
Azken eguneratzea: 2012/06/25
Ostirala, ekainak 22, lehen promozioari ateak ireki zizkionetik hogeita bost urte bete ditu Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateak. Urteurrena ospatzeko, fakultateak lehenengo eta azkeneko promozioko ikasleak ekitaldi berean elkartu nahi izan ditu; ekitaldia 18:00etan izango da, fakultateko areto nagusian, eta fakultateko ikasgeletatik urte hauetan guztietan igaro diren 2000 ikasletik gora omendu nahi ditu.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien titulazioa 1986an sortu zen, profesionalak formatzeko, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloari lotutako erakundeak eta pertsonak entrenatu eta kudea zitzaten, eta haien irakasle eta lider izateko. Titulazio hau hautatzean bokazioak pisu nabarmena du; izan ere, osagai akademikoaz gain, ikasleek gaitasun fisiko bikainak garatu behar dituzte. Ikasgeletan oraindik ere gizonezkoak dira nagusi, ikasle guztien % 75 baitira; laneratzeari dagokionez, ikasketa hauen kasuan laneratze tasa oso altua da, % 90 eta % 95 artekoa, UPV/EHUko 2007ko laneratzeari buruzko azken datuen arabera.
Hala, gaurko ekitaldian omendu nahi dituzten fakultateko promozio
desberdinetako ikasle ugarik gaur egun kirol erantzukizun handiko lanpostuak betetzen dituzte, bai maila publikoan, bai maila pribatuan. Horren adibide gisa, gaur egun elite mailako euskal futbol eta saskibaloi taldeetako prestatzaile fisiko guztien zuzendariak Gasteizko fakultate honetako ikasle ohi tituludunak dira.
Hasierako urte haietan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien titulazioa ikastea aukeratu zuten ikasleek arrazoi desberdin ugari izan zituzten horretarako. Ikasle haietako askori kirola egitea gustatzen zitzaien eta horren beharra zuten, eta horrek bultzatu zituen norabide honetarantz; beste ikasle batzuk, ostera, lehiaketa kiroletik zetozen, eta hortaz, titulazio honi ekitea bide naturala zen kirol arloari lotuta jarraitu ahal izateko, kudeaketa, irakaskuntza eta ikerketa eginkizunetan. Hala, fakultateko ikasgeletan hainbat pertsona bildu dira, kirolaren arloan interesa zuten pertsonak, kirolari profesionalak zein domina olinpiar ugari irabazi dituzten kirolariak.
Lehengo promozioko ikasleak
Horren haritik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Gasteizko fakultatean lizentziatu ziren ikasle ugari irakaskuntza eta ikerketa arloan dihardute; beste batzuek, ostera, erantzukizun handiko lanpostuak dituzte klubetan eta federazioetan, eta bada instalazioak kudeatzen espezializatutako edo aisialdia eta osasuna hobetzen diharduten enpresak zuzentzen duenik ere. Azken horiei dagokienez, kirolariek zeukaten kirol esperientzia unibertsitate mailako prestakuntzarekin uztartu nahi izan dute; horri esker, ikasleek kirol karrerak bukatzerakoan klub edo federazioetako erantzukizun postuetara egin dute jauzi.
Ikasketak bukatutakoan, fakultatean lizentziatutako ikasle ugari
instalazioak kudeatzen espezializatu da, edota aisialdiaren eta osasuna hobetzeko arloan diharduten enpresak zuzentzen dituzte; beste batzuek, ostera, irakaskuntzaren bideari ekin diote, ikastetxeetan.
Horrez gain, ikasleek ikerketan ere espezializa daitezke; horretarako, besteak beste, jarduera fisikoa diseinatzeko eta analizatzeko prozedurak aplikatzeari lotutako gaiak ikergai gisa balia ditzakete, baita kirol errendimenduaren arloari lotutakoak ere, edota jarduera fisikoari eta osasunari dagozkionak; hala, bizi kalitatea hobetzeko esku-hartze programak gara eta antola ditzakete.
Kirol arloan ikerketa bultzatzeko asmoz, 2010. urtetik ikasketak bukatzerakoan ikasleek master bat egin dezakete fakultatean bertan, hain zuzen ere Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak Unibertsitate Masterra; EAEn eta inguruko erkidegoetan eskaintzen den tankera horretako master ofizial bakarra da. Masterrak doktorego baterako sarbide zuzena ematen du, eta espezializatzeko bi bide eskaintzen ditu: Jarduera Fisikoa, Kirola eta Osasuna, alde batetik, eta bestetik Kirol Prestakuntza eta Entrenamendua.
