Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/06/29

Hiri-hondakinen kudeaketa-sistema gaur egun defizitarioa da, eta nekez izan daiteke iraunkorra
UPV/EHUko Udako Europar Ikastaro batean hondakinak biltzeko metodo berrienak hartu dituzte hizpide, besteak beste, hondakinak atez ate biltzeko eredua.

Aurten, Vitoria-Gasteiz Europako Hiri Berdea aukeratua izan denez, lehenengo aldiz antolatu da bertan UPV/EHUko "Udako Europar Ikastaro bat"; Arabako Campuseko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan egin da, ekainaren 27tik 29ra bitartean. Ikastaroan ingurumenari oso lotuta dauden gaiak jorratu dira, honako izenburupean: "¿Cómo avanzar hacia la reducción y el reciclaje de residuos urbanos?" Una propuesta de instrumentos económico" (Nola lor dezakegu hiri-hondakin gutxiago sortzea eta gehiago birziklatzea? Baliabide ekonomikoei buruzko proposamen bat). Gaur egun, hiri-hondakinek eragiten duten diru- eta ingurumen-kostu handia murrizteko irtenbideak aurkitzea izan du helburu.

Hondakinak kudeatzeko politika guztien artean isurketa da desabantaila gehien duena; hala ere, Espainiako estatuko udalerri gehienek eredu hori aukera dute. Eredu eraginkorragoak eta ekologikoagoak egon arren, sistema horri lehentasuna eman diote, beste eredu horiek kudeatzeak gastu handiagoak sortzen dituelako, eta gaur egungo krisia dela eta, zailagoa izango litzatekeelako kostuak ordaindu ahal izatea.

Dena den, gogoratu behar da politika horien ondorioz ingurumena gehiago kutsatzen dela, eta baliabide naturalak azkarrago agortzen direla; eta lehenago edo geroago, horrek ere garrantzizko kostu ekonomiko eta sozialak sortzen dituela.

Interes ekonomikoak eta ingurumena zaintzeari buruzkoak epe luzera bateratu ahal izateko, ikastaroan Europako hainbat tokitan arrakastez erabili dituzten hainbat tresna eta esperientzia aztertu dira. Ikastaroak, hiru egunetan antolatuak, honako hauek izan ditu helburu: hondakinak gutxiagotzeko bidean aurrera egitea, hiri-hondakinen birziklapena areagotzea, isurketa ez erabiltzeko arrazoiak azaltzea, eta hori guztia kostu onargarrien truke lortzea.

Ikastaroaren sarrera gisa, Miren Artarazek, Vitoria-Gasteizko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendariak, honako hitzaldi hau eman zuen: "Problemática económica y medioambiental de los residuos y su gestión" (Hondakinen eta haien kudeaketaren gaineko diru- eta ingurumen-arazoak). Hitzaldian, ikastaroaren helburuak aurkeztu eta hondakinen kudeaketaren gaineko arazoak azaldu zituen, Europako zenbait tokitan bultzatu dituzten irtenbideen berri emateaz gain.

Lehenengo egunean, kostuak eta hiri-hondakinen kudeaketan aplika daitezkeen baliabide ekonomikoak aztertu ziren. Saio horietan ziurtatu ahal izan zuten Espainian duela gutxi arte erabili den tratamendu-sistema bakarra isurketa izan dela. Hala ere, azken urteotan egoera aldatzen hasi da, isurketaren ordez beste metodo batzuk jarri direlako martxan. Metodo horien arabera, hondakinak zabortegitik desbideratzen dira eta, bai materialak, bai energia berreskuratzen saiatzen da; baina, beste alde batetik, sistema horiek erabiltzeagatik, nabarmen igo dira kudeaketa-gastuak.

Sistema horiek erabiltzen hastea, batzuetan, ezinbestekoa izan da, udal zabortegiak neurriz kanpo ugaritu direlako, eta ekosistemei kalte larria egiten dioten hondakinak sortzen dituztelako; gainera, klima-aldaketaren eragile dira, biosferak absorbitu ditzakeen baino azkarrago sortzen baitira. Egora hori konpontze aldera, ikastaroan hondakinen kudeaketan baliabide batzuek eragin litzaketen abantailak aztertu ziren, besteak beste, honako baliabide hauek: ingurumenari kalte berezia egiten dioten produktuei zergak ezartzea, hondakinen eta errausketen gaineko zergak ezartzea, etxebizitzei eta industria- edo merkataritza-jarduerei hondakin-tasak ezartzea, etab.

