
Azken eguneratzea: 2012/06/13
UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaile Emilio José Cocinerok (http://grupodeespectroscopia.es/MW/) beste sari bat lortu du bere ibilbide zientifikoa goraipatzen duena. Oraingo honetan Kimika Iraunkorraren Espainiako Plataforma Teknologikoaren (SUSCHEM, gaztelerazko siglen arabera) sarietako bat lortu du, Kimika alorrean ikertzaile gazte batek 2011an argitaratutako artikulu onenarentzako saria, "Sensing the anomeric effect in a solvent-free environmet" izeneko artikuluagatik.
Nature aldizkarian 2011n argitaratu zen artikulu hori. Cocinero ikerketaren zuzendarietako bat izan zen eta azukreen kimika baldintzatzen duen efektu anomerikoa isolatu eta neurtzea lortu zuen lehenengo aldiz. "Efektu anomerikoa 1955ean identifikatu zen, baina inoiz ezin izan da neurtu. Laserren eta sonda peptidikoaren bitartez, guk efektu honen lehenengo neurketak lortu ditugu. Karbohidratoen kimikan efektu anomerikoak duen garrantziak iradokitzen du kimika biologikoan duen eragina berraztertu behar dela", azpimarratu du Emilio J. Cocinerok (artikuluari buruzko albistea ikusi).
SUSCHEM sarien laugarren edizioa da aurtengoa, eta ikertzaile kimiko gazteen artean jarduera zientifikoa sustatzea eta Kimikaren diziplinaren garapena bermatzea dute helburu. Sarien banaketa Espainiako Kimikaren Errege Elkarteak (RSEQ, gaztelaniazko siglen arabera) urtero antolatzen duen kongresuaren barruan izango da, azaroaren 7 eta 10 bitartean, Zaragozan. Saria 1.500 eurokoa da, eta diploma eta RSEQren kongresuko hitzaldi gonbidatu bat era ematen ditu. "Saria oso bultzada handia da. Zorionekoa naiz, gustatzen zaizkidan gauzetan lan egin ahal dudalako, eguneroko ikerketarekin gozatzen dut, baina onarpena beste ikertzaileengandik badator, gauzak ondo egiten ditugula esan nahi du", azpimarratu du ikertzaile gazteak. Kongresu horretan bertan ikertzaile hasiberri onenarentzako Sigma-Aldrich saria ere jasoko du Cocinerok.
Emilio J. Cocinerok Kimika doktoreagoa 2005ean burutu zuen Valladolideko Unibertsitatean, Jose Luis Alonso eta Alberto Lesarri irakasleen zuzendaritzapean. 2008an unibertsitate berak ematen duen sari berezia jaso zuen, mikrouhinen espektroskopiaren bidez egindako aminoazidoen egituraren ikerketari buruzko tesiarengatik. 2006an Oxfordeko Unibertsitatera joan zen eta John P. Simons irakaslearen taldean sartu zen. Talde hori nazioartean ospetsuenetako bat da erabiltzen duen laser tresneriagatik. Egonaldi horretan azukreen hiru dimentsioko egiturari buruz egin zituen azterketek oihartzun handia izan dute zientzia munduan. 2009ko urtarrilean Euskal Herriko Unibertsitateko kide bihurtu zen Juan de la Cierva ikertzaile bezala, eta 2011tik Kimika Fisikoko saileko Ramón y Cajal ikertzaile bezala jarduten du. Sail horretan Kimikaren zenbait egitura arazoak aztertzen dituen taldea zuzentzen du. 34 urte dituela, nazioarteko aldizkari entzutetsuetan 40 artikulu baino gehiago argitaratu ditu. Horien artean, UPV/EHUko ikertzaile bezala, Naturen eta aurten Angewandthe Chemie International Edition-en lortutako azala nabarmen daitezke.