Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/06/14

Europako ikerlariek orbelaren deskonposizioaren bitartez ibaien osasuna neurtzeko sistema berritzailea proposatu dute
Science aldizkariak argitaratuko ditu UPV/EHUko irakasle bik ere parte hartu duten ikerketa honen emaitzak

Europako bederatzi herrialdetako hamar ikerketa taldez -horietako bat UPV/EHUkoa- osatutako partzuergo batek ibaien egoera ekologikoa neurtzeko diagnosi-tresna berriak proposatu dituzte, gaur egun erabiltzen diren metodoei ibaiertzetako orbelaren deskonposizio prozesua bezalako adierazleak gehituz. Ikerketa honetako datuen bilketa kontinenteko puntu desberdinetako ehun ibaitan gauzatu da, horietako hamar Euskal Herrian eta Kantabrian kokatutakoak. Aukeratutako ibaiek dituzten ezaugarri aniztek, ikerketa honetan lortutako emaitzak kontinente mailan erabili ahal izatea ahalbidetzen dute.

"Continental-Scale Effects of Nutrient Pollution on Stream Ecosystem Functioning" (Ekosistema ibaitarren funtzionamenduan mantenugaien kutsadurak duen efektua kontinente mailan) izenburua daraman ikerketa hau Science izen handiko aldizkariak argitaratuko du ostiral honetan, ekainak 15. Portugal, Frantzia, Suitza, Suedia, Errumania, Britainia Handia, Irlanda, Polonia eta Espainian egoitza duten hamar ikerketa taldek parte hartu dute proiektu honetan. Estatuko talde bakarra UPV/EHUko ikerlariekin osatuta egon da, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Jesus Pozo eta Arturo Elosegi irakasleak buru izan direlarik.

Diagnosi-tresna hau garatzeko erabili den metodologia berritzailea izan da. Orain arte, ibaien osasuna batez ere modu estrukturalean ikertu da, hau da, uraren kalitatea, ibilguaren morfologian izaten diren inpaktuak edota bertan dauden organismoak kontuan hartuta. Sistema berri honek, bestalde, organismo horiek parte hartzen duten prozeduretan jartzen du arreta.

Hain zuzen, ikerketa honek orbelaren deskonposizioa hartu du adierazle bezala. Oraindik egoera naturalean dauden ibaietan ematen den deskonposizio abiadura kutsatuta dauden ibaietakoarekin konparatu dute. Pozok azaldu duenez, "uretan ematen den mantenugaien kontzentrazioak deskonposizioan dien eragina aztertu dugu. Kontzentrazio honek handitzeko joera du ibaiek nekazaritza-emariak, hondakin-urak eta abar jasotzen dituzten neurrian. Mantenugaien kopurua asko handitzen bada, orduan toxikoak eta beste kutsatzaile batzuk agertu daitezke, eta horrek ornogabeen desagerpena eragiten du, materia organikoaren deskonposizioan modu negatiboan eraginaz".

Orbelaren deskonposizioa ekosistemei atxikituta doan prozedura bat da eta, ondorioz, ibaien osasunari buruzko adierazlea da. Ibaietako bizitzaren zati handi bat prozedura horren menpean dago, eta baita bertatik sortzen diren mantenugaien menpe ere, bertan organismo ugari baitaude inplikatuta, bakteriak, ur-hifomizetoak -onddo mikroskopikoak- eta ornogabeak. Orbelaren deskonposizioa ibaietako elikadura sareetara energia sartzeko bide garrantzitsuenetako bat da. Hala ere, kutsadurak, habitat fisikoko aldaketak, ura kentzeak eta, orokorrean, gizakiaren jokabideak, deskonposizio horren abiaduran eragin kaltegarria izan dezake.

Ikerketa honetan aztertu diren ehun ibaietatik UPV/EHUko taldeak aztertu dituen hamarrak Enkarterrietan kokatuta daude. "Hamar errekasto-buru dira eta garbi daudelako eta beren ibaiertzetan aldaketa moderatuak izan direlako aukeratu ditugu", adierazi du Pozok.

Erreferentzia bibliografikoa:

Guy Woodward, Mark O. Gessner, Paul S. Giller, Vladislav Gulis, Sally Hladyz, Antoine Lecerf, Björn Malmqvist, Brendan G. McKie, Scott D. Tiegs, Helen Cariss, Mike Dobson, Arturo Elosegi, Verónica Ferreira, Manuel A.S. Graça, Tadeusz Fleituch, Jean O. Lacoursière, Marius Nistorescu, Jesús Pozo, Geta Risnoveanu, Markus Schindler, Angheluta Vadineanu, Lena B.-M. Vought eta Eric Chauvet: 'Continental-Scale Effects of Nutrient Pollution on Stream Ecosystem Functioning'. Science, 2012ko ekainaren 15eko alea (doi: 10.1126/science.1219534).

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa