
Azken eguneratzea: 2012/06/06
Ikerketa honek garrantzi berezia hartzen du, egungo finantza-krisiaren ondorioz autonomi erkidegoek eta udalek garapenerako lankidetzan eta nazioarteko elkartasun politiketan orain arte izandako paperaren hausnarketa egiten ari diren honetan. Zentzu honetan, liburuak, erakundeek egiten dituzten ekarpenak mantentzearen alde egiten badu ere, "kooperazio efizienteago" bateranzko ibilbidean gako ezberdinak aurkezten ditu, finantza-egoerarekiko "menpekotasun txikiagoa" duena eta "gizartean ematen diren dinamikei lotuagoa" izango dena.
'Garapenarako lankidetza Euskadin, 25 urte: erakunde publikoetako politika eta euskal lankidetza sistema' liburuak bi urtetan zehar hainbat autorek egindako ikerketa lan zabala laburbiltzen du. Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakunde garrantzitsuenek bultzaturiko 300 dokumentu eta ia-ia 7.000 proiektu eta interbentzio analizatu ditu azterlanak.
Koldo Unceta UPV/EHUko Ekonomia Aplikatuko departamentuko irakaslea eta Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuko kideak zuzendu duen ikerlanak 300 orrialdetan zehar garapenerako euskal sistemaren ahultasun eta sendotasunak batetik, eta bestetik, sistema hori sortu zenetik erakundeek jokatutako papera azken mende laurdenean analizatzen du, hala nola planteatutako objektiboen koherentzia, euskal gizartearen berezitasunei eta gaitasunei egokitutako estrategiak, erakunde desberdinen arteko koordinazioa edo garapenerako agenteen eta gizartearen arteko harremanak, besteak beste.
Koldo Uncetak zuzenduriko lan honek bere kolaboratzaileen artean UPV/EHUko eta Hegoa Institutuko irakasle eta ikertzaileak ditu: Iratxe Amiano, Jorge Gutiérrez, Irati Labaien, María José Martínez, Eduardo Malagón, Michel Sabalza, Unai Villena eta Idoye Zabala.