
Azken eguneratzea: 2012/06/25
Isabel Celáak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu eta Ikerbasqueko presidenteak, eta Iñaki Goirizelaiak, UPV/EHUko errektoreak, IKERBASQUE Fundazioak eta UPV/EHUk bultzatutako hiru BERC (Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak) berriak aurkeztu dituzte gaur goizean, neurozientzia, nanoegiturak eta diseinu makromolekularra ardatz izango dituztenak, hurrenez hurren. Achucarro Basque Centre for Neuroscience, Basque Centre for Materials, Applications and Nanostructures, eta Basque Centre for Macromolecular Design & Engineering-Polymat deritzen hiru institutu hauek abiarazi ondoren, Euskadik unibertsitate-inguruneari lotutako eliteko bederatzi ikerketa-zentro ditu dagoeneko.
Hiru BERC berri hauek sekulako garapen-potentziala duten beste horrenbeste jakintza-arlorekin lotuta daude. Euskadik nazioarteko punta-puntako zentroekin lehiatzeko gaitasuna frogatu du jakintza-arlo horietan, hots, garunaren biologian, material funtzional edo adimendunen ingeniaritzan eta gaur egungo gizarte modernoarentzat ezinbestekoak diren polimeroei buruzko ikerketan.
Achucarro zentroak (izena, Alzheimer eta Ramon y Cajalekin ikasle ibili ondoren, gaur egun ere neurozientzian barra-barra erabiltzen den kolorazio-teknika bat garatu zuen lehen euskal neurozientzialariari hartutakoa da) garunaren biologia ikertzen jardungo du nagusiki, organo honen funtzionamendua eta alterazio patologikoak ulertzeko asmoz. Garuneko mekanismoen ezagutza funtsezkoa da Alzheimerra, esklerosi anizkoitza, istripu zerebro-baskularrak eta gisa horretako beste gaixotasun batzuetarako terapia berriak aurkitzeko.
Bestalde, Materialen eta Nanoegituren Zentroak Material Funtzionalen (eroaleak, erdieroaleak, dielektrikoak, magnetikoak, optikoak…) egitura eta propietateen arteko hartu-emanak izango ditu ardatz. Diziplina anitzeko eremu honek, energian, sentsoreetan eta abarretan erabil daitezkeen material adimendunak, nanomagnetismoa eta material aurreratuak barne hartuta, era askotako aplikazioak ditu zientzia eta ingeniaritzaren arlo desberdinetan. Zentroa geruza mehean eta nanoegituretan espezializatuko da, eta horiek ikertzeko, neutroien eta sinkrotroi-erradiazioaren europar instalazio handiez baliatuko da.
Polymat BERCek nazioarteko ospe handiko zentroa bilakatu nahi du polimoeroen alorrean. Polimeroak dira gaur egun dauden materialik moldaerrazenak, eta autogintzan, hegazkingintzan, kirol materialetan, etxetresna elektrikoetan, etxeko horniduretan, eraikuntzan, ukipen-lenteetan eta bihotz artifizialetan erabiltzen dira, besteak beste. Hauek dira material hauen prestazioak hobetzeko erronka nagusiak: polimero-kateen funtzionaltasuna eta arkitektura eta material inorganiko eta biologikoekin duten elkarreragina kontrolatzea eta hiru dimentsiotan duten antolaketa ulertzea. Polymaten, erronka horiek izango dira ikerketaren ardatz, betiere energian, elektronikan, garraioan, eraikuntzan eta biomedikuntzan erabiltzeko moduko aplikazioak garatzeko asmoz.
Hiru BERC berri hauek lideratzeko, prestigio handiko zuzendari zientifikoak izendatu dira: Carlos Matute, José Manuel Barandiaran eta José María Asua.
Carlos Matute, Zaragozan doktoratu zen 1982an, 1987an EHU/UPVko Neurozientzia Departamentuan sartu zen eta bertako Anatomia eta Neurobiologiako katedraduna da gaur egun. Neurodegenerazioko eta neurobabeseko mekanismo molekularrak eta zelularrak ikertzen dituen Neurobiologia Laborategia zuzentzen du. 8 urteko guztizko iraupena izan duten ikerketa-egonaldiak egin ditu Europako eta Ipar Amerikako erakunde akademiko desberdinetan. 140 argitalpen baino gehiago kaleratu ditu, gehienak nazioarteko agerkarietan, 45 aldizkari zientifikotan kolaboratzen du eta 200 aurkezpen eta hitzaldi baino gehiago eskaini ditu mundu osoan zehar. Era berean, 12 patenteren egilea da eta hogei doktorego-tesi inguru zuzendu ditu.
José Manuel Barandiaran, Fisikan doktoratu zen Unibertsitate Konplutentsean 1979an, UPV/EHUko Elektrizitate eta Elektronika Departamentuko Fisika Aplikatuko katedraduna da, eta era askotako material magnetikoak -osasun alorreko diagnostikoan eta tratamenduan erabiltzen diren nanopartikulak barne- ikertzen dituen "Magnetismoa eta Material Magnetikoak" deritzon goi-errendimenduko ikerketa-talde kontsolidatuaren arduraduna da. 350 argitalpen zientifiko baino gehiago eta 5 patente eginak ditu, hamar tesitik gora zuzendu ditu, eta neutroien nazioarteko ikerketan diharduen ILLko (Grenobleko Laue-Langevin Institutua) egitura magnetikoei buruzko Azpi-Batzordeko kide espainiarra izan da, baita IEEEko (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Institutua, munduko elkarte profesionalik handiena, 400.000 bazkide dituena) Espainiako Magnetismo Atalaren bazkide sortzaile eta presidentea ere. European Magnetic Sensors & Actuators (EMSA) erakundearen Nazioarteko Batzordeko kidea da eta Soft Magnetic Materials (SMM) erakundearen Nazioarteko Batzordeko presidentea. Horrez gain, Euskal Herriaren Adiskideen Erret-Elkarteko kide osoa da, erakunde honetan sartzeko eskaini zuen "Magnetismoa eguneroko bizimoduan" delako hitzaldiaz geroztik.
