartan ez zegoela horrelako egoeren prebentziorako legedirik. Araudirik ez zegoenez, gertatutakoa ez zen arazoa arindu zezakeen modu jakin batean kudeatu. Olatuetatik babestutako gune batean egonda ere, ontzia itsas zabalean nabigatzera behartzea, edo babesteko porturik ez egotea, besteak beste, faktore erabakigarriak izan ziren hondamendian; horien ondorioz, azkenean itsasora 43.000 tonatik gora petrolio gordin isuri zen.
Gertatutakoaz benetan ikasi ote dugu?
Baietz espero dugu. Orain arte Prestige izan da Espainiako kostaldean gertatu den ezbehar ekologiko handiena. Istripua gertatu zenean ez zegoen inolako prebentzio kulturarik. Oraindik ere ez dago horrelakorik, baina aurrerapen nabarmenak egin direla onartu behar da. Prestige eta gero, besteak beste, itsas salbamenduko plan bat onartu da horrelako istripuen balizko ondorioak minimizatzeko. Nolanahi ere, egoera ideala izango litzateke istripuen ondorioz arautu behar ez izatea; izan ere, nire ustez hori egin da azken hamabost urteetan.
Ez al da kontraesana ingurumen hondamendiei aurrea hartu eta kalteak mugatzeko legedian pentsatzea, hain justu ere fenomeno horien ezaugarri nagusia ezin aurreikustea izanik?
Egia da, ezin gara ingurumen arriskuen zero mailara iritsi. Baina asko egin daiteke. Esaterako, Estatu Batuetan, 1990. urtean lege bat onartu zuten itsas istripuak saihesteko. Besteak beste, lege horrek ezarri zuen AEBko kostaldetik gertu nabigatzen zuten itsasontzi eta petrolio ontzi guztiek krosko bikoitza izan beharko zutela. Kasualitatea izan daiteke, baina lege hura onartu zenetik kostalde haietan ez dute itsas ezbehar larririk izan. Legediek prebentzioaren kultura bultzatu behar dute, eta erantzukizunak finkatu behar dituzte, arauren bat hausten bada kutsatzen duenak ordaindu egingo du esaera bete dadin.
Prestige ontziaren ondoren, Costa Concordia itsas bidaiaren istripua gertatu zen, Italian; oraingo honetan ere prebentzio legedirik ez zegoela argudiatu behar da?
Bidaiarien sektorean, kargaren sektorean ez bezala, pertsonen gaineko erantzukizuna ingurumen arlokoa baino garrantzitsuagoa da. Horrez gain, Prestige ontziarekin alderatuta, bada beste desberdintasun handi bat ere: istripu honen kasuan, kulpa nautikoa osagai argia izan zen; izan ere, ontzia zuhurtziagabekeriaz kostara gerturatu zen, eta horrelako ontziek nabigatzeko oso arau zorrotzak betetzeko betebeharra dute. Edonola ere, azkenean gauza bera egiaztatu ahal izan da: segurtasun neurri oro da garrantzitsua, txikia iruditu arren.
Zentral nuklearren segurtasuna ere kezka handia da gizartearentzat; arlo horretan beharrezko neurri guztiak hartzen ari dira?
Energia nuklearraren sektorea sakon aztertu behar da, eta, tamalez, Fukushimako ezbeharraren ondoren eginbehar zaila da. Horren haritik, kezkagarria da gai horietan botere publikoek pendulu mugimendua jarraitzen dutela ikustea; Garoñako zentralaren bizitza erabilgarriari dagokionez, adibidez, agintariek jarrera behin eta berriro aldatu dute. Kontrara, Fukushimako ezbeharra baino lehen Europako Batzordeak energia nuklearra berraktibatzeko beharra bultzatzen zuen, Europaren energia mendekotasuna zuzentzeko; orain, aldiz, kontrako alderantz egin duela dirudi. Japoniak, esaterako, bertako zentral nuklearrak erabat seguruak zirela babesten zuen, beste herrialde askok bezalaxe; orain, alabaina, erreaktore guztiak geldiaraztea erabaki du. Desadostasun eta iritzi aldaketa horiek guztiak aintzat hartuta, nolabait ulergarria da herritarrek konfiantzarik ez izatea.
Japonian energia nuklearra geldiarazi dutela aipatu duzu; horrelako erabakiek herrialdeak lehiakortasuna galtzea eragin dezakete, ingurumenaren segurtasuna lehenestea erabakitzen ez duten herrialdeekin alderatuta?
Bada, adierazpen gogorra dirudien arren, agerikoa da: gero eta eskakizun gehiago, orduan eta altuagoa izango da kostua. Prebentzio neurriak hartuz gero, energia operadoreak kostu horren eragina merkatuan aplikatuko du, eta horrenbestez, lehiakortasuna galduko du. Arazoa, hain zuzen ere, horixe da: segurtasuna eta kostu baxuak ez dira parametro bateragarriak. Segurtasun arloko inbertsioak ez dira estatuko interesak babesteko ikuspegitik egin behar: arlo horretan mugei buruz hitz egitea barregarria da. Paradoxa da Europar Batasuna tomateen etiketak bateratzeko lanean aritzea eta, aldiz, segurtasun nuklearrari buruzko legedi bakarra ezin lortzea. Horrez gain, eta Prestige ontziaren gaiari helduz berriz ere, auziaren sakonean gobernuaren lurralde obsesioa zegoen, ontzia Espainiaren eskumeneko uretan hondoratu ez zedin eta, hala, erantzukizuna saihestu ahal izateko. Azkenean ontzia Espainiako uretan hondoratu zen, baina milia gutxi batzuk urrunago hondoratu izan balitz ere, fuel olioak kalte berbera eragingo lukeen Espainiako kostaldean eta Portugal eta Landetako inguruan.
Existitzen al da ingurumen arloan axolagabekeriaz jokatzen duten herrialdeak zigortzeko ahalmena duen erakunderik, estatu mailako zuzenbidearen gainetik?
Hori da gakoetako bat: ez dago behartzeko, betearazteko eta zigortzeko ahalmena duen nazioarteko inolako erakunderik. Europan Segurtasun Agentzia dugu, eta etorkizunean aipatutako eskumen horiek eskuratzea espero dugu. Arlo diplomatikoan makina bat adierazpen apaindu eta handiuste izan ditugu, baina orain arte ez dute betearazteko inolako ahalmenik izan. Horri dagokionez, behar bada nabarmenena zera da, ingurumena babestea oinarrizko beste eskubide batzuekin parekatzen duen jurisprudentzia sortzen ari dela.