Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/07/06

Gonzalo Arroita: "Kulturan ez litzateke euro bakarra gastatu behar herritarrarengana areagotuta nola itzuliko den jakin gabe"
Abokatu bilbotarrak museoen etorkizuna eztabaidagai duen EHUren udako ikastaroetako batean hartu du parte

Gonzalo Arroita (Bilbo, 1961) Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioaren eta ARICH - Gasteizko Hirigune Historikoa Era Integralean Biziberritzeko Agentziaren buru gisa egin duen lanagatik da ezaguna. Kultur politikak erabat aldatzearen alde agertu da gaur Bilbon, eta bere ustez "ezinezkoa izan beharko litzateke euro publiko bakarra gastatzea zehatz-mehatz jakin gabe nola itzuliko den areagotuta jendearengana". Arroitak "Procesos de musealización más allá de los museos" EHUren BizBAK udako ikastaroan hartu du parte gaur goizean, UPV/EHU-BBK Etxean.

Abokatu bilbotarrak gogora ekarri duenez, "ekonomiaren eta kulturaren arteko harremanak bihurriak dira sarritan. Kulturak inbertsio publikoak behar ditu, baina ahalik eta gehien mugatu nahi ditu artearekin zerikusirik ez duten arloen esku-hartzeak. Eta inbertsiogile publikoek kulturaz besteko etekinak atera nahi dituzte herritarrentzat, hala nola, turismoa, hiri-eraldaketa edo elementu enblematikoak", adierazi du Arroitak hitzaldiaren hasieran. Bere esanetan, norgehiagoka horren erakusgarri da azken hamarkadetan museoen fenomenoak izan duen bilakaera.

"Museoen izaera minoritariotik edozein tamainako hiri eta herrietan era guztietako museoak izatera igaro gara. Guggenheimen ondoren, hiri askotan obra oso garestiak egiteari ekin zioten, arkitekto izarra barne, eta egitura oso astunak sortzen hasi ziren. Oparoaldietan ere zaila izaten da horrelako azpiegiturei eustea, eta administrazioak mugatuta edo ekonomikoki itota gelditzen dira, ezin dute dirurik gorde gorantz doazen bestelako kultur prozesuetarako", azaldu du. Jarraian ohartarazi duenez, "eskasia garaiak iristen direnean egoera jasanezina bilakatzen da".

Hizlariaren arabera, "museoak motor gisa, hiria eraldatzeko tresna modura edo ikono eran erabili izan direnean proiektua ez da ondo atera, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik. Eta kulturaren ikuspuntutik begiratuta, museoetako edukiontziak batez ere eliteentzat eta ez zergadun gehienentzat pentsatutako eduki kontzeptualekin bete dira". Ildo beretik azpimarratu duenez, "gaur egun, inoiz baino gehiago, kulturak itzulkina eskaini behar du, inbertsio publikoa justifikatuko duen funtzio soziala bete behar du Ezagutza sozializatu egin behar da, herritarrengana hurbildu, kulturaren eta zabalpenaren arteko oreka gordez, artelana errespetatuz, ondarea, jolas-parke tematiko-artistikoa saihestuz".

Ondoren gaineratu duenez, "gaur egun, inoiz baino gehiago, artearen, historiaren eta kulturaren erakusketaren kontzeptu irekia gailentzen ari da, iraunkortasuna; ezinezkoa izango da kulturan euro publiko bakarra gastatzea zehatz-mehatz jakin gabe nola itzuliko zaion areagotuta jendeari".

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa