
Azken eguneratzea: 2012/07/19
Espainiako Gobernua onartzen ari den murrizketa neurrien aurrean, UPV/EHUko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako Batzarrak, kontuan izanda ikastegiaren egitekoan, ikuspegian eta balioen artean berariaz "laneko eskubideei eta gizarte-politikei begirako sentiberatasuna" eta "gizartera zabaldu eta hedatzea" ageri direla, 2012ko uztailaren 18an egindako premiazko eta ezohiko bileran, aho batez -bigarren erabakian izan ezik, non abstentzio bat egon den- honako erabaki hauek onartu ditu:
LEHENENGOA: Neurriok salatzen eta arbuiatzen ditugu soldaten eta lan baldintzen erabateko hondatzea dakartelako. Neurriok aberastasunaren banaketan ezberdintasunak areagotzen dituzte eta gero eta pertsona gehiagoren pobrezia egoera larriagotzen dute. Horrek guztiak ongizate estatuaren porrot progresiboa dakar.
BIGARRENA: Ikastegi honetako agerraldi publiko eta hedabideetan, aipaturiko neurriak salatzen eta baztertzen ditugula adierazteko honako esaldi hau erantsiko da: ABERASTASUNAREN BANAKETA ZUZEN BATEN ALDE / POR UN REPARTO JUSTO DE LA RIQUEZA.
HIRUGARRENA: UPV/EHUko Gobernu Kontseiluari eskatzen zaio bat egin dezala zenbait erakundek (Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak…) neurri horiek direla-eta adierazi duten salaketa eta arbuiatze jarrerarekin eta ez ditzala bete UPV/EHUko langile eta ikasleei eragiten dieten murrizketa neurriak.
LAUGARRENA: Ikastegiko komunikabideak erabiliz (webgunea, aldizkari elektronikoa, aldizkaria, iragarki-oholak, eta abar) idatzi honetan arbuiatzen diren neurrien eduki eta ondorioen analisian parte hartzeko konpromisoa gauzatzea eta proposamen alternatiboak plazaratzea eskatzen da.
BOSGARRENA: Eskolan dauden sailei eskatzen zaie, irakaskuntzan zein ikerkuntzan, idatzi honetan arbuiatzen diren neurrien eduki eta ondorioen analisian parte hartzeko konpromiso bera har dezatela eta proposamen alternatiboak aurreratu ditzatela. Bereziki zehaztapen hori Gradu eta Master Amaierako Lanak egiteko eskainiko dituzten ikerkuntza-ildoetan gauzatzea eskatzen zaie.
Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako zuzendari Ángel Elíasek esan du: "Oso garrantzitsua iruditzen zait gure ikastegiko batzarraren adierazpena aho batez egin dela egiaztatzea. Gure eskola lan eta gizarte politikei dagozkien gaiak irakasteko ardura du, eta adierazpen hau egitea oso inportantea zen. Gainera, doinu baikorrean egin nahi izan dugu. Horregatik, Aberastasunaren banaketa zuzen baten alde / Por un reparto justo de la riqueza".