Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Azken eguneratzea: 2012/05/12

Geolodia 2012k historian zehar Araba busti izan duten itsaso, laku eta ibaiak erakusten ditu
Geolodia Arabako ondare geologikoaren sekretuak ezagutzeko aukera ezin hobea da.

Maiatzaren 6an Araban egin zen Geolodia 12 jardunaldiak "Arabako itsaso, aintzira eta ibaiak. Euskal arroaren egitura geologikoaren jatorria" izena hartu du aurten. 2012. urte honetan, bertaratutako guztiei Arabako substratua osatzen duten eta, era berean, aro geologikoan barrena nola garatu diren ulertzea ahalbidetzen duten material eta egitura geologiko ezberdinak lekuan bertan erakutsita azaltzea izan da urtean behin geologiaren inguruan antolatzen den hitzordu honen helburua. 

Geologiari eskainitako egun honek Arabako lur-azpiak ezkutatzen dituen sekretuak eta misterioak gizarteari hurbiltzeko aukera ematen die geologia arloko adituei. Jardunaldiko partaideek UPV/EHUko Luis Eguiluz geologoa izango dute bidelagun Arabako lurretan zehar egingo duten osteratxoan. Aipagarria da, aldaera txiki batzuk gorabehera, Arabak Kantauri Itsasoko kostalde gehienaren, hots, geologoek Eusko-kantauriar Arroa izenaz ezagutzen duten eremuaren antzeko bilakaera izan duela.

2012ko geologia-jardunaldi honi esker modu didaktikoan azaldu ahal izan dira bisitarako aurreikusitako eremu ezberdinetako gainazalak eta zorupeak izan dituzten aldaketak, bereziki historiako uneren batean itsaso, ibai edo lakuren batek urpean mantendutako eremuei dagokienean.

Geolodia 12ren ibilbidea
Geolodia 12 honetarako Gasteizen abiatu eta probintziaren hegoaldea zeharkatu ondoren Arabako Errioxan amaitzen den ibilbidea planeatu zen. Ibilbidean zehar hainbat geldialdi egin ziren ziren, esaterako Portillan, Ocion edo Guardian, bertako zorupeari buruzko informazioa sakontzeko xedez. Geolodia 2012 honetako ibilbidea Luis Eguiluzek, Luis Miguel Martínezek, Fernando Sarrionandiak, Iosu Junguituk  eta Pedro Lobok diseinatu zuten (lehenengo hirurak UPV/EHUko Geodinamika Saileko kideak dira eta beste biak, aldiz, UPV/EHUko Kartografia Zerbitzukoak).

Horrenbestez, Gasteiztik hegoaldera bidean irten ondoren, taldea Zaldiarango mendatea igotzen hasi zen. Bertan Goi Kretazeoko materialak aurki daitezke, noduludun kareharria eta fosiletan joria den tuparria, alegia. Tuparri horretako fosilak oso sakona ez den itsas ingurunean sortutako triku eta belakienak dira batez ere.

Mendatearen goiko aldean hondartza ondoko itsasertz ingurunean ohikoak diren kalkarenita eta hondarra agertzen hasten dira, eta horrek erregimen erregresiboa ezarri zela adierazten du. Muino horretan txangozaleek Mendebaldera begiratu zuten Gaztelu Zahar mendixka behatzeko, bertan harkosko eta harribilen kontsolidazioak eratutako konglomeratu edo arroka sedimentario maila garrantzitsua baitago.

Mendatea jaisterakoan, Trebiñura iritsi arte, bidaiariek konglomeratuen gainetik lohi eta hareazko arroka-geruzak agertzen hasten direla ikusi ahal izan zuten, eta azkenik Gazteluaren mendixkan eta Kutxuko lautadan Trebiñuko sinklinalaren ardatza edo nukleoa ikusi ahal izan zuten. Geologian sinklinal terminoaz ezagutzen da beherantz, hots, arro formarekin elkartzen diren geruzak dituen eta mugimendu orogeniko baten konpentsazio-indarren ondorioz lurrazalean eragindako toles ahurra. Inguru horretan ikus daitezkeen lohi eta hareazko materialak aintzira-inguruneetan eta kontinenteko itsas inguruneetan eratu ziren.

Ociotik gertu oso porotsuak diren kareharrizko arrokak ikus daitezke. Kareharrizko toba izeneko haitzok duela gutxiko epoketan (duela zenbait mila urte) eratu ziren nabarmen kontinentalak ziren inguruneetan, Jugalez eta Ihuda ibaien ibilguei lotuta. Metaketa horiek hausturak dituzte azpian dauzkaten sedimentu-geruzen artean, eta geologian diskordantzia izenaz ezagutzen da fenomeno hori.

Guardiara iristerakoan bidaiariek ikusi ahal izan zuten nola baliatu ziren hareharrizko geruza horizontalak herria finkatzeko, eta nola konfigurazio geologiko horrek herria gotortzea erraztu zuen. Geruza horizontal horien, arroken gogortasun ezberdinaren eta haizearen norabide iraunkorraren baturak higadura-forma zirkular edo luzatu itxiak agertzeko eta aintziratxo naturalak sortzeko bidea eman zuen. Guardiatik gertu aintzira horietako lau nabarmentzen dira: El Prado, Carralogroño, Carravalseca eta Palomedo.
Eguneko azken geralekua El Sotilloko Trikuharrian egin zuten, bertan trikuharrien eraikuntza-faseak antzeman baitaitezke. Gainera, aro modernoan, neolitikoko monumentuok Arabako Errioxan zergatik erori ziren azaldu nahi zuten ikerlariak konturatu ziren panteoi horiek sismografo ezin hobeak direla. Gauzak horrela, jakin ahal izan dute Kristo aurreko 2.700. urte aldera inguruko megalitoak eraitsi zituen lurrikara bat gertatu zela, ziurrenik Iruñeko Failaren jardueraren ondorioz.

Geolodiak egitearen garrantzia
Geolodien helburua Geologia bera eta geologoen lanbidea gizarteari hurbiltzea da. Geologoen gidaritzapean edozein motatako publikoarentzat egiten diren doako landa-ibilaldiak dira. Ingurune geologiko interesgarrietan dauden tokietan egiten dira eta dibulgaziozko informazio zehatza ematen da txangootan. Bisitatutako tokiak "geologo-begiz" ikusteko aukera ematen dute, eta ezinbesteko ditugun baliabide naturalak ematen dizkigun eta bizitoki dugun Lurrak nola funtzionatzen duen pixka bat ikustea ahalbidetzen dute. Herritarrak gure ondare geologikoa babestearen garrantziaz eta beharraz ohartarazteko modua ere bada.

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa