
Azken eguneratzea: 2012/06/21
2011-12 ikasturtean UPV/EHUko lehenengo kurtsoan matrikulatu diren ikasleen % 87,92ri eskaini zaio ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera. Hau da, aurtengo ikasle berrien ia %88k aukeratu dituen graduak C (gradu osoa euskaraz), D (euskarazko eskaintza gaztelaniazkoaren adinakoa) edo D+ (euskarazko eskaintza gaztelaniazkoa baino ugariagoa) ereduetakoak dira. Horiei B eredua gehituez gero (derrigorrezko irakasgai guztiak euskaraz), UPV/EHUn matrikulatu diren ikasleen % 96,51k izan du euskaraz ikasteko aukera. Hauxe da gaur Gobernu Kontseiluan aurkeztu den UPV/EHUko Euskararen Plan Gidariaren (2007/08-2011/12) jarraipen ebaluazioaren emaitzetako bat. Jarraipen ebaluazioarekin batera 2013 urterako luzapen-egokitzapena ere aurkeztu da bileran.
UPV/EHUko Euskararen Plan Gidaria 2007ko ekainean onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Planak unibertsitatearen hizkuntza-politikaren ildoak finkatzen zituen. Helburu nagusiak hiru ziren: UPV/EHUko kide guztien aukera-berdintasuna bermatzea, unibertsitario euskaldunen erkidegoa sendotzea eta, unibertsitatea, euskararen garapen eta normalizazioari begira, aitzindaria izan dadin, euskararen corpusa berritze eta eraberritzea. Planak hamar ataletan banatzen zuen eginbeharra, alor bakoitzean helburu espezifikoak jarri ziren. Iñaki Goirizelaia errektoreak adierazi duenez, "Planaren ebaluazio zintzoa eta zehatza egin da, eta pozik izateko arrazoiak daude. Euskarak gora egin du unibertsitatean alor guztietan, eta, ahulguneak ditugun arren, adierazle gehienak positiboak dira. Graduko ikasketen eremuan ezin izango da, hurrengo urteetan, askoz aurrerago joan; baina oraindik erronka berriak ditugu: graduondoko ikasketak, adibidez".
Hortaz, irakats eskaintzari dagokionez, UPV/EHUk euskarazko irakaskuntzaren aldeko apustu argia egin du 2007-12 aldian, eta eskaintza orokorrak nabarmenki egin duela gora esan daiteke. Graduko tituluak euskaraz eskaintzea zen helburua, baldin eta eskaera nahikoa bazen. 2011-12 ikasturtean nahitaezkoetan eskaini diren kredituen % 78 euskaraz eskaini da, eta 2011-14 Unibertsitate Planean jarritako helburua (% 76,5) ere gainditu da. Aurtengo 2011-12 ikasturtean ikasleen % 46,72 matrikulatu da euskaraz lehen kurtsoan, aurreko urtean baino 4 puntu gehiago.
Plan Gidariak graduei jarritako ereduei (aipatutako D+, D, C, B eta A, azken hori lehenengo bi kurtsoak euskaraz izanik), UPV/EHUk eskaintzen dituen 85 graduetatik, 12 dira B, eta A eredukoak bakarrik 10. Kontuan hartu behar da, A ereduko batzuk, C edo D ereduan eskaintzen direla beste campus batean. Bestalde, eredu bakoitzak ezartzen dituen helburuak hitzez hitz hartuta, hau da, ikasle kopuruak kontuan hartzen badira, ia ehuneko ehunean bete direla. Zehatzagoak izateko, gradu guztietako %82an bete da helburua oso-osorik.
Dena den, ahulguneak ere nabaritu dira, eta horietarik nagusia ikasle kopuru txikiak -orohar 15 ikasle baino gutxiago- dituzten taldeetan izan da. Bestalde, Medikuntzaren bigarren zikloan euskarazko irakaskuntza bermatzeko dauden arazoei dagokienez, gogorarazi behar da ospitaleetako irakasguneetarako irakasleen plazak hornitzea ez dagoela unibertsitatearen esku soilik, Osakidetzaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmenak zuzentzen baitu. Beste ahulezia bat aurkitu da graduondokoetan, ez baita lortu euskararen presentzia nabarmena bermatzea. Egoera ikusirik, Eusko Jaurlaritzarekin adostutako 2011-14 Unibertsitate Planean definitu da masterretan eskaini beharko liratekeen kredituen kopurua, eta 2011n erraz gainditu da helburua (512 kreditu), 546,13 eskaini dira eta.
Irakasle-ikertzaileen atalean ere goranzko joera nabarmena izan da. 1989an irakasleen % 13 zen elebiduna. Plan Gidariak irakasle elebidunen kopurua gutxienez % 43ra igo nahi zuen, eta 2011-12an % 45,10era heldu da; irakasle elebidunen artean doktoreen ehunekoa ere igo da, % 61,49ra, beraz, 2011-2014an Unibertsitate Planean jarritako helburua ere (% 61) gainditu da.
Izan ere, ikerketa eta zabalkundearen arloan, euskarazko tesiak sustatzea zen helburuetako bat, eta nabarmen igo da kopurua: 2007an 19 izan ziren euskaraz irakurritakoak, eta 2010ean, 29, nahiz eta tesi guztiekin alderatuta euskarazkoen ehunekoa txikia den oraindik (% 8,84). 2011-14 Unibertsitate Planean euskarazko tesia egiteko emandako beken kopurua adierazle bat izango da. 2011n helburua gainditu da: 24 eman behar ziren, eta 25 eman dira.
Bestalde, Plan Gidariaren arabera, 2011-12rako Administrazio eta Zerbitzuen lanpostuen % 52k derrigortasun data izan behar zuen bere hizkuntza-eskakizunarentzat, eta helburu hori bete da; gainera langileen % 58k egiaztatu du dagokien hizkuntza-eskakizuna.
Beste lorpen batzuk ere aipa daitezke: "Euskal Herriko Unibertsitatea harro egon daiteke testugintzan eta gehienbat testuliburuen itzulpenetan egin den aurrerapenarekin. Bosturteko honetarako aurreikusitakoaren bikoitza egin da, eta esan daiteke, testuliburuen itzulpenak eta ZIO eta Legeak bildumetako itzulpenak batuez gero, gaur egun Euskal Herrian ez dagoela hain asmo handiko beste itzulpen-proiekturik, hala tamaina nola itzulpen- eta argitalpen-prozesuak bermatzen duen kalitatea kontuan izanik. Halako lanak ez dira hain ikusgarriak, baina ezinbestekoak dira etorkizunerako oinarri sendoak jartzeko", adierazi du Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreorde Gidor Bilbaok.
Etorkizunari begira, 2013. urterako Plan Gidariaren luzapen-egokitzapena proposatu da, Plan Gidariaren lerro nagusiek balio dutela ikusi delako ebaluazioan, hutsartea izatea saihestuko delako, 2013an aukeratutako errektoretza talde berriak plan berria osatzen duen bitartean, eta oraindik ezagutzen ez direlako Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2013-17 aldirako plangintzaldiko irizpideak oraindik ezagutzen ez ditugulako. Dena den, luzapen-egokitzapenean bi berrikuntza nabarmendu daitezke: administrazio kontratuak gauzatzeko orduan bete behar diren baldintzak jaso dira lehendabizi, eta UPV/EHUren esparruan, eskoletatik kanpo, bi hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duten jarraibideak eta irizpideak ezarri dira, ahozko zein idatzizko hizkuntzan. Plan Gidariaren 2013ko luzapen-egokitzapenari zuzenketak egiteko epea ireki da, eta uztailaren 19ko Gobernu Kontseiluan onartzea proposatuko da.
Plan Estrategikoa
Bestalde, Gobernu Kontseiluak 2012-2017 aldirako Plan Estrategikoa onartu du baiezpenez. Klaustroak, 2011ko abenduko bileran, plan estrategikoaren oinarriak onartu zituen, eta, ondoren, bost lan talde osatu ziren, bat ardatz estrategiko bakoitzerako (prestakuntza, ikerketa, gobernantza, kudeaketa eta gizarte-konpromisoa) eta talde horiek ardatz bakoitzerako proposatutako ekintza eta adierazleekin osatu da gaur onartu den Plan Estrategikoa. Helburuen artean aipa daitezke: prestakuntza-eredu kooperatibo eta eleaniztun propioaren bitartez kalitateko prestakuntza ireki eta berritzailea indartzea; irakasle guztien karrean kultura ikertzailea txertatzea; mugikortasuna eta nazioarteko trukaketak areagotzea; prozesuen bidezko kudeaketa arin eta eraginkorragoa ezartzea; elkarrizketa sozialeko eremu erkideak eta hausnarketarako eta eztabaidarako elkartzekoak sortzea.