
Azken eguneratzea: 2012/05/03
Europako Hiri Berdea aukeratua izan denez, aurten Vitoria-Gasteizko Udalak eta UPV/EHUk elkarrekin antolatuko dute Udako Europar Ikastaroetako bat. Ikastaro horiek Donostian dute egoitza nagusia; hala ere, aurten, lehenengo aldiz, Gasteizera helduko dira, nazioarteko prestakuntza-jarduera horietako bat bertan antolatuko baita. Horrela, Europar Ikastaroek 2012. urtea Arabako hiriarentzat duen garrantzia aintzat hartu eta azpimarratuko dute.
Hortaz, Gasteizen honako ikastaro hau emango da: "¿Cómo avanzar hacia la reducción y el reciclaje de residuos urbanos? Una propuesta de instrumentos económicos", eta Arabako Campuseko Enpresa Ikasketen Eskolan egingo da, ekainaren 27an, 28an eta 29an.
Gasteizen egitekoa den ikastaro horretan estatuko zein nazioarteko adituek parte hartuko dute, eta hiri-hondakinak gutxitu eta birziklatzearen alorraren gaur egungo egoera eta egin daitezkeen berrikuntzak aztertuko dituzte. Beraz, lehenengo egunean hondakinen kudeaketaren kostu eta baliabide ekonomikoak analizatuko dituzte; eta bigarrenean, sortzeagatiko ordainketari buruz Europan bideratu diren esperientzien berri emango dute. Azken egunean, Gasteiz udalerriko oraingo egoerari erreparatuko diote, batik bat. Horregatik, Gasteizko Udaleko alor horretako zenbait arduradunek parte hartuko dute, hala nola, Joseba Sánchezek (Hondakinen Kudeaketako burua) eta Ana Gutiérrezek (Ogasun Saileko zuzendaria). Haiek azalduko dute egunero hiri-hondakinen gutxitzearen, birziklatzearen eta fiskalitatearen gainean egiten duten lana. Egun berean, mahai-inguru bat ere antolatuko da, eta Gasteiz udalerriko hainbat gizarte-eragilek parte hartuko dute.
Donostiako Udako Europar Ikastaroek ezaugarri dute Europako aditu handienak hizlari izatea, ikastaroen gaiak lantzeko; horregatik, leku askotako ikasleak erakarri ohi dituzte. Hori dela eta, egitarau akademikoaz gain, ikastaroan hainbat gizarte-jarduera egingo dira, parte-hartzaileek Gasteiz hirian dauden birziklatzearen alorreko ekipamenduak zein gune turistiko adierazgarrienak ezagut ditzaten. Hortaz, jardunaldietan hondakinen bilketa pneumatikorako lantegia, hirigune historikoa eta Santa Maria katedrala bisitatzeko aukera izango dute.
Horrenbestez, Miren Artarazek, Enpresa Ikasketen Eskolako zuzendariak eta Ekonomia Zientzietako doktoreak, zuzentzen duen ikastaroan parte hartuko dutenek ezagutu ahalko dituzte administrazioek birziklatzearen alorrean erabil ditzaketen tresnak, haien udalerrietan ere ezartze aldera; beraz, ikastaroak lagunduko du hiri-hondakinak gutxitu, birziklatu eta ez isurtzearen alorrean aurrera egiten.
Matrikula egiteko epe arrunta maiatzaren 2tik 31ra arte izango da, eta ekainaren 1etik aurrera matrikulatzeko epe berezia hasiko da.
Argazki oina: Miren Artaraz, Uda Ikastaro honen zuzendaria eta Gasteizen Enpresaritza Eskolako zuzendaria; Manu Uriarte, Gasteizeko Udaletxeko Ogasun zinegotzia; eta José Luis de la Cuesta, UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendaria