
Azken eguneratzea: 2012/05/29
"Jendeak, hiltzeari baino gehiago, gaizki hiltzeari dio beldurra". Eutanasiaren eta hiltzeko prozesuaren inguruan euskal gizarteak zer sentipen dituen aztertu du Iñaki Olaizolak, eta 70eko hamarkadatik hona haiek nola aldatu diren. Horretarako, besteak beste, askotariko jendea elkarrizketatu du, eta gaizki hiltzeko beldur hori orokorra dela ikusi du. Heriotza duina legez bermatzeko beharra azpimarratu du, UPV/EHUn defendatu duen tesian: "Euskal Herria, eta mendebaldea, oro har, ondo bizi garen herria gara printzipioz, baina gaizki hiltzen gara. Eta hori hobetzea posible da". Transformaciones en el proceso de morir: la eutanasia, una cuestión de debate en la sociedad vasca (Hiltzeko prozesuaren eraldaketak: eutanasia eztabaidagai euskal gizartean) da Olaizolaren lana.
Antropologia-ikerketa izaki, sakoneko elkarrizketek izan dute pisu handiena lan honetan. Hain zuzen, hamabost euskal herritar elkarrizketatu ditu Olaizolak: "Lagin horretan parte handiagoa izan dute emakumeek gizonezkoek baino. Izan ere, bizitza luzatzearekin batera, ikaragarri egin du gora zainketaren beharrak, eta hor ardura nagusia emakumeek hartu dute beti". Jende arrunta bilatu du, ez ditu eutanasian edo heriotza-prozesuetan jantziak diren pertsonak elkarrizketatu. "Heriotza-prozesua guztioi dagokigu; ez da espezialisten kontua, eta, batez ere, ez da medikuen kontua. Medikua beharrezkoa da behin erabaki batzuk hartu direnean, baina hausnarketa, eztabaida, bizitzak zer balio daukan, haren zentzua… hori ez da medikuen eginbeharra, guztiona baizik", azaldu du.
Tradizionaletik biografikora
Heriotza-prozesua hiru etapatan sailkatuta aztertu du Olaizolak: gaixotasuna eta dependentzia, gaixoa hilzorian dagoen tartea, eta heriotza ondoko errituala. Ikertzaileak dioenez, hirurotan izan dira aldaketa handiak azken hamarkadotan. Euskal gizarteak eredu tradizionaletik "biografiko"rako bilakaera izan du. "Tradizionalean erlijioak eragin ikaragarria dauka, Jainkoak nahi duen arte bizi behar dugu. Heriotza prozesu luzetzat jotzen da, bizitzaren parte da. Ez gara gure bizitzaren jabe. Baina orduan hausnarketa gehiago egiten zuten pertsonak agertu ziren, beren bizitzaz jabetzen zirenak. Etika, eredu, jardunbide… berriak azaldu ziren. Horri esaten diot eredu biografikoa", adierazi du. Hau da, nork bere bizitza zein heriotza bere gain hartzea.
Ikerketa honetan ondorioztatzen denez, 1960-70eko hamarkaden bueltan gertatu zen bi ereduon arteko inflexio-puntua. Horren atzean askotariko aldaketak daude. Gizarte-aldaketei dagokienez, demografiaren bilakaera eta bizi-itxaropenaren hazkundea azpimarratu ditu Olaizolak: "Hil aurretik, bospasei urtez ingurukoen mende egongo garela aurreikusten da orain. Dependentziak zainketa-behar ikaragarria sortzen du, eta emakumeentzat karga izugarria dakar horrek. Gainera, familiaren egituran ere izan dira aldaketak; garai batean hiru belaunaldi bizi ziren elkarrekin".
Hala ere, kultura-aldaketek baldintzatu dute gehiago heriotzaren pertzepzioan izan den bilakaera, Olaizolak dioenez. "Gogoetazko indibidualizazioa" aipatu du aldaketa horren erakusle. Hau da, gure osasuna gure ardura da. Eta era berean, gure osasunak ez du zertan besteen ardura izan: "Ez zaintzeko eskubidea sortu da. Esaten da pertsonek, eta batez ere emakumeek, ez dutela gaixoaren zainketa muturreraino eraman behar, pertsonak direla eta bizi egin behar dutela". Legeek ere jasotzen dute kultura-aldaketa hori. Esaterako, Norberaren Autonomia Sustatzeko Espainiako Legeak (2002): "Norbera da bere prozesuaren jabe, medikuntza-sistema ez dago zu zaintzera baimenduta, zuk nahi ez baduzu. Kultura-aldaketa ikaragarria da: orain pertsona bakoitzaren autonomia da printzipio nagusia. Eta aurretiazko borondateak zehazteko aukera izatea ere bada beste lege-aldaketa garrantzitsu bat. Zuk hor azaldu dezakezu, adibidez, une batetik aurrera ez duzula bizi nahi".
Sufrimendurik ez
Hala ere, Olaizolak ondorioztatu du oraindik asko dagoela egiteke legediari dagokionez; bai hiltzeko prozesuan, bai eta zaintzaileek duten zaman ere. Azken horren harira, ikerketan elkarrizketatutako emakumeek esandakoak azpimarratu ditu: "Batez ere emakumeek, ez dute nahi beren dependentzia-urteetan senideak haiek zaintzen egoterik. Hainbeste sufritu dute zaintzaile izatea egokitu zaienean, ez dute alabentzat halako zamarik nahi. Nahiago dute egoitza batera joan".
Aipatutako salbuespenak salbuespen, legeetako definiziorik eza salatu du tesi-egileak, eta "pauso erraldoi bat" eman behar dela aldarrikatu: "Gaur egun, sufrimenduari ia inork ez dio balio erredentorerik ematen.
Elkarrizketatu ditudan guztiek esan dute mina ez dela beharrezkoa, kendu egin behar dela. Duintasunez hiltzeko eskubide hori legeztatu egin behar da, bermeak eman. Heriotzaren kalitatea hobetu behar da, kalitate txarreko heriotza daukagu-eta".
Egileari buruz
Iñaki Olaizola Eizagirre (Donostia, 1944) Antropologian doktorea da tesi honi esker, baina lehendik ere bada doktore, Ontzi Ingeniaritzan. Maria Luz Esteban UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko zuzendariaren gidaritzapean idatzi du tesia. Euskal Herri osoko zenbait txokotan jardun du landa-lana egiten.
Argazki-oina: Iñaki Olaizola, tesiaren egilea. (Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki Press).