Jose Maria Asua, Kimika Ingeniaritzako katedradun hau Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean (1975) eta Zaragozako Unibertsitatean doktoratu zen (1978). 1978an, Donostiako Zientzia Kimikoen Fakultatean sartu zen. Industriaren ikuspuntutik garrantzi handikoak diren polimerizazio-prozesuei buruzko funtsezko ikerketan murgilduta dago, uretan sakabanatutako polimeroen ezagutzan oinarritzen diren ekoizpen estrategiak garatuz eta nazioarteko errekonozimendua lortuz eremu honi dagokionez. Liburu bat argitaratu eta beste bi editatu ditu, eta horiez gain, 260 artikulu baino gehiago plazaratu eta jendaurreko 50 hitzaldi eman ditu gonbidatu gisa, baita 150 hitzaldi baino gehiago ere nazioarteko biltzarretan, hauetako askotan batzorde zientifikoko kidea izanik. Sei patenteren egilekidea da eta 40 doktorego-tesi baino gehiago zuzendu ditu. Nazioarteko argitalpen batzuen batzorde editorialetako kidea da. Doktorego-ondoko egonaldia egin zuen Liejako Unibertsitatean (Belgika), eta urte sabatikoak igaro ditu Lehigh-eko Unibertsitatean (EEBB) Fulbright bekaren bidez eta Waterloo-ko Unibertsitatean (Kanada) irakasle bisitari gisa. Horrez gain, Lovaina (Belgika) eta Dortmund-eko (Alemania) unibertsitate katolikoetako irakasle bisitaria da. Ikerketako 2005eko Euskadi Saria lortu zuen Zientzia eta Teknologiaren alorrean, baita Teknologia Garbien Rhône Poulenc Saria ere, eta Jakiunde Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da. Unibertsitatea eta industriaren arteko harremanak bultzatzearen alde egin duen lan eraginkorraren haritik, 30 proiektu baino gehiago zuzendu ditu enpresekin lankidetzan eta Europa eta Estatu Batuetako enpresen aholkularia izan da.
Hiru zentro hauen sorrera prozesu neketsu baten emaitza izan da. Euskal komunitate zientifikoan gauzatutako kontsulta batez hasi zen, eta horren ondorioz, jakintza-arlo desberdinei dagozkien 10 proposamenez osatutako hasierako panela landu zen. Hiru proiektutan gauzatzeko, ezinbestekoak izan dira IKERBASQUE Fundazioaren zientzia gaietarako aholku batzordearen lana eta jakintza-arlo horietako nazioarteko erreferentziazko adituek egindako kanpoko ebaluazioa, bai eta Euskal Herriko Unibertsitatearen onespena eta lankidetza-konpromisoa ere.
Euskal unibertsitatean gaur egun lanean diharduten ikerketa-taldeetatik abiatuta sortu direnez gero, momentuz, hiru zentroek oraingo kokapenak mantenduko dituzte, baina epe ertainera begira instalazio propioak izatea aurreikusi da. Horren haritik, makromolekuetan espezializatutako zentroa Ibaetako campusean finkatuko da, Donostian, eta gaur aurkeztu diren gainerako bi BERCen egoitza UPV/EHUren Zientzia Parkean kokatuko da, Bizkaiko Campusean. SPRIk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta UPV/EHUk unibertsitatearen eta enpresa munduaren mesedeko bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzeko sustatu duten 190.000 metro koadro inguruko esparru honen urbanizazio lanak iaz hasi ziren.
Hiru zentro hauek Eusko Jaurlaritzako BERC Programaren hurrengo deialdian parte hartuko dute, 2012-2016 epealdiko jardueren garapenerako finantzaketa lortzeko asmoz. Era berean, beste erakunde publiko nahiz pribatuekin lankidetzan jarduteko prest egongo dira, bestelako ikerketa-zentroak, enpresetako I+G unitateak, teknologia korporazioak eta helburu eta jarduera-eremu amankomunak dituzten bestelako erakundeak tarteko direla.
Achucarro Basque Centre for Neuroscience, Basque Centre for Materials, Applications and Nanostructures, eta Basque Centre for Macromolecular Design & Engineering-Polymat zentroen sorrerari esker, gehituz doa apurka-apurka Oinarrizko eta Bikaintasunezko Zentroen (BERC) sarea, orain arte honako erakunde hauek osatu dutena:
Aurretiaz sortutako zentroek bezalaxe, BERC berriek, zeinek bere jakintza-arloan, Europan erreferentziazko zentro bilakatzea dute xede epe ertainera begira, epe luzeago batean munduko liderren artean finkatzeko asmoz. Horretarako, IKERBASQUE Fundazioaren helburuekin bat eginik, ikerketa alorreko talentua erakartzen jardungo dute beren lan-eremuetan, eta lankidetzan jardungo dute, UPV/EHUrekin bereziki, profesionalen prestakuntza aurreratua sustatzeko. Era berean, Espainia, Europa eta nazioarteko deialdietan finantzaketa lortzeko aukera duten ikerketa-proiektuak aurkezten eta erakartzen ahaleginduko dira.
IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bidez abiarazitako ekimen baten emaitza da, duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek zientzia-ikerketaren alde egindako apustua sendotzea helburu duena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean jasota dagoen moduan. Euskadi I+G+b alorreko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin honetan, talentua erakartzea eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak sortzea dira IKERBASQUEren jardunaren oinarrizko ardatzak.