Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/05/24

UPV/EHUko Emilio J. Cocinero ikertzaile gazte onena aukeratu du Espainiako Kimikako Errege Elkarteak

UPV/EHUko Kimika Fisikoko saileko ikertzaile Emilio José Cocinerok bere ibilaldi zientifikoa aitortua ikusi du, Espainiako Kimikako Errege Elkarteak (RSEQ, gaztelerazko siglen arabera) ikertzaile hasiberriei ematen dizkien Sigma-Aldrich sarietako bat lortu baitu. RSEQk, Kimika eta Ingeniaritza Kimikoaren sustapena helburu duen gobernuz kanpoko erakundeak, urtero ematen ditu bere sariak eta banaketa urteko kongresuan izaten da. Aurten kongresu hori Zaragozan egingo da, azaroaren 7tik 10era. Sigma-Aldrich sariek diploma, RSEQren kongresuko hitzaldi gonbidatu bat eta 1.000 euroko dituzte barnean.

Ikertzailea kritiko agertu da gaur egungo eredu zientifiko eta ikertzaile gazteen sustapenarekin. "Gaztea zarenean, Espainian finantziazioa lortzea ia ezinezkoa denez, zeure ideiak garatzea oso zaila da. Espero dut sariak etorkizuneko proiektuentzako finantziazioa lortzen lagunduko didala", azaldu du Cocinerok, eta ikerketa alorra pairatzen ari den murrizketa kritikatu du. "Hurrengo urteetan burmuin asko joango dira, eta ez dira itzuliko. Damutu egingo gara", dio ikertzaileak.

Emilio J. Cocinerok Kimika doktoreagoa 2005ean burutu zuen Valladolideko Unibertsitatean, Jose Luis Alonso eta Alberto Lesarri irakasleen zuzendaritzapean. 2008an unibertsitate berak ematen duen sari berezia jaso zuen, mikrouhinen espektroskopiaren bidez egindako aminoazidoen egituraren ikerketari buruzko tesiarengatik. 2006an Oxfordeko Unibertsitatera joan zen eta John P. Simons irakaslearen taldean sartu zen. Talde hori nazioartean ospetsuenetako bat da erabiltzen duen laser tresneriagatik. Egonaldi horretan azukreen hiru dimentsioko egiturari buruz egin zituen azterketek oihartzun handia izan dute zientzia munduan. 2009ko urtarrilean Euskal Herriko Unibertsitateko kide bihurtu zen Juan de la Cierva ikertzaile bezala, eta 2011tik Kimika Fisikoko saileko Ramón y Cajal ikertzaile bezala jarduten du. Sail horretan Kimikaren zenbait egitura arazoak aztertzen dituen taldea zuzentzen du. 34 urte dituela, nazioarteko aldizkari entzutetsuetan 40 artikulu baino gehiago argitaratu ditu. Horien artean, UPV/EHUko ikertzaile bezala, Naturen eta aurten Angewandthe Chemie International Edition-en lortutako azala nabarmen daitezke.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa