
Azken eguneratzea: 2012/06/14
Otsailaren 25ean, astelehena, Bizkaia Aretoan, Arte Ederren Fakultatean eta beste eszenatoki batzuetan, Bizkaia Bilbao Arte eta Kultura (BizBAK) uda ikastaroak abiatuko dira. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak sustatuta, hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa. Egitaraua eta edukiak gaur goizean aurkeztu dituzte, prentsaurreko baten bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak; Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde Pedro Luis Ariasek, Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi Ibone Bengoetxeak; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Gonzalo Olabarriak, eta BizBAK uda ikastaroen zuzendari Gabriel Villotak.
Gaur egungo egoera zaila bada ere, eskaintza aurreko urteetakoaren antzekoa izango da. Gai anitzei buruzko hogeita hamar ikastaro emango dira. Haietako batzuk praktikoak izango dira, gehienetan artearen eta kulturaren esparru generikokoak. Ikastaroetan puntako irakasleak arituko dira, besteak beste, Saskia Sassen soziologo holandarra, Gerard Montier Madrilgo Teatro Realgo zuzendaria, Elena Asins (2011ko Arte Plastikoen Sari Nazionalaren irabazlea), Asier Altuna, Borja Cobeaga, Enrique Urbizu (Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko 2011ko Urrezko Mazkorraren irabazlea), eta Isaki Lacuesta (2011ko Goya sarien edizioko irabazle nagusia eta hurrenez hurren) zinemagileak, Tamzin Townsend antzerkigilea eta Mercedes de Miguel diseinatzailea.
Gai-aniztasunaren barruan, aurten, garrantzi handia izango dute Arte Eszenikoek: testu dramatikoa egokitzeko prozesuak aztertuko dira, eta antzoki baten zuzendaritza artistikoa egiteko moduak eztabaidatuko. Horrez gain, tailer batzuetan eszenografia, aire-dantza eta flying low (inprobisazioan oinarritutako dantza-teknika bat) jorratuko dira.
Arte Plastikoei buruzko atalean museoek gaur egungo egoeran zer eginkizun duten eztabaidatuko da, eta erakusketa bat antolatzeko beharrezko gakoak emango dira. Musika, ikusizkoa eta elektronika lotzen dituzten sormen-lanei buruzko ikastaro bat eskainiko da; bestalde, moda-diseinuaren gaineko ikastaroa Oscar Visitación eta Mercedes de Miguel diseinatzaileek emango dute.
Zinearen, Ikus-entzunezkoaren eta Teknologiaren arloan ohiko Zine Tailerra aurten ere egingo da, eta, besteak beste, Enrique Urbizuk eta Borja Cobeagak irakatsiko dute. Bestalde, Isasi Lacuestak eta eta Virginia García del Campok Dokumental Garaikideei buruzko mintegia zuzenduko dute. Honi gehitu behar zaio pasa den astean egindako Taller de Vídeo del Minuto (Minutu bateko bideoei buruzko tailerra), ikastaroen aurrerapen modura. Emakumeei zuzenduta egon da, Amal Ramsis egiptoar zinemagilearen eskutik. Atal hori osatzeko, lineako marketinari buruzko ikastaro bat proposatu da.
Hizkuntzak eta hizkuntzaren erabilerak berebiziko garrantzia izango dute BizBAK ikastarootan. Horren harira, euskararen gaur egungo eta geroko egoera eta euskal antzertia aztertuko dira; eztabaida horietan egileek eta artistek, zeinek euren diziplinak euskaraz garatzen dituzten, parte hartuko dute. Atal honetan izango dira, besteak beste, Katixa Agirre idazlea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Ander Lipus esta Patxo Telleria aktoreak eta Eñaut Elorrieta musikaria. Eta, horri guztiari beste ikastaro bat ere gehitu behar zaio, zehazki, Kolonbia eta Mexikoko hizkuntza-aniztasuna aztertzekoa.
Bestalde, "Cultura con M de matemáticas" deritzon eta jada ohikoa den mintegian matematikak eta arte-diziplina batzuk lotuko dira, eta bertan, besteak beste, Elena Asins artista saridunak eta Guillermo Martínez idazle argentinarrak parte hartuko dute. Halaber, beste ikastaro batean zientziak irakasteko bost informatika-aplikazio erabilgarri erakutsiko dira.
Musika-ikastaro eta -eskola magistraletan, aurten, honako irakasle hauek izango ditugu: Miguel Bernat (perkusioa), Ana Luisa Chova (kantua) eta José Luis Estellés (klarinetea).
Azkenik, gizarte-gaien arloan azpimarratzekoa da 60ko hamarkadatik hona kultura- eta politika-abangoardiek izan duten benetako eragina aztertzeko ikastaroa. Horrez gain, beste mintegi batzuetan honako gai hauek ere jorratuko dira: hiriko joerak gaur egun, garapen jasangarria eta ekonomia berdea, stakeholderrak (gatazka zehatz batzuk konpontzeaz arduratzen diren pertsonen talde batzuk) edo merkatuen zeregina demokrazietan.
Ikastaro gehienak ekain eta uztail bitartean egingo dira hainbat egoitzatan: esate baterako, Bizkaia Aretoan, Sarrikon eta Leioa-Erandioko gunean. Hala ere, proposamen batzuk irailean eta urrian ere antolatuko dira.
BizBAK uda-ikastaroen egitaraua honako web-orri honetan kontsulta dezakezu: http://www.bak.ehu.es/p255-home/eu