
Azken eguneratzea: 2012/06/06
.jpg)
Zaballan esku-hartze arkeologikoa egiteko proiektuak erronka itzela planteatu zien proiektuan parte hartu zuten pertsona guztiei, ia bost urtez aritu baitziren Arabako antzinako kokaleku hartan lanean. Ehun bat ikertzailek eta arkeologok osatutako etaUPV/EHUko GIPYPAC taldea buru zuen nazioarteko eta diziplina anitzeko talde batek bi urteko landa-lana eta hiru urteko laborategi-lana behar izan zituen mendeetan zehar gune horretan ezkutatuta egon diren altxorretako asko azaleratu ahal izateko. Orotara lau hektareatik gora induskatu dira, eta hedadura horrek ongi erakusten du azterketa arkeologikoa zeinen zabala eta osoa izan den, penintsulako iparraldean egindako esku-hartze arkeologikorik handiena izan baita. Nolanahi ere, ezin izan da azalera guztia sakon arakatu, herri-lana aztarnategiko zenbait sektoretan mantentzen baita.
Zaballako kokalekuan egindako indusketa eta ondoren gauzatutako ikerketa bereziak dira, herri batek mila urtez (VI. mendetik XV. mendera bitartean) izandako eguneroko bizitzaren alderdi asko xehetasunez ezagutzeko aukera eman baitigute. Gauzak horrela, bertan egindako jarduerei esker kokalekuko eliza primitibora, hilerrira, nekazarien etxeetara, landatzeko tokietara, uzta gordetzeko lekuetara, eta abarrera bidaiatzeko aukera izan dugu. Arabako beste herri hustu batzuetan bezalaxe, egitura ezberdinak aurkitzea eta mugatzea oso zaila izan da gainazaletik ezin baitira ikusi eta ez baitago egitura monumentalik.
Juan Antonio Quiros UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko irakasleak proiektuko burua izan zen, eta bera izan da Zaballan egindako lan guztia "Arqueología del Campesinado Medieval: la aldea de Zaballa" lanean laburbiltzeko ardura izan duena. UPV/EHUk argitaratutako liburu horrek 650 orrialde ditu formatu handian, eta hizpide dugun aztarnategian topatutako aurkikuntza nagusiak azaltzen ditu. Honako liburu hau Erdi Aroko nekazari-herrixka baten azterketa osoa biltzen duen lehenengo argitalpena da penintsula osoan.
Argitaratutako agiriak balio handia du terminologia teknikoari dagokionean, izan ere, ekarpen garrantzitsuak egin dira: nekazaritza-eremuei data jartzeko eta zer eta nola landatu den jakiteko sistema bat aurkitu da; dokumentazio arkeologikorako sistemetan eta indusketa-estrategietan berrikuntzak egin dira; isotopo egonkorrak kontuan hartuta garai hartako gizarteak zer-nolako elikadura-dieta izan zuen ezagutzeko lehen lanak egin dira, etab.
Eguneroko bizitza Zaballan
Hizpide dugun kokaleku honetan egindako ikerketek historian zehar izan zituen biztanleetako batzuei gertatu zitzaiena hobeto ezagutzea ahalbidetu digute. Horixe da, adibidez, XI. mendeko azken urteetan Zaballako haranean bizi izan zen merkatari baten kasua: altxor txiki bat silo batean gorde behar izan zuen, ziurrenik inork lapur ez ziezaion. Gertakari horri esker, ezin hobeki kontserbatutako Antso Ramiroren erregealdiko 30 txanpon landuz osatutako bilduma bat berreskuratu ahal izan da. Litekeena da merkatari txiki batenak izatea, Zaballa Gasteiztik Mirandara doan bidean baitzegoen, eta bide horretan jende asko ibiltzen zen, bai orduan, baita orain ere.
Beste adibide aipagarri bat XII. mendean Zaballako goi-haranean bizi zen pertsonaia batena da: etxe apal batean bizi zen, baina oparotasun puntu bat zuten eguneroko objektuak zituen, izan ere, bere altzariek brontzezko errematxeak zituzten, berak armak eramaten zituen soinean eta kolore ezberdinetako esmaltez apaindutako ezarkinak zituen. Pertsona hori garrantzitsua eta itzal handikoa izan zen herrian, eta ziurrenik bere iritzia oso garrantzitsua zen herriko kontuetan.