Ikastegiaren historia
Gaur egun Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea hartzen duen eraikina Lasarte errepidean dago, eta Arabako Unibertsitate Ikastetxe gisa erabili zen hasieran, 1970ean. Hasierako urte haietan, ikastetxean zenbait titulazio irakasten ziren; urteek aurrera egin ahala, ordea, UPV/EHUko Farmazia Fakultateari zegozkion titulazioek lekua hartu zuten, eta azkenean instalazioaren erabilera esklusiboa bereganatu zuten. Ondoren, Farmazia Fakultateak Lasarte errepideko eraikin hura utzi zuen, eta gaur egun duen egoitzara lekualdatu zen, hain zuzen ere Unibertsitate Pasealekuan.
.jpg)
.jpg)
Eraikinaren Fatxada zaharra Fakultatearen gaur egungo fatxada
Hala ere, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien gaur egungo fakultatearen benetako historia 1986. urtean abiatu zen, urte hartan erabaki baitzen Arabako Unibertsitate Ikastetxearen instalazio zaharrek Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea (SHEE) hartzea. Garai hartan ikastegia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren mende eta UPV/EHUra atxikita zegoen.
Orduan, esparrua bi eraikinek osatzen zuten, eta horietan jarri zituzten SHEE berriaren irakaskuntza eta administrazio instalazioak. Horrez gain, ikasketek kirolarekin lotura estua zutenez, kirola egiteko instalazio gehiago behar zituzten, ikasleek praktikak egin ahal izateko; horrenbestez, urte haietan instalazio berriak eraikitzeko lanak hasi ziren. Horren ondorioz, eta beste hobekuntza batzuen artean, 1988an hirugarren eraikina egin zen, gaur egun esparrua osatzen duena; bertan ikastegiko gimnasio eta kiroldegia eta laborategiak daude.
2005ean fakultatea behin betiko integratu zen UPV/EHUn ikastegi gisa, eta gaur egun duen izenarekin eratu zen, alegia Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea.
Instalazioak hezkuntza premia berrietara egokitzeko eta modernizatzeko, 2009an fakultateko bi eraikin zaharrenak erabat eraberritu zituzten. Hala, eraikinaren kanpoaldean esku hartu zen eta estaldura berri bat eman zioten; barrualdea ere aldatu zen, eta espazioak beste modu batean banatu zituzten. Eraberritze lanen ondorioz, espazioa ikastegiko instalazioetarako eta ikasgeletarako optimizatu zen; bidenabar, liburutegia handitu zen, eta gaur egun dagoen areto nagusi aparta eraiki zen.
Fakultateko instalazioak
Gaur egun, eta azken eraberritze lanen ostean, fakultateak Europako Unibertsitate Eremuaren markoan irakasteko berritu eta egokitutako ikasgelak ditu; horrez gain, mintegiak eta ikasgelako praktikak egiteko, ikasgela eta espazio txikiagoak ere baditu. Halaber, 15.000 liburu baino gehiago biltzen dituen liburutegi zabala du, bertan ikasi eta ikertzeko.
Kirol instalazioei dagokienez, fakultateak kiroldegi pabiloi bat du kanpoko kirol praktikak egiteko; 1.784 m² ditu eta bi eremutan bana daiteke. Besteak beste, rokodromoa, arauzko futbol zelai bat (belar artifiziala duena), judo egiteko tatami bat (180 m²-ko azalera erabilgarria du) edota fitness eta muskulazio gela bat ditu; azken horrek 28 toki ditu muskulazio ariketak eta bihotz eta arnasketako ariketa egiteko.
Halaber, fakultateak eskola praktikoak emateko bost laborategi ditu. Horien artean daude, esaterako, Mugimendu Akzioaren Behaketarako Laborategia; bertan, software programen eta GPS tekniken bidez, kirolarien errendimendua aztertu eta ebaluatzen da, bai banakako kiroletan, bai taldeka egiteko diren kiroletan.
Etorkizuneko erronkak
Fakultateak 25 urte hauetan egin duen bideari esker, ikastegia hazi egin da eta alderdi askori dagokienez kalitatezko erreferente bihurtu da. Hala ere, Maite Fuentes dekanoak azaldu duenez, oraindik erronka asko daude betetzeko, eta horien artean aipatu du "fakultateak kontzientziazio lan izugarria egin behar duela, gizarteak jakin dezan kirola osasunaren sinonimo dela, eta kirola egitea maila guztietan bultzatzea oso garrantzitsua dela". Horrez gain, "fakultatean ikerketarekin lotura zuzena izango duten kirol instalazio gehiago garatzearen" alde agertu da.