
Azken eguneratzea: 2012/05/21
Gaur eguerdian UPV/EHUren Leioa-Erandioko Guneko Areto Nagusiko hallean egindako ekitaldiarekin zabaldutzat eman da Poesiaren Bidea, poesia unibertsalaren ibilbidea jorratzen duen pasealeku hori Leioa-Erandio Guneko espaloietan barreiatutako poema-sorta baten inskripzioak dituen 40 harlauzek osotzen dute, eta horietan hizkuntza anitzetan, hala nola, euskaraz, gazteleraz, katalanez, galizieraz, frantsesez eta ingelesez idatzitako Lauaxeta, Antonio Machado, Salvador Espriu, Rosalía de Castro, Arthur Rimbaud eta Lord Byronen, besteak beste, lanak irakurri daitezke.
"Pasealeku hau sei hizkuntza ezberdinetan hitz egiten eta idazten duten 40 poeten lanen zatiak biltzen dituen espazioa da. Horrela campusarekin geografia berezi bat egiten dugula deritzot, hizkuntzek, ideiek eta sentimenduek elkarri eskua ematen dioten mapa literario bat, idazleek elkarren artean hitz egiten duten leku bat, hain zuzen", adierazi du UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak inaugurazio ekitaldian. Bestetik, Gaurtik aurrera Leioa-Erandio Gunean zehar aurkitu ahal izango diren poema horietako batzuk irakurtzeko erantzulea Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde bat izan da.
Ekimenak, halaber, 'Poesiaren kontra, edo poesiaren zazpi bekatu nagusiak' manifestua irakurri duen Iban Zaldua idazlearen eta euskal literaturaren bertso esanguratsuenei musika jarri dien Mikel Urdangarin Zornotzako bertsolari eta kantautorearen presentziarekin kontatu du.
Zalduak testua irakurri ostean era ironikoan azaldu du ez dela kontraesana poesiaren kontra izatea eta genero hori ardatz duten ekitaldietan parte hartzea. Gero, poesiaren kontra izateko eman daitezkeen argudioak aurkeztu ditu, poesiaren zazpi bekatu nagusi, mortal eta kapitalen inguruan egituraturik: harrokeria, lukurreria, lizunkeria, haserrea, jalekeria, bekaizkeria eta alferkeria, denak aurkitu ditu Iban Zalduak poesian. Amaitu du esanez UPV/EHUko Leioa-Erandioko Gunean egin den Poesiaren Bideak baduela zerbait ona: "orain, poesia zapalduz paseatu daiteke unibertsitatetik".
Urdangarinek Lekandapean, Ezin esan eta Munduari begiratzeko modu bat (Non geratzen den denbora?) bere arrakastetako batzuk abestu ostean, Martxa baten lehen notak, Mendian gora eta Izarren hautsa bezalako euskal kantutegi herrikoiaren bertso adierazkorrenei musika jarri die.
'Baldosa poetiko' hauen jartzearekin Leioa-Erandio gunean ekin den eraberritze eta apaintze prozesuarekin jarraitzen da. Baina, ez hori bakarrik, ekimenarekin gizon-emakume guztien ondare diren poemak zabaldu gura baitira eta, baita campusa erabiltzen duten guztien kuriositate intelektual eta literarioa piztu ere. Gainera, poemek pasealekua erakargarriagoa, dibertigarriagoa eta kulturalagoa bihurtzen dute.
Bideoa