Gunearen historia
Zaballako esku-hartze arkeologikoa eta indusketaren emaitzen argitalpena ere oso garrantzitsuak dira historiari dagokionez, penintsulako iparraldeko nekazaritza-historia oso-osoan ezagutzeko aukera ezin hobea ematen baitute. Izan ere, Zaballan egindako ikerketak gune horrek okupatuta egon zen milurtekoan (VI. mendea - XVII. mendea) izan zuen bilakaera ezagutzeko aukera eman digu: VIII. mendean lehendik zeuden landetxeen gainean herria sortu zenetik XV. mende amaieran Badaiako Santa Katalinaren monasterioaren eskuetara igaro zenean pixkanaka husten joan zen arte.
Zaballa VI. eta VII. mendeen artean okupatu zuten lehenengoz, baina intentsitate txikiko okupazioa izan zela eta herri moduan 700. urte inguruan sortu zela uste da, garai hartan biztanleria-dentsitatea handitu eta ia 9.000 m2ko eremua hartu zuen landa-populaketa egon baitzen eta gehiegizko espezializazioaren ondoriozko arriskuak murriztea helburu zuen ekoizpen-jarduera dibertsifikatua garatu baitzen.
950. urte aldera, herrixkatik kanpoko eliteek San Tirsori eskainitako eliza eraiki zuten Goi Erdi Aroko herrixkaren bihotzean eta horrek etxalde guztiak Zaballako haranera ekartzea eragin zuen, beraz, ingurunea zeharo aldatu zen. Garai horretako data jarri ahal izan zaie nekazaritza-erabilerako zenbait terrazari eta aztarnategian egiten ziren ekoizpen-jardueren inguruko beste elementu material batzuei. Errenten dirua gordetzeko silo handiak aurkitu dira elizatik gertu, eta horiexek dira jauntxoen arrastoa erakusten duten adierazle nagusiak.
1100. urte aldera datatutako ia hogeita hamar txanponez osatutako altxortxo bat edo etxebizitzetako batean urre-koloreko brontzez egindako apaingarri pertsonalak aurkitu izanak erakusten du XI. eta XII. mendeetan nekazarien arteko gizarte-desberdintasunak areagotuz joan zirela. Azken mende horretan Goi Erdi Aroko jaun-eliza nekazari-komunitatearen parrokia bihurtu zen, eta horrek berrikuntza esanguratsuak ekarri zizkion elizaren eraikinari.
XIII. mendean Zaballak eraldaketa sakona bizi izan zuen, ziurrenik Arabako Kofradian egituratutako jauntxo-talde nagusietako baten menpean geratu zelako. Nekazari-komunitateko biztanleriaren zati batek, bereziki sektorerik aberatsenek, emigratu ondoren, baserritarren etxebizitzak haraneko mendebaldeko hegian berreraiki ziren ezin hobeki planifikatutako eta antolatutako eraikuntza-eskema bati jarraiki. Eraikuntza-eredu hiritarra erabiliz altxatutako etxebizitza berrion azpian, aurreko garaiko etxeak hartzen zituen haran-hondoa bete egin zen nekazaritza-erabilera emateko, eta kanal-sistema berria ezarri zen ekoizpen-eremu guztia ureztatzeko. Ereiteko alor horiek egiteak eskatzen zuen gizarte-inbertsio garrantzitsua ulertzekoa da, Zaballako biztanleek ekoitzitako errentak areagotzea baitzen helburua.
Nolanahi ere, Zaballak bizi izan zuen murrizketa demografikoak ongi azaltzen du azkenean XV. mendean herrixka hustea ekarri zuen nekazari-komunitatearen ahultasuna. Mende horren hasieran herria Aiala kantzilerraren alargunaren esku zegoen, eta hark handik gertu zegoen Badaiako Santa Katalinaren monasterioari eman zizkion lurrak. Monasterioari Zaballako ustiaketatik ateratako errentak lortzea interesatzen zitzaion bereziki, beraz, ez zuen hondamen demografikoa geldiarazi; aitzitik, inguruko herrietako (Subilla lehenik eta Langraiz ondoren) nekazariekin errentamendu-kontratuak ezartzeaz arduratu zen batik bat. Hori dela eta, 1450. urteaz geroztik (gutxi gorabehera) ez da biztanleria egonkorrik egon Zaballan, eta garai hartan zaharberritutako San Tirsoren eliza zaharra baino ez da zutik mantentzen.
XVII. mende hasieran Badaiako monasterioak Langraizeko herritar batzuei saldu zien Zaballa, ziurrenik ezin zuelako nahi beste baliabide lortu. Garai hartan, epe labur batez, eliza etxebizitza bihurtu zuten, baina mendearen erdi aldera hura ere bertan behera utzi eta espoliatu egin zuten.
.jpg)