Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/06/26

Laura Arroyok eskuratu du CSD-Instituto de la Mujer 2011 Saria
UPV/EHUko saskibaloi taldeko kidea da Arroyo
Laura Arroyo Zubeldia

UPV/EHUko saskibaloi taldea zorioneko dago. Izan ere, berriki taldekideetako batek, Laura Arroyo Zubeldiak, CSD-Instituto de la Mujer Saria jaso du, 2011ko edizioan; saria Kirol Kontseilu Gorenak eta Emakumearen Institutuak ematen diete eskola eta unibertsitateko kirol arloan nabarmendu direnei. Aipamena emateko orduan, erakunde deitzaileek aintzat hartu dituzte, alde batetik, 2011. urteko Espainiako Txapelketan eta estatuko eta nazioarteko beste lehiaketa batzuetan parte hartu zuenean lortu dituen kirol merituak, eta beste alde batetik, 2010/2011 ikasturteko espediente akademikoa. Euskal Herriko Unibertsitateak berak aurkeztu zituen sarirako proposamenak.

2011. edizio honetan, halaber, Marta Guijo Alonso (Orientazioa/Extremadura), Alicia González Blanco (Txirrindularitza/Asturias) eta Maryia Roshchyn Nikitín (Atletismoa/Aragoi) ere saritu dituzte, guztiak eskola adinekoak. Unibertsitate kirolaren arloan, bestalde, María del Mar Jover Pérez (Atletismoa/Alacanteko Unibertsitatea), Laura Arroyo Zubeldia (Saskibaloioa/UPV/EHU) eta Nadine Novillo Rodríguez (Karate eta futbola/Extremadurako Unibertsitatea) saritu dituzte. Eskola adineko urteko kirolari onena saria 2011n Leticia Romero Gonzálezek irabazi du (Saskibaloia/Kanariak); horrez gain, ohorezko aipamen jaso dute Carolina María Marín Martínek (Badmintona/Andaluzia) eta Jorge Navarro del Vallek (Boleibol eta Hondartza Boleibola/Valentzia).

Agintariak eta saridunak

Unibertsitateko kirolari onenaren arloan, ordea, 2011n María del Mar Jover gailendu da (Atletismoa/Alacanteko Unibertsitatea), eta ohorezko aipamena Alan Cabello Fornsek (Igeriketa/ Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Manuel García Sánchezek (Kickboxinga/Miguel de Cervantes Unibertsitate Europarra) eskuratu dute. Bukatzeko, aipatu behar da kirolean egindako lanagatik saritu dituztela Madril, Andaluzia eta Kataluniako erkidegoak, eta Valentziako Unibertsitatea, Murtziako San Antonio Unibertsitate Katolikoa eta Bartzelonako Unibertsitatea.

Agintariak eta saridunak

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa