
Azken eguneratzea: 2012/05/23
UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritza Eskolak titulazio bikoitzeko akordioa lortu du Universidad de Santiago de Chile (USACH) unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearekin, euskal unibertsitate publikoko Geomatika eta Topografia Ingeniaritza Graduaren eta Txileko unibertsitateko Ingeniería en Ejecución en la especialidad de Geomensura karreraren artean. Akordio honi esker, UPV/EHUko Gasteizko eskola honetako ikasleek, akademi ikasturte batean Txileko fakultate horretan irakasgaien programa espezifiko bat egitea erabakitzen badute, bi herrialdeetan lortuko dute titulua, bai eta gaitasun profesionalak ere. Alderantziz, prozedura bera jarraituta, Txileko Ingeniaritza Fakultateko ikasleek Geomatika eta Topografia Ingeniaritza Gradua lortuko dute Espainian.
Universidad de Santiago de Chile (USACH ) unibertsitatea 1848an sortu zen Arte eta Lanbide Eskola bezala, eta jarduera guztiak 340,000 m²-ko campus
bakarrean egiten ditu, Santiagoko Estación Central komunan. Gaur egungo ranking guztien arabera, USACH unibertsitatea Txileko unibertsitate onenetakoa da. CSICen sailkapen webometriko baten arabera, 2012ko urtarrilean eginikoa, unibertsitate hau bigarren tokian egongo litzateke Txileko unibertsitateen artean, garrantziari dagokionez.
Akordioaren garrantzia
Gaur egun, ekonomia-jarduerak globalizatuta daude, eta Espainiako enpresa askok Txilen garatzen dituzte geomatikarekin lotutako proiektuak. Horregatik, titulazio bikoitzeko akordio honek balio erantsia eta beste aukera bat eskaintzen dizkiete etorkizunean tituludunak izango diren gure ikasleei. Bestalde, Txileko ikasleei Europako produkzio- eta hezkuntza-sistema ezagutzeko aukera ematen zaie, eta, horri esker, curriculum-desderdintasun garrantzitsua izango dute euren herrialdera itzultzen direnean.