Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/07/13

UPV/EHUko argitalpen batek bigarren jCR2011 puntuaketa izatea lortu du Estatuko aldizkarien artean Gizarte Zientzien arloan
Revista de Psicodidáctica / Journal of Psychodidactics izeneko aldizkariak posizio hori lortu du, Institute for Scientific Information (ISI) erakundeak argitara atera duen azken eragin-indizearen arabera

Institute for Scientific Information (ISI) erakundeak 2011. urteari dagozkion datuak argitara atera ditu, eta, datu horien arabera, UPV/EHUko Revista de Psicodidáctica aldizkaria Espainiako bigarren onena da ISIn indexatutako Gizarte Zientziei buruzko 41 aldizkarien artean. Zehazki, lortutako indizeari esker (2.667), nazioartean Hezkuntza eta Psikologia elkartzen dituzten edukietan eraginik handieneko seigarren aldizkaria bihurtu da.
UPV/EHUko Revista de Psicodidáctica aldizkaria 1996an sortu zen, eta, hasieratik bertatik, urteko bi zenbaki argitaratzen ditu. Horietan, guztira, paperean zein formatu elektronikoan editatzen diren 20 artikulu biltzen ditu. Horren edukiak Psikologiaren eta Didaktikaren artean daude, eta, zehazki, Hezkuntzaren Psikologia lantzen du. Argitalpenaren azken xedea honakoa da: hezkuntzako eta psikologiako profesionalei hezkuntza-berrikuntzako azken tresnak ematea, hezkuntza-maila guztietan ikaskuntza errazteko.

Aldizkariak UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren laguntza dauka, eta aldizkariko artikuluek berrikuste-prozesu zorrotza igaro behar dute, aldizkariaren Zuzendaritza Kontseiluaren hobekuntza-gomendioak barne; horrez gain, gutxienez UPV/EHUko bi kanpo-ebaluatzailek ere berrikusten dituzte. Horrez gain, argitaratutako artikuluak eskuragarri daude bai ingelesez bai bigarren hizkuntza batean, eta, horri esker, mundu osoan irakurri ahal dituztela bermatzen da.

Argitalpen Kontseilua UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskola ezberdinetako eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko zazpi irakaslek osatzen dute, eta Alfredo Goñi Grandmontagne katedraduna da zuzendaria. Goñiren iritziz, aldizkariak ISIren rankingean lortu duen aurrerapenaren arrazoi nagusietako bat honetan oinarritzen da: "artikulu ezberdinak argitaratzeko exijitu den zehaztasun zientifikoa eta sakontasuna; horri esker, ikertzaile askok aldizkaria argitaratzeko interesa agertu dute". Izatez, Goñik hau adierazi du: "2009an ia jasotzen zen guztia argitaratzen zen bitartean, gaur egun aldizkariak ezin du onartu eskaintzen zaizkion artikuluen % 15 baino gehiago".

Revista de Psicodidáctica aldizkariak lotura estua dauka Psikodidaktika: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak Unibertsitate Masterrarekin, bai eta Psikodidaktika doktoregoarekin ere; horretan, gai psikoinstrukzionalei buruzko laurogeita hamar doktorego-tesi baino gehiago defendatu dira.

Revista de Psicodidáctica aldizkaria ISI indizean
ISIk eginiko indizea mundu-mailako erreferentzia da aldizkari zientifikoak ordenatzeko orduan, eta sailkapena honen arabera egiten du: aldizkari batean agertzen diren artikuluak zenbat aldiz aipatzen diren kalitatezko beste argitalpen batzuetan. Aldizkari zientifiko guztiak ez daude indize honen azterketapean, baizik eta nazioarte-mailan eraginik handiena dutenak, bakoitza bere kategorian. Revista de Psicodidáctica aldizkaria ISIk 2009an aztertu zituen argitalpenen artean sartu zen, eta urte hartan 0.414 indizea lortu zuen. 2010ean, dagoeneko, argitalpenak jauzi garrantzitsua egin zuen, bere eragin-faktorea bikoiztu egin zuelako, eta 0.835ra iritsi zelako. Hala ere, Revista de Psicodidáctica aldizkariak 2011n lortu du bere kategoriako erreferentzia-argitalpenetako bat izatea, 2.667 indizera iritsi delako.

Aldizkariaren zuzendaria den Alfredo Goñiren iritziz, "baliteke ISIk erabiltzen duen kalkulu-prozedurak, neurri batean, on egin izana 2011n lortu den eragin-indize bikainari; izan ere, prozedura horrek oszilazio handiak ditu urte batetik bestera". Horregatik, bere ustez, "lasaikerian erortzea akatsa izango litzateke; ez dugu pentsatu behar ranking honen etorkizuneko edizioetan onenen arteko postu bat ziurtatuta daukagula". Argi dagoena da Revista de Psicodidáctica aldizkariak ISIren azken sailkapenean lortu duen indize garrantzitsu horri esker ikertzaileek are interes handiagoa izango dutela UPV/EHUko aldizkari honetan argitaratzeko.

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa