
Azken eguneratzea: 2012/06/28
Aukera-berdintasuna bermatzea, guztion unibertsitatea egitea eta ezgaitasunak dituzten pertsonen inklusioari buruzko eztabaida soziala bultzatzea dira 'UPV/EHUko II. Inklusio Plana'-ren hiru oinarriak. Plana UPV/EHUko Ikasleen Errektoreordetzaren mendeko Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak egin du, 2001ean onartu zen "Ezgaitasunak dituzten Unibertsitateko Kideak UPV/EHUn Integratzeko I. Plana" eguneratzeko eta behar berrietara egokitzeko, eta datozen bost urteetan ezarriko da (2012-2017).
Hamar urteotan nabarmen egin du gora ezgaitasunak dituzte ikasleen kopuruak. Hain zuzen ere, "I. Integrazio Plana" abian jarri zenean, ezgaitasunak zituzten 55 ikasle zeuden, eta 2010-2011 ikasturtean, berriz, 332; horrenbestez, hazkundea %604koa izan da. Ezgaitasun desberdinak dituzten ikasleak dira: ikusmen-urritasuna (33 ikasle), entzumen-urritasuna (30 ikasle), motore-urritasuna (107 gazte), eta bestelakoak (162 pertsona), hala nola gaixotasun organikoak, nahaste psikikoak, gaixotasun arraroak, urritasun anitzak edo ikasteko zailtasunak (irakurketaren, idazkeraren, kalkulu aritmetikoaren edo arretaren nahasmenduak).
Gainera, ezgaitasunak dituzten egresatu gehien dituzten Estatuko unibertsitateetan hirugarrena da Universidad del País Vaco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Madrilen eta Kantabriaren atzetik. Horrela, 2001-2002 ikasturtetik 2010-2011 ikasturtera bitarte ezgaitasunak dituzten 280 ikaslek amaitu dituzte ikasketak UPV/EHUn (48k, Arabako Campusean; 140k, Bizkaiko Campusean; eta 92k, Gipuzkoakoan). Batez ere emakumezkoak izan dira, eta 88 titulu desberdinetan egin dituzte ikasketak. Batez ere Erizaintza eta Gizarte Hezkuntza (diplomak) eta Kazetaritza eta Irakasle Ikasketak: Hezkuntza Berezia (lizentziak) azpimarratu behar dira.
2004-2005 ikasturtetik 2010-2011 ikasturtera arte, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak, 2003an sortu zenak eta UPV/EHUko hiru campusetan dagoenak, ezgaitasunak dituzten ikasleen 2.051 eskari jaso ditu. Eskariak hainbat eratakoak izan dira: apunteak hartzeko laguntza, azterketak egiteko denbora gehiago, laguntzaileak eta laguntza teknikoa (FM emisoreak, software egokituak…), ikasle berrientzako orientazioa eta lanerako orientazioa, edo guneak eta altzariak egokitzea, besteak beste.
Lau ardatz estrategiko
Testuinguru horretan, UPV/EHUko II. Inklusio Planak lau ardatz estrategiko ditu. Planaren helburua da ezgaitasunak dituzten ikasleen premiei erantzutea, eta horretarako, arkitektura-, komunikazio- eta gizarte-oztopoak ezabatu nahi dira.
Hala, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak hainbat jarduera egiten ditu ezgaitasunak dituzten ikasleei informazioa, aholkua eta orientazioa emateko. Esate baterako, unibertsitatera sartzeko probak egiteko egokitzapenei buruzko informazioa ematen die bigarren hezkuntzako eragileei, eta ezgaitasunak dituzten ikasleei harrera egin, dituzten premiei erantzuten, eta behar gehien duten taldeak lan-munduan txertatzearen alde lan egiten duten fundazioen berri ematen die eta lan-eskaintzak kudeatzen ditu. Era berean, zeinu hizkuntza interpreteak eta hezkuntza-laguntzako espezialistak jartzen ditu ezgaitasunak dituzten ikasleen esku, eta irakaskuntzarako laguntza-neurriak hartzen ditu. Bestalde, unibertsitateko kideentzako ikastaroak eta jarduerak antolatzen ditu, ezgaitasunak dituzten pertsonen hezkuntza-integrazioaren eta gizarteratzearen gainean sentsibilizatzeko. UPV/EHUko campusetako eta ikastegietako arkitektura-oztopoen gaiari dagokionez, protokolo bat ezarri da hobekuntzak eta aldaketak eskatzeko.
"Planaren helburu nagusia da ezgaitasunak dituzten ikasleen eta gainerako ikasleen arteko aukera-berdintasuna lortzea, egunero eta unibertsitateko arlo guztietan. Horretarako, kudeaketa hobetzeko bi tresna ezartzen ari da gaur egun Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua: Irisgarritasunaren 170001 arauan oinarritutako kudeaketa-sistema eta zerbitzuen karta. Bi tresna horiek lagundu egingo dute Planaren helburuak eta bertako esku-hartzeak betetzen eta Plana ebaluatzen"- azpimarratu du Elena Bernarás UPV/EHUko ikasleen errektoreordeak.