
Azken eguneratzea: 2012/05/14
UPV/EHUn ikasten duten ikasle bisitariekin urteko ohiko topaketa egin dute Campuseko Carlos Santamaría Zentroan; izan ere, unibertsitateak ikasle trukerako hainbat programetan hartzen du parte, eta hori dela bide daude hemen ikasle bisitariak. Ekitaldian nazionalitate ugariko 150 gazte bildu dira, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Campusetik iritsitakoak. Argazki ofiziala atera ondoren, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta Nazioarteko Hedakuntzako errektoreorde Miriam Peñalbak hitz egin dute. Ondoren, Kepa Junkerak euskal musika-tresnei buruzko erakustaldia eskaini du. Saioa bukatzeko, hamaiketakoa egin dute.
UPV/EHU 1987-1988 ikasturtean hasi zen nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen; 2000-2001 ikasturtetik, gainera, estatu mailako mugikortasun programetako kide ere bada, programak martxan jarri ziren ikasturte beretik. Azken urteetako datuen bilakaerak agerian utzi duenez, UPV/EHUko ikasleek gero eta parte hartze handiagoa dute truke programetan, jakin badakitelako denbora tarte batez UPV/EHU ez beste unibertsitate batean ikastea oso garrantzitsua dela maila akademikoan eta pertsonalean hazteko. Horrez gain, UPV/EHU ikasle bisitarientzako helburu erakargarri gisa finkatu da.
2010-2011 ikasturtean estatuko eta nazioarteko 690 ikasle bisitari iritsi dira, guztira; UPV/EHUko ikasle izan eta estatuko edo nazioarteko beste unibertsitate batera joan diren ikasleen zenbatekoa, aldiz, 1290 pertsonakoa da.
Hitzarmenak
UPV/EHUk parte hartze aktiboa du truke programa nagusietan, besteak beste Europako Batzordeak eta Hezkuntza eta Zientzia ministerioek sustatutako Sócrates-Erasmus programan; egitasmo horren baitan, UPV/EHUk bostehun hitzarmen inguru ditu Europako makina bat unibertsitaterekin. Horrez gain, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUE) abiarazitako SICUE (Espainiako Unibertsitateetako Ikastegien arteko Trukatze Sistema) programan ere parte hartzen du; programa horrek Hezkuntza Ministerioaren laguntza ekonomiko nabarmena jasotzen du, Séneca bekaren bitartez bideratzen dena.
Halaber, UPV/EHU Erasmus Mundus proiektuko partaide ere izan da; Europako eta Honduras, Nikaragua, Mexiko, El Salvador eta Guatemalako goi hezkuntzako erakundeen arteko kooperazio eta mugikortasun sarea da Erasmus Mundus. Proiektua Europako Batzordeak finantzatzen du, eta 20 unibertsitate biltzen dira bertan, UPV/EHU koordinatzaile dela; ekimena aurten bukatuko da. Hala ere, horrelako ezaugarriak izango dituzten etorkizuneko proiektuetan parte hartzearen aldeko apustuari eutsi dio Euskal Herriko Unibertsitateak.
UPV/EHUk, gainera, trukerako bi programa propio ditu. Alde batetik, mugikortasunerako UPV/EHU-AL izeneko programa dago, eta horri esker, Latinoamerikako unibertsitate ugarirekin lankidetza hitzarmenak sinatu dira. Akordio horiei esker, 2010-2011 ikasturtean UPV/EHUko ehun ikasle baino gehiago Latinoamerikako hainbat unibertsitatera joan dira. Beste alde batetik, UPV/EHUk hainbat hitzarmen ditu beste unibertsitate batzuekin, besteak beste Japonia, Filipinak, Txina, Kanada edota Amerikako Estatu Batuetan. 2010-2011 ikasturtean, berrogeita hamar bat ikaslek hartu dute parte mugikortasun programa horietan.
Harrera zerbitzuak, laguntzaile birtuala, Skype eta hizkuntzak
Hiru campusetan (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba), UPV/EHUra iristen diren ikasle bisitarientzako harrera zerbitzua dago; zerbitzu horien eginkizuna ikasleen egonaldi akademikoa erraztea da. Horrez gain, unibertsitatearen Ostatu Zerbitzuak laguntza eskaintzen die iritsi berri diren ikasleei, eta ostatu hartzeko moduei buruzko informazioa helarazten die (pisu partekatuak, unibertsitate egoitzak edota ikasle egoitzak).
Bidenabar, berriki Nazioarteko Hedakuntzarako Errektoreordetzak laguntzaile birtual berria ezarri du (ANE), unibertsitateko nazioarteko mugikortasun aukerei buruzko zalantzak argitzeko diseinatu dutena. Anek, laguntzaile hirueledunak (ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz erabil daiteke), atzerrira truke programetan doazen tokiko ikasleen zalantzak argitu eta etorriko diren bisitarien galderak erantzuten ditu, eta teknologia semantikoan eta inteligentzia artifizialaren arloan diharduen iSOCO enpresak garatu du.
Halaber, UPV/EHUk nazioarteko bideo deietarako zerbitzu bat ere badu, doakoa eta astero martxan jartzen dena, eta horren bidez unibertsitatera etorriko diren atzerriko bisitarien galderak erantzuten ditu.
Bestalde, unibertsitatean gero eta ikasle bisitari gehiago dagoenez, Nazioarteko Hedakuntzarako Errektoreordetzak atzerritarrentzako hizkuntza ikastaroak antolatzen ditu (euskara eta gaztelania). GAITERA, Cervantes Institutuaren laguntzaz, UPV/EHUk gaztelania maila ebaluatzeko eta ziurtatzeko aukera eskaintzen die ikasle guztiei, gaztelaniaren diploma atzerriko hizkuntza gisa (DELE) emanez.
Etorkizuna
Ekintza hauek guztiek eragin handiagoa izango dute herrialdeen arteko errealitateak gehiago hurbiltzeari eta unibertsitateen artean lankidetza estuagoa izateari dagokionez. Hala, epe ertain eta luzeari begira, ikasle trukerako programa hauek unibertsitateko prestakuntzan integratzea da asmoa, eta ikasleek beraien borondatez bizi duten esperientzia izatetik nahitaezko esperientzia izatera aldatzea. Izan ere, Lisboako Goi Bileran (2009ko apirilean egin zena), Europako herrialdeetako hezkuntza ministroek finkatutako xedeen artean jaso zuten 2020. urterako unibertsitateko ikasleen % 20k nazioarteko mugikortasunerako esperientzia batean parte hartu behar zuela.
![]() |
![]() |