
Azken eguneratzea: 2012/07/13
Sarritan, teknika grafikoen eremuan, kalitate handikoak diren inportazioko paperen erabileraren beharraren arazoa ematen da, oso garestiak baitira. Eragozpen honetatik dator Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Saileko irakasle Nerea Legarretak egiten duen proposamena Papel. Fibras de herbáceas en la creación de nuevos soportes. Análisis de las propiedades y la contextualización artística izeneko tesian. Landareen Biologia eta Ekologia sailarekin elkarlanean, gure inguruan aurkitzen diren landareen erabilera planteatzen du kalitatezko papera sortzeko. Paper horren ezaugarriak oso bereziak, interesgarriak eta bakanak dira, eta paper industrialetan ez dira erraz aurkitzen.
"Artista baten lanaren azkeneko produktuan, grabatua zein marrazkia izanez, erabilitako euskarria marrarik meheena bezain garrantzitsua da. Euskarria obraren berariazko atala da. Beraz, obra grafikoa edo paperaren gainean egindako obra batez hitz egitean, paperaren ezaugarri fisikoak azpimarratzen ditugu, eta lodia, mehea, gardena, opakua… bezalako adjektiboak adierazgarriak dira. Ikerketa honetan ikusi ahal izan dugu landare bakoitzaren ezaugarriek bakan egiten dutela espeziea, eta besteengandik bereizten dutela. Erresistentzia, opakutasun, gardentasun, kolore, diztira eta hiru dimentsioko egonkortasunaren parametroak ere kontrolatu eta aldatu ahal ditugula ikusi dugu, besteak beste", azaldu du Legarretak.
Aukeratutako landare motak Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio Gunetik datoz, Lygeum Spartum (zamuka) izeneko espeziea izan ezik. Hori Nafarroako Sesman hartu dute. Unibertsitatean aurkitutakoen artean Cladium mariscus nabarmentzen da. Landare hori papera egiteko oso zuntz egokia da, baina arlo horretan ez da inoiz erabili. Gainera, Lertutxe urtegian hazten zela ez zen ezaguna, orain arte Bizkaiko beste leku bakar batean zegoela ezagutzen baitzen.
Hurbiltasunaren faktorearekin batera, badira zenbait faktore kontuan hartu direnak ikerketan erabilitako zortzi landareen aukeraketan. "Paperaren kalitatea betetzeko faktoreen artean esklerenkimaren edo zuntzaren maila kontuan hartu da, guztiz beharrezkoa baita paperaren sorkuntzarako, eta erauzketaren eta prozesatzearen erraztasuna ere. Ingurumeneko faktoreak ere garrantzitsuak dira, eta horregatik landareen aurrekariak eta ezaugarri taxonomikoak dokumentatu ditugu, espezien arteko harremanak, birsortzeko ahalmena, aprobetxamendu iraunkorra edo toxikotasun mailak ezagutzeko", azaldu du irakasleak.
Aukeratutako zortzi espezieen zuntza atera eta gero, Nerea Legarretak finketa prozedura erabili du papera sortzeko. Irakaslearen hitzetan, prozesu hau erabiltzen da landareen osagarri morfologikoak, zuntz desberdinak banatzeko eta nahi den luzera lortzeko. "Finketa prozeduraren hiru sistema desberdin erabili ditugu: desintegratzailea, zuntz-sortak desegiten dituen irabiagailu industriala; bolen errota, zeramikaz egindako bolen bidez zuntza biguntzen duen prozesua, eta azkenik, pila holandarra, prozesu ezin hobea zuntzen luzera kontrolatzeko era paper homogeneoa lortzeko. Hiru prozesuak landare bakoitzarekin probatu eta gero, grafikoak egin ditugu zuntz bakoitzaren potentziala antzemateko, finketa prozesu bakoitzean papera bihurtzerakoan landareek izan duen portaera kontuan izanda", adierazi du Nerea Legarretak.
Funtzionaltasuna eta originaltasuna euskarri berrien garapenean
Berrehun paper baino gehiago egin dituzte. Espezie begetal bakoitzaren ezaugarri bereziek, beraz, posibilitate asko eskaintzen dituzte, industrialki prozesaturiko paperek ematen ez dituztenak. Paper hauen bizi-luzera eta kalitate handiagoa da paper industrialena baino, eta sortzaile plastikoak, artistak, papera sortzeko prozesuaren parametroen kontrol ia osoa izan dezake, bai kolore, egitura, argi eta itzaletan". Horrek ematen du nahierako papera sortzeko aukera, artisten produktuak interpretatzeko era berria", azaleratu du Nerea Legarretak.
Nerea Legarretak bere tesian garatutako metodologiak ateak irekitzen dizkie beste ikerketa batzuei, testuinguru artistiko eta industrialean paper substratuaren aplikazioak sortzeko. "Ikerketa proiektu bat planteatzen ari naiz, erabilgarritasun modelo bat diseinatzeko, landareen bidezko paperezko zenbait produktu garatzeko asmoz. Beste aldetik, ikerketatik garatutako aplikazioak txertatu ditut hautazko irakasgai batean, Sormen eta Diseinua graduan ematen dena, laugarren kurtsoan, eta espero dugu prestatzen ari garen master batean ere txertatzea", dio irakasleak.
Egileari buruz
Nerea Legarreta Altzibar (Mungia, 1964) Arte Ederretan lizentziatua da, Teknika Grafikoen espezialitatean. Tesia Landareen Biologia eta Ekologia saileko Gustavo Renobales Scheifler (Farmazia Fakultatea) eta Antonio José Lopez-Quintana (Zientzia eta Teknologia Fakultatea) irakasleen gidaritzapean idatzi du, Legarretak bere tesia Arte Ederren Fakultateko Irudigintza sailean defendatu du. Bertan egiten du lan irakasle lankide iraunkor bezala.