Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/07/20

Guatemalako Mendebaldeko Unibertsitateak Antonio Beristain izena jarri dio haren eremuetako bati
Horrela bada, giza eskubideen eta biktimen alde egindako lana onartzen du

Guatemalako Mendebaldeko Unibertsitateak Antonio Beristain Ipiñari (1924-2009) omenaldia egin dio eta haren izena jarri dio bertako Eremuetako bati. Horrela bada, "zigor-zuzenbideari, politika kriminalari, kriminologiari eta biktimologiari zuzendutako lan eta idazki asko dituen maisu pentsalaria omendu nahi du, baita egoera bidegabeen aurkako eta giza eskubideen aldeko konpromisoarengatik eta presoen eskubideen defentsa eta makrobiktimazio terroristari buruzko ikerketa sakonengatik ere".

Antonio Beristain Ipiña (1924-2009), Kriminologiaren Euskal Institutuaren (IVAC/KREI) sortzailea eta ohorezko zuzendaria -bertako zuzendaria 2000. urtera arte-, Delinkuentziari, Bazterkeriari eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Ikerkuntza Zentroaren presidentea (DMS International Research Center) -berak sortutakoa Kriminologiako Nazioarteko Elkartearekin batera- eta Zuzenbide Penaleko Katedradun emeritua izan zen. Europako eta Amerikako hainbat unibertsitatetan egin zuen lana, eta gai jakinetan espezializatu zen, hala nola biktimologia, kriminologia eta presondegiak. Antonio Beristainek, bere ibilbide akademikoan, goi-mailako hainbat aitortza jaso zituen nazioartean, non erakunde zientifiko garrantzitsuetan parte hartu zuen. Era berean, laurehun artikulu baino gehiago argitaratu zituen estatuko eta nazioarteko aldizkarietan, ehun bat hitzaldi eman zituen, eta lankidetzan jardun zuen Ministerioko Batzordean, Espainiako Presondegietako Lege Orokorra prestatzen. Egoera bidegabeei aurre eginez eta giza eskubideen aldeko lanean konpromiso handia erakutsi zuen, eta unibertsitatean igarotako azken urteotan lan handia egin zuen biktimen alde. Horregatik guztiarengatik, Guatemalako Mendebaldeko Unibertsitateak omenaldia eskaini dio bertako eremuetako bati haren izena jarriz.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa