Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/07/03

Osasun-itxaropena adierazle errealistagoa da
Gizarte baten ongizatea hobetzeko, luzeago bizitzea ez da aski; urte horietan ondo egotea ere beharrezkoa da, Unai Martín soziologoak azaldu duenez

"Bizi-itxaropenaren hazkundea osasun-egoeraren isla garbia izan da beti. Baina gaitzen profila aldatu egin da: orain, prebalentzia handia duten gaitz batzuk ez dira hilgarriak, baina bai minosbaliotasun larrien eragile", azaldu du Unai Martínek. Hau da, gaur egun, bizi-itxaropena ez da kontuan hartu beharreko adierazle bakarra: adibidez, inor luzeago bizitzen bada, baina luzapeneko tarte horretan gaixo edo egunerokoak egiteko lagunaren mende egon behar badu, ezin esan ongizateaz ari garenik. UPV/EHUko soziologo honek dioenez, errealistagoa litzateke zera galdetzea: zenbat urte bizitzea espero dugu, minosbaliotasunik gabe eta/edo osasuntsu? Ildo horretatik aztertu du EAEko populazioaren bilakaera eta haren gaur egungo egoera. Tesiak izenburu hau du: Salud y desigualdades sociales en salud en la C.A. del País Vasco en el cambio de siglo: una visión desde las esperanzas de salud (Osasuna eta gizartearen osasun-desberdintasunak EAEn, mende-aldaketaren garaian: ikuspegia osasun-itxaropenetatik abiatuta).

Horixe da kontua, hain zuzen, heriotza-tasa eta osasun-kalitatea indize bakarrean batzea. Hori horrela, hiru datu-iturritara jo du Martínek EAEri buruzko ikerketa hau egiteko: heriotzari buruzko datuak (1989-2008); herritarren erroldak (1991, 1996, 2001 eta 2006); eta Eusko Jaurlaritzak osasunaren inguruan egindako azken lau inkestak (1992, 1997, 2002 eta 2007).

Hazkundea moteltzen ari da
Tesian azaldutakoaren arabera, euskal populazioaren osasun-egoeraren bilakaera positiboa izan da orain arte. Baina, datu berrienei erreparatuz gero, bilakaera hori moteldu egin da. Martínek adierazi du erne egon beharra dagoela horregatik: "Euskadin, ikertutako lehen hiru tarteetako datuei dagokienez, erikortasuna gutxitu dela ikusten da, eta, bizitzaren luzatzearekin batera, osasuna hobetzen dela. Azken tartean ikusten hasi garenez, ordea, bizi-itxaropenak gora egiten jarraitu du, baina minusbaliotasunaren hazkundearen lepotik. Osasunaren egoera ez da lehen bezainbat hobetzen, eta zantzuak ageri dira, ez ote den okerrera egiten hasiko".  

Bide beretik, ikertzaile honek azpimarratu duenez, ahalegin kolektiboa egin behar da hilkortasunaren gutxitzea osasunaren hobetzearekin bat eginda gerta dadin hemendik aurrera ere, eta ez gaitz kronikoen edo minosbaliotasunen hedapenari lotuta.

Balizko arazo hori saihesteko, aldaketak egin behar dira, besteak beste, baliabideen esleipenari eta zerbitzuen lehentasunei dagokienez. Esaterako, Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko martxan jarritako estrategiak (Eusko Jaurlaritzak 2010ean abiarazia) aurrerapen handia dakar alde horretatik, baina ez da nahikoa. "Gaitz kronikoek garrantzi handia hartu dute, osasun-sistemak birbideratu egin behar izan dira, halabeharrez, eta, horri dagokionez, kronikotasunaren estrategia aitzindaria da. Baina gaitz kronikoak murrizteko, ez da nahikoa osasun-sistema egokitzea. Plan horrek oso ikuspegi biomedikoa du, eta ez ditu beste faktore batzuk kontuan hartzen. Esaterako, bizi-kondizioekin lotutako faktoreak, nahiz eta haiek zerikusi handia duten populazioaren osasuna hobetze aldera", azaldu du.

Gizarte-desberdintasun handia
Hain zuzen, ikasketa-mailak eta gizarte-klaseak asko baldintzatzen dute, berez, bizi-itxaropena. Bada, Martínek ikerketa honetan proposatu duen adierazle bikoitzarekin neurtuz gero, norberaren bizi-kondizioen eragina are handiagoa da: "Heriotza eta osasuna, biak ala biak, kontuan hartzen dituzten neurri hauekin, desberdintasunak are handiagoak dira". Ikerketa honetan bildutako datuen arabera, adibidez, EAEn gabezia handiena duten auzoen % 20ko multzoan bizi diren mutiko jaioberrien osasun-itxaropena 6,4 urte txikiagoa da, gabezia txikiena duten auzoen % 20ko multzoko haurrenarekin alderatuta. Neskatoen kasuan, aldea are handiagoa da: 7,4 urte. Era berean, 20 urterekin ikasketarik ez duen edo lehen-hezkuntzako ikasketak besterik ez duen gizon baten osasun-itxaropena 10,9 urte txikiagoa da, unibertsitatera joan den gizon batena baino. Emakumeei dagokienez, aldea 9,4 urtekoa da kasu honetan.Datu horiek frogatzen dute gizarte-eskalaren behealdean egoteak ez dakarrela soilik gutxiago bizitzea, baizik eta baita osasun onari urte gutxiagoz eustea ere.  

Egileari buruz
Unai Martín Roncero (Laudio, 1980) Soziologian lizentziaduna da. Begoña Arregi Gorospe UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia II Saileko irakasle titularraren zuzendaritzapean idatzi du tesia. Gaur egun, sail horretan bertan egiten du lan Martínek berak, eta tesia ere bertan egin du. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailarekin eta Osasun Berrikuntzaren eta Ikerketaren Euskal Erakundearekin elkarlanean jardun du ikerketaren tarte batean. 

Argazki-oina: Tesiaren egilea, Unai Martín Roncero. (Arg.: Luis Jauregialtzo / Argazki Press).

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa