
Azken eguneratzea: 2012/05/30
Egoera estresagarri baten eraginpean egoteak garuneko eremu ugari aktibatu eta neurotransmisore asko, dopaminak, besteak beste, askatzen ditu, eta, Francisco Gómez UPV/EHUko ikertzaile taldeko zuzendariak azaldu duen bezala: "dirudienez, angustia- eta antsietate-egoeretan izaten ditugun emozioak erregulatzearekin zerikusi handia daukan dopamina prefrontalak lotura handia dauka, baita ere, modu automatiko edo inkontzientean egiten ditugun jokabide errepikakorrekin (hortzak estutzea, txiklea mastekatzea eta azazkalak jatea, besteak beste)". Hau da, ikerketak baieztatu egiten du lotura esanguratsua dagoela estres-egoera batean garunean dopamina askatzearen eta bruxismo-motako (hortzak estutzea) jokabidearen artean.
Sociedad Española de Disfunción Craneomandibular y Dolor Orofacial elkarteak Juan Luis Ferrer saria eman dion azterlanaren izena honakoa da: "Relationship between non-functional masticatory activity and central dopamine in stressed rats" (Mastekatze-jarduera ez-funtzionalaren eta dopamina zentralaren arteko korrespondentzia sagu estresatuetan). UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Estomatologia saileko Francisco Gómez eta Farmakologia saileko Jorge Ortega, Igor Horrillo eta Javier Meana irakasle eta ikertzaileen arteko lankidetzarekin egin den artikuluak eguneko bruxismoa (hortzak estutzea) onuragarria izan daitekeela organismorako adierazteaz aparte, "tentsio emozionala eta estresa deskargatzeko, eta, horrela, horiek garunean izan ditzaketen ondorioak arintzen" baititu, "mastikatze-aparaturako (hortzen gehiegizko higadura, gaixotasun periodentala, mastikatzearekin erlazionatutako mialgia eta masailezurreko artikulazioetan arazoak, besteak beste) oso kaltegarria den aho-ohitura" izaten jarraitzen duela eransten du. Eta gainera oso orokorra, "biztanleen %20ak baitauka".
Saritutako artikulua UPV/EHUko ikerketa-taldearen aurreko beste lan batzuen jarraipena da, eta Centro de Investigación en Biomédica en red de Salud Mental (CIBERSAM) zentroaren lankidetza izan du. Artikulu horrek karraskariekin eginiko esperimentu-datuak aurkezten ditu, eta datu horiek hipotesi hau bermatzen dute: estres, antsietate eta tentsio emozionaleko egoeretan hortzak estutzeko bruxismo-ohiturak, edota baita txiklea mastekatzea edo azazkalak jatea ere pertsonek "inkontzienteki garatzen dituzten" "deskarga-mekanismoak" izan daitezke, horrela, zati batean behintzat, estresak edo antsietateak organismoan izan ditzaketen ondorioak "arintzeko".
Francisco Gómez Euskal Herriko Unibertsitateko Estomatologia saileko irakaslea da 1987 urtetik, eta 20 urte daramatza bruxismoaren kausa nagusia ikertzen esperimentazio-animaliengan. Gai horri buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu eragin-indizerik handiena duten odontologia-aldizkarietan azken urteetan, beti Farmakologia saileko irakasleekin batera, UPV/EHU barruko sail arteko lanean.