Topaketaren bigarren egunean, Europan hondakinak kudeatzeko ezarri dituzten azken ereduak eztabaidatu ziren. Eredu horietako bat hauxe da: zenbat sortu, hainbat ordaindu. Sistema horren arabera, zergadun bakoitzak zenbat hondakin sortzen duen, hainbat diru ordaintzen du. Ekologiari lotutako justifikazioa ez ezik, beste arrazoi batzuk ere badaude; izan ere, metodo horrek era bidezkoagoan banatzen ditu kostuak, eta jada Europako herrialde askotan erabiltzen dute: Belgikan, Alemanian, Austrian, Italian, etab.

Zenbat sortu, hainbat ordaindu bezalako sistemak gehienbat atez ateko bilketa-sistemen barnean erabiltzen dira. Sistema horretan hondakin-motak biltzen dira, aldez aurretik erabakitako egutegi baten arabera; eta egutegi hori etxebizitzetako edo merkataritza-tokietako ateetan dago ikusgai. Horrela, hondakin-sortzaileak bereizi eta norberak zenbat ordaindu behar duen zehazteko aukera dago.

Sistema hori Europako toki askotan erabiltzen hasi da, baita Espainiako udalerri batzuetan ere. Adibidez, Argentonan (Bartzelonan) tasa bidezkoa ezarri zuten, eta, ondorioz, hondakin gutxiago sortzen duten herritarrek baino diru gehiago ordaintzen dute hondakin gehiago sortzen dutenek. Hala eta guztiz ere, atez ate bilketa-sistemak ez du harrera onik izan beste toki batzuetan: esate baterako, Gipuzkoan. Han eredua martxan jarri zenean, eztabaidak sortu ziren herritarren artean. Herritar eta alderdi politiko batzuek argudiatu dute eredu horrek, beste kalte batzuen artean, honako hauek sortzen dituela: kostu handiagoak, ohitura-aldaketa garrantzitsuak eta hondakinak zorrotz bereizi beharra (herritar batzuentzat zaila dena).

                                                                                                                                                                                         Vitoria-Gasteizko egoera
Azken egunean, garrantzi berezia eman zitzaion Vitoria-Gasteiz udalerriko hondakinen kudeaketaren uneko egoerari; horregatik, Udaleko hainbat ordezkarik parte hartu zuten. Egun berean, mahai-inguru bat ere antolatu zen, Vitoria-Gasteiz udalerriko hainbat gizarte-eragile gonbidatuta.
Vitoria-Gasteizen bultzatu den ingurumen-politika dela eta, bertako egoera ondoko herriena baino hobea da. Gasteizen hondakinak biltzeko sistema batzuk aldi berean erabiltzen dira, eta birziklapen-indizea altuagoa da. Hori horrela, honako sistema hauek martxan dituzte: kontainerrak; bilketa pneumatikoa (auzo berrietan, batik bat); atez ate bilketa-sistema (batez ere, merkataritza- eta industria-establezimenduetan); etab.
Dena den, sistema horiek kostu handiak sortzen dituzte; 2011n, hondakinak ezabatzeagatik, 21 milioi euro ordaindu behar izan zen, eta zabor-tasek zerbitzuaren kostuaren erdia ere ez zuten ordaindu. Gainera, arazoa larriagoa da kontuan hartzen badugu azken bost urteotan hondakinen kudeaketaren kostuak areagotu egin direla, eta oso litekeena dela gorago egiten jarraitzea; beraz, epe luzera "kostu-ordainketa" eredua nekez izango da bideragarria.
Estatuko udalerri gehienetan gertatzen den bezala, Vitoria-Gasteizen ere zabor-tasa eta sortutako hondakinen kopurua ez daude lotuta. Udako ikastaro honetako topaketari esker, arlo horretan jarduten duten ordezkariek aukera izan dute gaia hausnartzeko. Horrekin batera, eredu berriago eta arrakastatsuagoak ezagutu dituzte, eta, orain, bere herrietan eredu horiek nola ezarri aztertu ahal izango dute.

 

 


 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa